Topaketa Sindikalak 2023

“Bagoaz sindikatua berritu eta antirrazista bilakatzera”. Lehen Topaketa sindikalak egin zituen LAB sindikatuak Oiartzunen

200 militante elkartu zituen Landetxe aretoan, egun osoko saioan

Oiartzungo Landetxe aretoan egin zituen LABek bere lehen Topaketa sindikalak, urriaren 5ean, Euskal Herri osoko 200 kideren partehartzearekin. Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak egin zuen aurkezpen hitzartzea, asmoa topaketak urtero egitea dela zehaztuz, sindikatuaren berrikuntza eta birpentsatze ariketa iraunkortu eta hauspotzeko. [Bir]pentsatzen prozesu guztian bezala, Ipar Hegoa fundazioa sindikatuaren bidelagun da Topaketa Sindikal hauen antolakuntzan.

Arroyoren hitzetan, “egiteko beste modu bat” izan du LABek bere hasieratik. Beste sindikatuak negoziazio kolektibora mugatzen ziren bitartean, planteamendu soziopolitikoa egin baitzuen. “Korrontearen kontra hazi den sindikatua izan da LAB, besteek eskura izan duten ondare sindikalik gabe”, zehaztu zuen koordinatzaile orokorrak.

Sindikatu berritzailetzat jo zuen Arroyok LAB, (Bir)pentsatzen prozesua aipatuz: “Nolabaiteko laboratorioa izan da LAB, teoria ezezik praktikan ere berrikuntza ekarri duena”.

Ezkerretik eskuinera; Marra Junior, Iñigo Alonso eta Lucia Mbomio.

“Sindikalismo antirrazista baterantz” izenburupean egin zen goizeko atala, sindikatua antirrazismoaz blaitu eta antirrazista bilakatzeko bidearen baitan (Idazkaritza Antirrazistaren sorrera eta Plan Antirrazistaren onarpena).

Iñigo Alonsok aurkeztu zuen lehen mahaia, “Pribilegioak deseraikitzea intersubjektibitate antirrazista sindikal berri baterako” izenburua izan zuena. Bi izan ziren gonbidatuak, Alcorcondik etorritakoa lehena, Lucia Mbomio kazetari eta ekintzailea, eta Bilbotik bigarrena, Marra Junior, Bilboko Mugimendu Panafrikarreko kidea, militante antirrazista eta CNAEko kide (Euskal Herriko komunitate beltz eta afrikarra).

Lucia Mbomioren hitzetan, arrazakeria aurreritzia eta boterearen arteko batura da. Arraza arrazakeriaren ondoren dator, eta ez alderantziz. Arrazakeriaren inguruko ikuspegi historikoa eman zuen, arraza terminoa lehen aldiz 1438an erabili zela zehaztuz. Kontzeptua oso lotuta dago klasearekin, horrela, garai bakoitzean bide espezifikoak erabili izan dira beltzen esklabutza betikotzeko.

“Merezi ez diren aktiboen pakete” moduan definitu zuen pribilejio zuria, Peggy Macintosh-en definizioa gogoraraziz eta arrazakeriak bizitzaren esparru guztietan duen eraginak zerrendatu zituen.

Marra Junior-ek, bere aldetik, migranteekin lan egiten duten elkarteen eta sindikatuen arteko harremanaz aritu zen, lan sozial eta sindikalaren arteko uztarketaz. Egoera irregularrean dauden langileen zailtasunak aipatu zuen, bidelaguntzarekiko deskonfidantza sor dezaketen egoerekin kontuz ibili behar dugula ohartaraziz. Gainera, laneko egoera gogorrek ondorio emozional gogorrak eragiten dizkiete langileei: askotan ez dute salaketarik egin nahi, etsipenean erortzeko arriskua, eskubideen aldeko borrokarik ezin irabaztearen sentimendua…

Honen aurrean, elkarri entzuteko espazioen sorrera garrantzitsutzat jo zuen, langileen konfidantza indartzeko. Prozesu geldoak aldarrikatu zituen, pertsonen ezaugarrien araberakoak, paternalismorik gabe eta errespetuz eta gertutasunez egindakoak.

Amaitzeko, sindikatu eta migranteen kolektiboen arteko aliantzak aldarrikatu zituen, azken hauetan migranteak seguruago sentitzen baitira.

Pastora Filigrana: "Sindikalismo antirrazista egunerokotasunean egiten da, ez dago horretarako eskulibururik"

Praktika kolektiboa eta ekintza sindikal antirrazista

Bizkotxo, kafe eta infusioz bustitutako atsedenaldiaren ondoren etorri zen goizeko bigarren blokea, marko teorikoa landu ondorengo “lurreratzea”.

Maddalen Doradorrek aurkeztu zituen bi hizlariak. Pastora Filigrana abokatu, sindikalista, feminista eta ijitoa izan zen hitza hartzen lehena. Oiartzungoa ez zen Filigrana LABeko saio batean egoten zen lehen aldia, 2021ean ere parte hartu baitzuen sindikatuak antolatutako prestakuntza saio batean.

Bere hitzetan, lana antolatzeko dispositibo bat da arrazismoa, helburu ekonomikoa duena, aberastasuna nola banatu arraza eta generoaren arabera. Horrela, arrazializazioaren araberako lan-segregazioa dago, lanik okerrenak langile arrazializatuei (“zuritasunetik gehien aldentzen direnei”) esleitzen zaizkielarik. Kapitalak lan-esku merkea eta otzana behar du, eta horretarako, Atzerritar Legea bezalako dispositiboak baliatzen ditu.

Sindikalismo antirrazista egunerokotasunean egiten dela zehaztu zuen, ez dagoela horretarako eskulibururik. Sindikalismo honek soziala izan behar zuela ere aipatu zuen, lan harremanaz harago doana eta oinarrizko elkar laguntzan oinarritua.

Bere hitzetan, kontua izango litzateke ekintza sindikala lan sektore arrazializatu eta prekarizatuetan egitea, ez horrenbeste langile arrazializatuekin.

Maddalen Dorador eta Pastora filigrana oholtzan; Valery Alzagak, Washingtonetik hitz egin zigun

Valery Alzaga izan zen goizeko azken gonbidatua, bideokonferentzia bidez parte hartu zuena Washingtonetik. “Gringolandian hazitako mexikar” bezala aurkeztu zuen bere burua, eta “Garbiketako langileentzako justizia” paperik gabeko langileekin egindako dinamikan ikasitakoak azaldu zituen.

Borrokak antolatzeko estrategiak izan zituen hizpide, kanpaina bat planifikatzeko proposamenak eginez: helburuak definitu, enplegatzaile eta bezero klabeak identifikatu, abantaila estrategikoak zehaztu (non jo), langileen gaitasunak zehaztu…

Langileen aldarrikapenekin %100ean ez daudenekin sor litezkeen aliantzak baliatu beharraz ere aritu zen, protestak ekintzaren osagai direla zehaztuz, eta ez ekintza osoa.

Bestalde, sindikalismo indibidualista eta kolektiboa bereiztu zituen. Lehenean, langileen ordezkariak langileen kexa indibidualak kudeatzen ditu eta ordezkaritza eta zerbitzua dira gakoak. Bigarrenean, estrategia kolektiboa da eta boterea duenarenagana jotzen du, botere kolektiboa eta indar soziala baliatuz.

Alzagaren hitzetan, antolatzea lidergoak elikatzea da, estrategia osatzea, finean, boterea egitea. Patronalak egingo duenari aurrea hartu behar zaio. “Edozein kanpaina irabazteko gakoa da nagusi edo patroiaren estrategien aurrean aurreratzea”.

Beheranzko batzordeen alde egin zuen. Lehenik, egiturak sortu eta aktibatu behar zirela aipatuz, eta ondoren, bataila hasi. “Batailari ekiten badiozu, eman, eman eta eman egin behar duzu, irabazi arte!” adierazi zuen.

Galdera eta hausnarketetarako tartearen ondoren, Txefi Roco Idazkari antirrazistak itxi zuen goizeko saioa, orain arteko bidearen garrantzia azpimarratuz, bidelagun izan direnen ekarpena eskertuz eta langile migratu eta arrazializatuekiko “zor koloniala” mahaigaineratuz.

Txefi Roco, idazkaritza antiarrazitako arduraduna

Arratsaldeko tailerrak

Kalean egindako bazkari herrikoiaren ondoren iritsi ziren arratsaldeko tailerrak. Horrela, 4 lan-taldetan elkartu ziren bertaratutakoak, ekintza sindikala birpentsatu eta berritzeko helburuarekin.

Lau izan ziren aukeratutako gaiak: krisi ekosozialari lantokietatik aurre eginez, Greba Feminista Orokorra, ekintza sindikalareko borroka moldeen eguneraketa eta borroka sindikalen komunikazio estrategia.

Oiartzungo plazan, topaketen talde-argazkia eta brindisarekin eman zitzaien amaiera Topaketei. Amaiera biribila etengabeko aldaketan eta berrikuntzan murgilduta dagoen sindikatuak antolatutako saioari.

Topaketa Sindikalak 2023
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Leer más