Imanol Karrera Turrillo

Hemen lan eta bizi, berton erabaki

Imanol Karrera Turrillo Imanol Karrera Turrillo (Antsoain, 1988) Zuzenbide ikasketak egin zituen. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langileen ordezkaria izan da, eta une honetan, LAB sindikatuko Nafarroako bozeramailea.
 
 

LAB sindikatua, beste eragile sozial eta sindikal batzuekin batera, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako partaidea da. Karta honek, bere sorreratik, helburu bikoitza izan du:

 

  • Larrialdi sozial eta nazionalaren egoerari aurre egitea. Izan ere, Kartaren ataletako batean diogunez, “Euskal Herriko gehiengo sozialak ezin du jarraitu erabakitzeko gure eskubidea baldintzatzen eta mugatzen duten politikak jasaten; dekretuz-dekretu taxututako politika hauek honako ondorioak dituzte: desberdinkeria, langabezia, pobretzea, pribatizazioak, gazteentzako etorkizunik eza, genero diskriminazioa, euskaraz bizitzeko galarazpena, ingurumenaren heriotza, arrazismoa eta zerbitzu publikoen suntsipena; hori guztia, ahazturik herriak ez direla legeentzat sortu, legeak herrientzat baizik”
  • Eta eredu sozioekonomiko propioa eratzeko. Bestelako politika ekonomiko batzuk ezinbestekoak dira, pertsonen mesedetan eta ez merkatuen faboretan egingo direnak. Horretan sinesten dugu eta konbentzimendu osoa daukagu. Hartzen ari diren neurriek gaur egungo estatusari eustea daukate helburutzat; eta ondorioz, herri moduan erabakiak hartzeko ahalmenaz desjabetzen gaituzte eta langile moduan etengabean pobretzen gaituzte.

“Egungo ereduan duintasunez bizitzeko diru sarrera nahikoak bermatuko dizkiguten enplegu zein prestazio sozialak ukatzen zaizkigu”

Pobretzen gaituzte, bai. Gaur egungo ereduan duintasunez bizitzeko diru sarrera nahikoak bermatuko dizkiguten enplegu zein prestazio sozialak ukatzen zaizkigu, zertarako eta akziodunen mozkinak handitzeko. Soldata murrizketak, lan baldintzen okertzea, langabezia masiboa, prekarietatea eta bazterkeria… hauek guztiak lan kostoak murrizteko bitartekoak dira, sasi-esklabutza egoerara hurbiltzen gaituztenak.

Honen ildotik, Iruñean burutuko dugun oraingo Alternatiben Herrian zera landu eta aldarrikatu behar dugu, ezin dela politika ekonomikoa aldatu, lan harreman eta babes sozial eredua aldatzen ez badugu. Horregatik, ezinbestekoa da ekinbide politiko eta instituzionalaren agendan bestelako lan harreman eta babes sozial eredu bat kokatzea: kalitateko enpleguaren sorrera bermatuko duen eredua, aberastasunaren eta lanaren banaketa efektiboa ekarriko duen eredua, pertsona guztiei bizi baldintza duinak bermatuko dizkien prestazio sozialak eta zerbitzu publiko unibertsalak ezarriko dituen eredua.

“Zera landu eta aldarrikatu behar dugu, ezin dela politika ekonomikoa aldatu, lan harreman eta babes sozial eredua aldatzen ez badugu”

Neurri hauek ezinbestez hartu behar dira, hazkunde ekonomiko eredu iraunkor eta jasangarria, herritar guztientzat justu eta onuragarria izango dena, sortu nahi badugu. Baina honetarako burujabetza premiazkoa da. Nafarroako Parlamentuak azken hiru urteotan onartu dituen 19 lege deuseztatu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Eta lege hauetako gehienek arlo sozialean zeukaten eragina. Hauxe da Espainiako gobernuak Nafarrorako aplikatzen duen 155. artikuluaren bertsioa: lan, bizimodu eta herri duintasunaren aldeko erabakiak hartzea debekatzen digute. Baina, honetaz gain, elite ekonomikoek inposatu zuten 135. artikuluaren ezarpena ere pairatzen ari gara; hau da, zorra ordaindu beharra beste edozeren gainetik. Kasurik eta lazgarriena Nafarroan hauxe izan da: konbenio ekonomikoaz 250 milioi baino gehiago berreskuratu ahal izan ditugula eta Estatutik debekatzen zaigula diru hori inbertsio sozialera bideratzea.

“Nafarroako Parlamentuak azken hiru urteotan onartu dituen 19 lege deuseztatu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Eta lege hauetako gehienek arlo sozialean zeukaten eragina”

Hau guztiz onartezina da. Ekainaren 2an Iruñean argi uztiko dugu kapitalismoari alternatiba egon badagoela eta alternatiba hau erdiesteko modu bakarra burujabetza osoa eta erabakitzeko ahalmen osoa eskuratzea dela.

Imanol Karrera Turrillo
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri