“Kapitalismoaren eta inperialismoaren krisia. Egoeraren azterketa, Europan eta munduan”

Ipar Hegoa Fundazioak eta LAB sindikatuak JAMES PETRAS eta LUCIANO VASAPOLLO izango ditugu gurekin Bilbon eta Iruñean, maiatzaren 17tik 20ra bitartean ospatuko den “Kapitalismoaren eta inperialismoaren krisia. Egoeraren azterketa, Europan eta munduan” hitzaldi zikloan.

Helburu nagusia izango da kapitalismoaren eta inperialismoaren oraingo krisiaren kausak eta ondorioak aztertzea, mundu mailan; horrekin batera, ezker eraldatzaileak mundu mailan izan ditzakeen alternatibak ere jorratuko dira, Europako egoerari arreta berezia eskainiz. Izan ere, oraingo krisi sistemikoak erronka eta zeregin berriak planteatzen dizkigu sindikatuoi eta ezkerreko mugimenduoi; analisi eta praxi politikoan asmatzeko dugun gaitasunaren mende egongo da, neurri handi batean, oraingo sistema kapitalistari aurre egiteko alternatiba erreal eta erradikal bat ezkerretik –sozialismotik- eraikitzeko ahalmena.

Mundua mundu mailako krisi kapitalista baten ondorioak pairatzen ari da. Sistema kapitalista osoaren krisi integral bat da; krisi ekonomikoa, soziala, politikoa, energetikoa, ingurumenekoa, eta abar. Horrenbestez, inperialismoaren krisia ere bada, zeren gatazka ugari bultzatzen ari baita mundu osoan, bere hegemonia datozen hamarkadotan finkatzeko eta segurtatzeko xedez.

Paradoxikoa bada ere, sistema kapitalistaren kudeatzaileek eta beraren zerbitzuan diharduten elite politiko eta ekonomikoek oraingo krisia erabili nahi dute, eta erabiltzen saiatzen ari dira, eredu kapitalista bidegabe eta eutsiezina sakontzen saiatzeko. Alde horretatik, langile-klasea eta Europako herriok bertatik bertara pairatzen ari gara Troikaren (EBZ, Europako Batzordea eta NDF) eta gobernu eskuindar eta sozialdemokraten politiken ondorioak: murrizketa sozialak, sektore publikoaren deuseztapena, irakaskuntza eta hezkuntzaren pribatizazioa, erretiro-adinaren atzerapena, lan-eskubideen eta eskubide sindikalen murrizketa, kaleratze merkeagoak, eta, oro har, gizartearen sektore gero eta handiagoen pobretze-prozesua.

Testuinguru horretan, espainiar eta frantziar Estatuek ezartzen dizkiguten murrizketen aurrean, Euskal Herriak beharrezkoa du gure erabakitzeko eskubidea bermatzen duen aldaketa politiko bat; izan ere, aldaketa horrek beharrezkoa den aldaketa soziala ere ekarriko du berekin, pertsonak kapitalaren gainetik jartzeko, sektore publikoaren protagonismoa indartzeko eta oinarrizko eskubideak gauzatzeko bidea bermatzeko: elikadura, etxebizitza, hezkuntza eta osasuna, besteak beste. Helburu horiei begira kokatzen dira Euskal Herrian garatzen ari garen borroka ugariak, hala nola LABek euskal gehiengo sindikalarekin eta mugimendu sozialekin batera 2013ko maiatzaren 30erako deitutako greba orokorrean parte hartzeko deia.

Horregatik guztiagatik, eta gonbidatutako hizlarien ekarpenak kalitate handikoak izango direla sinetsita, parte hartzera animatzen zaituztegu, Euskal Herrian izango duten presentziak eskaintzen digun aukeraz baliatuz.

“Kapitalismoaren eta inperialismoaren krisia. Egoeraren azterketa, Europan eta munduan”
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri