Uzuri Aboitiz Hidalgo

Burujabetza Feminista: eguneroko apustu

Uzuri alboitiz hidalgo Uzuri Aboitiz Hidalgo (Lekeitio, 1984) une honetan Doktoratu-aurreko ikertzailea da Gizarte Antropologian (Universitat de Barcelonan), baita Bilgune Feministako kide ere. Ekonomia feministaren inguruko saioak lantzen ditugu Emaginekin batera.
 
 

Zertarako nahi dugu burujabetza, egunerokoan ondo bizitzeko ez bada? Zer da, baina, gaur egun burujabe izatea? Eta ondo bizitzea? Zer nolako burujabetza beharko genuke hortarako? Eta batez ere lorgarria ote da egungo testuinguruan? Galdera hauei tiraka, burujabetza kokatzeko eta haren esanahia berritzeko ahalegina egin dugu Bilgune Feministan1. Bertatik, apustu politiko bat proposatzera gatoz: gure bizi baldintzak eraldatzeko gaitasuna izango duen burujabetza garatzea. Botere transnazionala gailentzen den honetan, sistemaren beste antolaketa bateranzko aldaketa artikulatu behar duen  marko komuna izan daitekeela uste dugu Burujabetza Feminista.  

Hamar urte igaro dira finantzen lehertzea gertatu zenetik eta metatze prozesuak berrezartzeko egiturazko prozesuak hasi zirenetik. Ordundik botere korporatiboak gure bizitzen gero eta dimentsio gehiago gobernatzeko ahaleginak egin ditu, betiere eremu horiek errentagarri bazaizkio. Merkataritzaren eta inbertsioen arloko itun berriak dira inpunitate osoz jokatzeko duten ingieneria juridikoa. Gure bizitzen merkantilizazioa orain arte pentsaezina zitzaigun mailara eraman dute. Funtsean, prezioa jarri diete haziei, sabelei edota zahartzaro duinei. Eta nahikoa ez balitz, munduaren antolaketa kolonialistan sakondu dute,  herrialdeei erabakitze ahalmenena desjabetuta eta lurraldeen arteko ezberdinkerietan sakonduta.

“Sistemaren beste antolaketa bateranzko aldaketa artikulatu behar duen marko komuna izan daitekeela uste dugu Burujabetza Feminista”

Bizitzaren merkantilizazio horren ondorioz, gizarte sektore askori gero eta zailagoa zaigu bizibideak modu iraunkorrean eskuratzea. Azterketa feminista batetik ikusten duguna zera da: bizitzak sostengatzeko ardura feminizatu egin da, ez ondorio moduan, baizik eta kapitala hedatzen jarraitzeko estrategia politiko-ekonomiko gisa. Krisiarekin genero ardura naturalizatuetan sakondu da, eta, berriz ere, familiaren eta konkretuki emakumeen esku geratzen ari da biziraupenaren ardura. Beste era batera esanda, eredu ekonomiko hau hedatzen jarraitu ahal izateko, genero desberdinkerian sakondu da, esfera subalterno eta inbizibilizatuak garatuz. Funtsean, sistema hau kapitalista eta heteropatriarkala dela agerian utziz.

 

Kapitala hedatzeko ahalegina eta esfera subalternoen sakontzeak edo okertzeak kontraesankorrak dirudite, baina horien arteko artikulazioan datza sistema honen erreprodukzio gaitasuna. Kapitalistek beren irabaziak handitzeko egiten dutenaren, eta herritarrok bizirauteko egiten dugunaren arteko artikulazioan hain zuzen. Haatik, ezinbestekoa zaigu konturatzea bizitza ez dugula aurrera ateratzen lana/kapitala harremanen bidez soilik. Jendartearen ardatz material eta ideologikoa kapitalaren logikak zehazten badu ere, jendea era askotara moldatzen da bizitzeko. Hau da gure proposamena: bizitzeko egiten ditugun jarduerak, produkziotik eta hortik eratorritako harremanetatik harago daude. Horregatik, begirada zabaldu behar dugu. Azken batean, posizio produktibo eta erreproduktiboen artikulazioa da guk sistema kapitalista batean klasetzat jotzen duguna.2

“Posizio produktibo eta erreproduktiboen artikulazioa da guk sistema kapitalista batean klasetzat jotzen duguna”

Guzti horrek eragin du ziurgabetasun erradikalaren sentipena areagotzea. Garai honetan enplegua ez da kolokan dagoen aspektu bakarra. Noiz arte ahalko dugu 30 metro karratuko pisu honen alokairua ordaindu? Noiz arte izango dira elikagaiak osasuntsuak? Noiz arte bizi ahalko naiz herrialde honetan? Noiz arte iraungo dute pentsioek? Etorkizuna desagertu da eta berarekin aurrerabidearen ametsa. Bizi-proiektu bat amesteko, erabakitzeko eta zehazteko ezintasuna orokortzen ari da. Eta zer da ba ekonomia bizitza bat proiektatzea ez bada?  Gure bizitzen gaineko kontrola galdu dugu aspektu askotan. Jendarteko gero eta sektore gehiagok bizi dugu bizitzeko beharrezkoak ditugun errekurtsoak lortzeko egiturazko segurtasun eza. Errekurtso horiek eskura izanda ere, ez dakigu aurrerantzean izango ditugun ala ez, ezta zenbat denboraz ere. Eta hori gutxi balitz bezala, eskuratze hori ez dago gure esku; ezta bizitza zaurgarriak sostengatzeko, ardura kolektibo saretu eta ehundua ere. Egoera honetan, edozein delarik ere proposamen eraldatzailea, bizitza sostengatzen duten prozesu ekonomikoak era artikulatuan borrokatu beharko ditu,  produkzioaren eta erreprodukzioaren arloko zapalkuntzak ezin direlako bakoitza bere aldetik konpondu.

 

Burujabetza Feminista

Bada, orain, ez bada, noiz? Kapitalismoaren ziklo baten amaieran gaude. Eta ate joka dugun sistemak klase hierarkia arrazistetan eta patriarkaletan sakonduko du. Botere transnazionalek eta bere mesedetara jokatzen duten instituzioek, gure bizitzen gaineko geroz eta erabaki ahalmen handiagoa duten honetan, beste norantzan mugituko diren proposamenak behar ditugu.

Bide honetan, Burujabetza Feministaren proposamena ehundu dugu. Berau gure bizitzen gainean erabakitzeko gaitasunen zein askatasun esparruen berreskurapen prozesu moduan irudikatzen dugu. Burujabetza Feministak halaber, bizitzak sostengatzeko ardura kolektiboa eraikitzeko prozesua izan behar du.

Eta nola egingo dugu hau? Bada, dagoeneko baditugu zenbait susmo.

 

“Eta zer da ba ekonomia bizitza bat proiektatzea ez bada?”

 

  • Eguneroko bizitzatik duintasun kolektiboaren atalase berriak ezarri: Aspaldi erabaki genuen ez ginela garaipenaren egunaren zain egongo. Egunerokoan jarriko genituela indarrak. Bizitza bada jokoan dagoena, berau defendatuko genuela. Hain zuzen ere, bizitzaren aldeko apustu erradikala egitea ez delako letra larriz idatzitako bizitza aldarrikatzea; baizik eta bizitza duinaren mugen inguruan posizio bat hartzea da. Hau da, ez diguzue abortatzeko eskubidea kenduko, auzokide hauek ez dituzue kaleratuko, zerbitzu hori ez duzue pribatizatuko. Bizi baldintzen okertze orokortua normalizatzen ari garen honetan, feministok eguneroko jardunean jarri dugu arreta: argindarraren faktura puztuan, iristen ez diren bizileku baimenetan, bortxatzen gaituen senar maitean, edo bi hilabeterako enpleguan.

    Hortaz, burujabetza, eguneroko bizitzatik bertatik borrokatzen eta eraikitzen den prozesu moduan irudikatzen dugu, eta, beraz, egunerokotasuneko gauza arruntenetan gauzatzen da: gure gorputzaz erabakitzeko eskubidean, denboraren banaketan, elkarbizitza ereduetan, edota lanen antolakuntzan. Azken finean, norberaren zaurgarritasunaz behin jabetuta, duintasun kolektiboaren atalase berriak ezartzeko prozesua izan behar da Burujabetza Feminista.3

    Tamalez, gure desirak eta beharrak kapitalismoari lotuta daude, berau sistema ekonomiko bat izateaz gain, bizimodu eta iruditegi kultural oso bat da. Abya Yalako feminista komunitarioek dioten bezala, presazkoa da sistema ekonomiko neoliberalaren balioak eta arrazionaltasuna gure gorputzetatik erauztea eta eskubideen edota ongizatearen bestelako adierak eraikitzea.

  • Propioa eta kolektiboa, elkarrekikotasuna landu: Hortaz, burujabetza prozesuak ez dio soilik lurraldeari erreferentzia egiten. Guretzat, burujabetza prozesu indibidual eta kolektibo bat da. Gorputzetik pasatzen den burujabetza bat da, gure buruaren jabe izateaz ari garelako. Burujabe izatea gure gorputz eta harreman sexu-afektiboen jabe izatea ere badelako, osasuntsu egoteko bideak jorratzeko aukera izatea ere badelako, norbere kabuz erabakitzeko ahalmena ere badelako. Hala ere, bizitza ez dugu guk bakarrik aurrera ateratzen, bizitzak aurrera egin ahal izateko ezinbestekoak ditu harreman sozial eta ekologiko jakin batzuk. Horregatik, burujabetzak mugak ere baditu. Buruaskitasunaren engainutik urrundu eta elkarrekikotasunean eta aniztasunaren aitortzan sakonduko duen prozesua izan behar da.

    Ondorioz, eraiki nahi dugun burujabetza hori kolektiboa ere izan behar da, erreprodukzio soziala ahalbidetu behar baitu. Gure ikuspegitik, burujabetza lurraldean sustraitzen den prozesu bat da, lurraldea baita bizitzaren eta gure harremanen ingurunerik hurbilena, baina, baita gure memoria kolektiboarena eta gure historiarena ere. Burujabetzarako prozesu indibidualek kolektiboki burujabe izatera iristeko balio behar digute.

 

  • Merkatutik eratorriko ez den herritartasuna garatu: Burujabetza prozesu eraldatzailea izateko, ezin dezakegu enpleguan kokatu herritartasunerako, baliabideetarako eta eskubideetarako sarbidea. Honekin batera, eskubideen subjektu titular berri bat asmatu behar dugu, ez duena familia nuklearra ezta norbanako autosufizientea eskubideen onuradun izango. Hori horrela, gure apustua hau da: elkarren arteko harremanak dituzten pertsonak eskubideen subjektu bihurtzea. Norabide horretan, adiskidetasunaren aitorpen instituzionala izan liteke proposamen zehatz bat4. Pertsonok ezartzen ditugun eta familia nuklearretik harago hedatzen diren babes, elkarrekikotasun eta elkarlaguntza harremanak eskubideen subjektu gisa onartu behar dira.

  • Bizitzaren erreprodukzioa bere gain hartuko duten instituzio soziekonomikoak eraiki: Gure bizitza propio eta kolektiboen gainean erabakitzeko ahalmena eta ardura kolektiboa hauspotu nahi baditugu, guztiz premiazkoa zaigu bizitzaren erreprodukzio bideak berreskuratzea. Izan ere, kapitalarekiko harreman esplotatzaileak ez dira oinarrian sortzen pertsonak ekoizpen bideen jabe ez garelako, gure bizibideek ez dutelako bizitza erreproduzitzeko aukera ematen baizik. Horregatik, kapitalaren ekoizpen bideak bizitza kolektiboa erreproduzitzeko bide bihur daitezen lortu behar dugu. Ekonomiaren helburua gizarte osoaren beharrak asetzea izan behar da, ongizate kolektiboa bilatzea, eta ez kapitala metatzea. Horretarako, instituzio soziekonomiko berriak behar ditugu, estatutik hasi eta familiaraino.

  • Politikoaren mugak zabaldu: Burujabetza Feminista ez da instituzioetan botere kuota xume bat edukitzea. Boterea feminismotik pentsatzeak esan nahi du subjektu subalternook subjektu politiko eta gure bizitzen aldaketaren protagonista bilakatu behar garela. Eta hori autoantolakuntza feministaren bidez lortzen da. Zentzu horretan, burujabetza bizitzatik antolatzeak borroka bera demokratizatzera eraman gaitu, guztiok subjektu politiko bihurtuz eta bizitzako espazio eta dimentsio guztiak erresistentzia eremu bilakatuz: espazio kolektiboak nahiz intimoak; fabrikak eta etxeak; ugazaba-langile harremanak nahiz gurasotasun, laguntasun zein sexu edo maitasun harremanak… Finean, ulertu behar dugu bizitza dela gure gudu-zelai. Azken muturreraino eraman behar dugu feminismoetatik aspalditik esaten ari garena, hau da, pertsonala politikoa dela.

 

Baina, gainera, boterea feminismotik pentsatzeak esan nahi du instituzioek, alderdiek, sindikatuek zein gizarte mugimenduek mintzakide politiko gisa aitortu behar dutela mugimendu feminista. Hasiera-hasieratik horixe izan da mugimendu feministaren erronka nagusietako bat: mugimendua bera aitortzea emakumeon interesak eta eskubideak defendatzen dituen eragile nagusi gisa.

 

 


 

Oharrak:

1 Nire esker ona adierazi nahi diet Bilgune Feministako kide diren Amaia Zufiari eta Saioa Iraolari, euren konfiantzagatik eta iruzkinengatik. Bilgune Feministako kideen ahotsak hemen jasota egotea espero dut, azken batean beraiek izan baitira proposamen politikoaren egileak.

2 Besteak beste, klasearen kontzeptualizazio hori honako testu honetan aurki daiteke: Susana Narotzky (2004).Antropología Económica nuevas tendencias. Melusina. Bartzelona. 303-304 or.

3 Espai en Blanc kolektiboak sakonki birpentsatu du bizitzaren eta politikaren arteko erlazioa: Espai en Blanc (2006) Vida y Política.Materiales para la subversión de la vida. Bellaterra. 1-2 zk. Berriki, bertako kide batek bizitza, ezagutza eta politikaren arteko harremanean sakondu du: Garcés, Marina (2017) Nueva Ilustración radical. Anagrama. Bartzelona.

4 Proposamen hori Mari Luz Estebani entzun nion lehenbiziko aldiz, 2016ko martxoaren 19an, emakumeen ahalduntzerako Etxelila etxean (Ondarru) egin zen “Adiskidetasuna eta elkarlaguntza” tailerrean.

Uzuri Aboitiz Hidalgo
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri