Panpi Olaizola

“Argi daukagu azken hamarkadetan garatu den laborantza industrialak ez duela gerorik”

panpi olaizola Panpi Olaizola (Baiona, 1980) mendi-gidaria eta laboraria da, baita Ezpeletako biper ekoizleen elkarteko lehendakariordea ere. Horrez gain, egun Euskal Herriko Laborantza Ganbarako bulegokidea ere bada. .
 
 

 

Labur batean, nondik dator Laborantza Ganbara? Zeintzuk izan dira bere inflexio-puntu nagusiak?

Euskal Herriko Laborantza Ganbara 80 hamarkadan sortu ELB (Euskal Laborarien Batasuna) sindikatuaren borrokaren ondorioa da. Garai hortan, Euskal Herriko laborari militante batzuk orduko sindikatu bakarretik (FNSEA) ateratzea erabaki zuten, gure lurraldeari egokia zen laborantza baten defenditzeko. Borroka asko izan dira eta horietarik bat, Euskal Herriko Laborantza Ganbara baten eskakizuna izan da. Frantses estatuak ez du inoiz onartu holako egituraren sortzea, eta ondorioz, erabaki zen gure esku hartzea ganbararen sortzea. Ganbara ofiziala ez izan arren, elkarte modukoa sortu zen 2005ean. Frantses estatua eta Paueko Laborantza Ganbara 5 urtez saiatu dira egitura berri honen geldiaraztea auzien bidez, bainan denak galdu zituzten. Aurten gure 13. urtebetetzea ospatu dugu eta 19 langile ari dira helburu desberdinen aitzinarazten.

“Laborantza iraunkorrari oztopo nagusi bat ikusten diot: laborantza industrialaren eta bere agintarien presioa”

 

Ze oztopo ditu egun laborantza iraunkorrak? Ze tresna ditu Laborantza Ganbarak horiei aurre egiteko?

Laborantza iraunkorrari oztopo nagusi bat ikusten diot: laborantza industrialaren  eta bere agintarien presioa, bere sirena distiratsuekin, bere gezurrekin. Aldiz, oztopoen gainetik, jendartearen eskakizuna hor dago, ildoaren idekitzeko, geroaren erronka berrien erakusteko. Argi daukagu azken hamarkadetan garatu den laborantza industrialak ez duela gerorik. Osagarrirako arriskuak dituen elikagaiak sortzen ditu, ingurumena kutsatzen du, laboraria zentral batzuen esklabo bilakarazten du…

Laborantza Ganbarak bere biltzar nagusian, laborarietaz gain, kontsumitzaile elkartetako ordezkariak sartu ditu, sindikatuetakoak, ingurumen elkartetakoak… Jendartearen ikusmoldea kondutan hartu nahi dugu gure norabideen finkatzeko unean. Segur gaude horrela dugula burujabetasunaren bidea hartuko. Laborantza iraunkorraren aurrera eramateko, ekonomikoki, sozialki, ingurumen aldetik egokiena  dela erakusten saiatzen gira.

 

“Jarraitzen dugu gazteen instalazioa eta etxaldeen transmisioa laguntzen, hau baita erronka zentrala, bihar laborantza bizirik ikusi nahi badugu”

Ze proiektu eta lan lerro dituzue une honetan esku artean?

Une honetan, jarraitzen dugu gazteen instalazioa eta etxaldeen transmisioa laguntzen, hau baita erronka zentrala, bihar laborantza bizirik ikusi nahi badugu. Bestalde, kalitatezko sail desberdinak garatzen ditugu, lurraren lantzeko teknika jasangarriak ezagutarazten, agro-oihangintza berriro sarrarazten etxaldetan…

Azken hilabeteetan, pasa den urtean sortu Euskal Elkargoarekin ari gira gogoetan. Gure lurraldea bere osotasunean estaltzen erakunde hori tresna egokia iduritzen zaigu, lurralde hortako laborantza norabideak hartzeko eta hemengo desmartxen garatzeko.

 

“Jendartearekin harreman sendoa izanez, hautu onak eginen dira”

Ipar Euskal Herrian lehen sektoreak pisu handia izan du betidanik. Ze eragin du horrek lurralde antolaketan eta jendartean? Ze etorkizun aurreikusten duzue?

Lurralde antolaketa mailan, zoritxarrez, azken bi belaunaldietan ez da kondutan hartu laborantza lurrak behar-beharrezkoak zirela eta milaka hektarea galdu dira etxe edo eremu industrialen sortzeko. Halaere, gaur egun gai hori gehiago kondutan hartzen da eta udal batzuk laborantzari lurrik ez hartzeko nahikeria argia dute. Jendarte ikuspegia ere aldatzen ari da. Jendea ohartzen da herri hau gostukoa duela ere nekazaritzak gure bazterrak gisa berezian marrazten dituelako, kalitatezko produktuak ekoiztuak direlako. Etorkizunerako, horrek pisu handia izaten ahal du. 35 AMAP edo salmenta zuzeneko elkarteak sortu dira urte gutxitan eta urtero berriak sortzen dira, kontsumitzaileek laborarien instalazioak lagundu nahi baitituzte gisa batean edo bestean. Hortaz gain, erakunde batzuek ere nahi lukete tokiko janaria proposatu eskoletako haurrei, zaharretxetako adinekoei etab., horretarako laborariekin eskuz-esku lan egin behar da.

“Ezinbestekoa da, herritarren ikuspegia kondutan hartzea. Ezin dugu jendarteak nahi ez duen ekoizpena sortu”

 

Ze lotura dago herritarren eta EHLG-ren artean? Nolakoa da parte hartzea, elkarrekiko harremana… Herri babesetik jaio zen ganbara, ze garapen izan du harreman horrek?

Gorago aipatu bezala, herritarrak gure egituraren barne dira. Ezinbestekoa da, herritarren ikuspegia kondutan hartzea. Ezin dugu jendarteak nahi ez duen ekoizpena sortu. Ez luke zentzurik. Horregatik, uste dut gure laborantza aldatuko dela, pixkanaka pixkanaka, tokiko beharrei erantzuteko. Hemen oraindik fruitu oso guti ekoizten da, barazkiak eskas dira, oilaskoak… Jendartearekin harreman sendoa izanez, hautu onak eginen dira. Urtero urtarrilean ospatzen den EHLGren urtebetetzean, laborari baino beste herritarrak dira gelan nagusi. Hautetsiak ere heldu zaizkigu urtero. Jende guzi horrekin harremana atxiki behar dugu, haiekin baititugu biharko erronkak gaindituko.

“Ohartzen naiz ezin dela egun batetik bestela modelo oso bat aldatu, bainan instalazio bakoitzean gogoetatu behar da ea etxaldearen ekoizpena dibertsifikatzen ahal den ala ez”

 

Ze lotura dago zuen ustez elikadura burujabetza eta Euskal Herri burujabearen artean? Ze paper du Bide horretan EHLG-k?

Iduritzen zait, burujabetza gaian koherentzia behar dela. Edo alor guzietan lantzen da gaia, edo bide txarrean gaude. Euskal Herria ez da burujabe izanen elikagai gehienak inportatzen baldin baditu. Horregatik egokitu behar dugu gure ekoizpena eguneroko beharrei. Gai hori egunero daukat buruan. Ohartzen naiz ezin dela egun batetik bestela modelo oso bat aldatu, bainan instalazio bakoitzean gogoetatu behar da ea etxaldearen ekoizpena dibertsifikatzen ahal den ala ez. Horrela dugu gure kontsumoa berlokalizatzen ahalko. Gero eta galde gehiago dira betiko ardi edo behietaz urruntzen direnak eta benetako ainiztasun bat sortzen ari da. Bide onean gaude.

Panpi Olaizola
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri