Andoni García Arriola

MME eta Merkataritza Askeko Itunak: euren eragina Euskal Herriko nekazaritzan

andoni garcia Andoni García Arriola (Karrantza, 1962). EHNE-Bizkaiko Exekutibako kide da eta sindikatu honen izenean hartzen du parte Vía Campesina Europako Koordinazio Batzordean. Horrez gain, COAJ-en exekutibako kide ere bada, baita Ekintza Sindikaleko arduraduna eta Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialeko partaidea ere.
 
 

1992an, une horretan garatzen ari ziren GATT Negoziazio Errondei (aurrerago Munduko Merkataritza Elkarteari bide emango zioten horiexek) egokitutako lehenengo EB-ko Nekazaritza Politika Bateratua onartu zenetik, Europako, eta beraz, Euskal Herriko nekazaritzan politika neoliberaletaranzko trantsizioa hasi zen.

Negoziazio hauetan, parte hartzen zebiltzan estatuetan elikagaien ekoizpenaren balioa nazioarteko merkatuek zehaztutakoa izatea erabaki zen, ekoizpen eredu, elikadura beharrizan, elikadura-kultura zein munduko gune bakoitzean ekoizpen kostuen aldagai desberdinak aintzat hartu gabe. Horrela, elikadurak oinarrizko eskubidea izateari utzi zion, merkatuetan indartsuenak diren horientzako negozio bilakatuz.

Herrialde aberatsek euren elikadura merkatuak ireki zituzten arantzelak murriztu edo deuseztatuz, baina euren nekazaritza propioa finantzatzeko eskubidea mantendu zuten. Are gehiago, urte askotan zehar esportazioei itzulpenak (diru-laguntzak) egiten esportatu ahal izan zuten, nekazari txiki eta ertainen kontrako eta tokian tokiko elikadura merkatuen kontrako mundu mailako dumping bat eginez.

Elikadurak oinarrizko eskubidea izateari utzi zion, merkatuetan indartsuenak diren horientzako negozio bilakatuz.

Ondorioak aurreikusita zeuden: Europan, NPB-ren bidez barne-merkatuak desarautu dira, pertsona ekoizle eta kontsumitzaileen kaltetan industriari eta birbanatzaileei botere handiagoa emanez; esplotazioen tamainaren araberako laguntza zuzenen bidez bultzatu da ekoizpena; eta prezio baxuetan esportatzen jarraitu izan da diru-itzulpenek lagunduta eta pertsona ekoizleei ekoizpen kostuak ez ordaintzearen kontura. Bai Europan, bai esportazio horiek porturatzen ziren munduko edozein tokitan ere, nekazaritza sektorearen birmoldaketa izugarria eta nekazaritza eredu sozial, sostengarria eta baserritarraren suntsiketa eragin duen kanpo eta barne dumping oso bat.

Gaur egun, politika neoliberalek nekazaritza sektorearen erlojua eta esplotazioen desagerpena markatzen jarraitzen dute: 2003 urtetik 2013ra, Europan 4 milioi nekazari desagertu ziren. Ekoizpena planetako puntu jakin batzuetan pilatzea, lurren metaketa eta gehiegizko ustiapena, baliabide naturalen pribatizazioa, nekazariek berauek erabiltzeko eskubidea galtzea, lan esplotazioa, ekoizpenaren deslokalizazioa, eta guzti horren eskutik, landa eremuetako ekonomiaren galera, herriak hustea, biztanleria galera eta migrazioak politika neoliberalen eta merkataritza askeko itunen ondorio larriak dira.

Eta Euskal Herrian? Gure nekazaritza ereduak oraindik ere baserritarrak ditu oinarrian. Hori bai, ez da garatutako politiken ondorio izan, baserritarren euren beraien erresistentziaren ondorioz baizik.

Hego Euskal Herrian, esplotazio txikiak desagertzera kondetuak izan ziren gure administrazioek lehiakortasun kontzeptu faltsua baliatuta. “Lehiakortasuna” sektorea nekazaritza/abeltzaintza eredua aldatzeko presionatzeko baliatu zen, baita modernitatea ere, betiere berau garapen, produktibitatearen hazkunde, monolabore… bezala ulertuta.

Esplotazio txikiak desagertzera kondetuak izan ziren gure administrazioek lehiakortasun kontzeptu faltsua baliatuta.

Baserriek, ekoizpenean dibertsifikatuak, buruaskiak, gure herrietako ekonomiaren eragileak, eskala txikian ekoizpenaren eraldaketarako gune edo merkatu tradizionalak, urte luzetan ez dute gure administrazioen politiketan tokirik izan. Sektorearen birmoldaketa eta baserritarren galera izugarria izan da. Esne-sektorearen, adibidez, azken 20 urteetan esplotazioen %80 baino gehiago galdu da.

Agroelikadura industria eta eskala handiko ekoizpena helburu gisa kokatzeko planteamendua erabateko porrota izan zen. Ekoizpen eredu aldaketak, esplotazioen tamainak, ezin izan zuen sektorea uzten zuten baserritarren galera konpentsatu: oso argi geratzen da behi-esnearen sektorean. Gainera, purinak bezalako ingurugiro arazoak sortu zituen eta sortzen dituen ekoizpen honek nazioarteko merkatuekiko menpekotasun handiagoa eragiten du (esaterako, abereak elikatzeko sojarekikoa) eta ekoizpen kostuen eta prezioen ezegonkortasunaren ondorioz, ahuldade handiagoa.

Itun berriak: TTIP, CETA, MERCOSUR, Zelanda Berria, Mexiko, Japonia

Azken bi urteetan, Merkataritza “Askeko” Itunen Negoziazio Agenda bizkortzen zela ikusi ahal izan dugu, Europar Batasuna negoziazioak gidatzen eragile zoroa izan delarik. Presa horiekin, lasterketa horretan, Europako Batzordeak ez die EB-ko hiritarrei galdetu nahi izan, ezta negoziazioen edukien inguruan informatu ere ez, sekretuak izan baitira.

Esne-sektorearen, adibidez, azken 20 urteetan esplotazioen %80 baino gehiago galdu da.

EB eta AEB-n arteko TTIP-aren negoziazioa, une honetan Trump presidentearen aginduz geldiarazia, asko alda liteke Europar Batasunak atzera egiteko eduki dezakeen prestutasunaren arabera. Itun honek haraindikotasun handi eta larria du, nazioarteko merkatuetako bi potentzia indartsuenen arteko akordioa den heinean, mundu mailako merkataritzaren arauak zehaztuko ditu eta.

Europar Batasunak CETA itxi zuen Kanadarekin, eta dagoeneko berau aztertu edo ezer aldatzeko tarterik ez zegoenean egin zuen publiko. Europara egiten diren okela inportazioak direla eta, abeltzaintza sektorean eragin handia izango du, 55.000 Tm behi-haragi eta 75.000 Tm txerri-haragi inportatzen baitira, baina baita Kanadako ekoizpen ereduagatik ere, bertan hormonen, antiobiotikoen, OGM-en… erabilera baimenduta dagoelako. Hitzarmenak Europako araudiak bete behar direla argi uzten badu ere, ez dago halako haragairik ez sartzeko inongo bermerik.

Jatorri-deiturak ere kaltetzen ditu, Europan Batasunean existitzen diren 1564 deituretatik, 174 bakarrik sartu dira eta. Euskal Herrikoetatik ardoarenak bakarrik sartzen dira, eta horrek arazo handiak sor ditzake, sartzen ez diren deiturak (Idiazabal gazta, esaterako) Kanadan edozein industriak marka komertzial gisa erabil ditzakeelako.

Mercosur eta Europar Batasunaren arteko ituna adostekoa da abiadura hartu duen beste negoziazio bat: Batzordeak Argentina eta Brasileko gobernu-aldaketak probestu nahi ditu. Hitzarmen honen ondorioak ere, batez ere abeltzaintzan nabarituko dira. Animalien pieza zehatz batzuen 75.000 Tm behi-haragi inportatuko lirateke, 2.000.000 behi inude ingururen baliokidea. Horrek izugarrizko inpaktua edukiko du Europako abentzaintza estentsiboarengan, eta oso modu agerikoan Euskal Herrikoarengan.

Ekoizpen eredu aldaketak, esplotazioen tamainak, ezin izan zuen sektorea uzten zuten baserritarren galera konpentsatu.

Itun berri hauek politika neoliberaletan sakontzen dute, edozein erregulazio ezabatu nahirik, merkatuak edo negoziazioen atzean dauden elite ekonomikoen mozkin ekonomikoen pilaketa oztopatu ahal dituen eskubide oinarrizkoenak barne.

Nekazaritza eta elikaduran, adibidez, orain arte EB-n debekatutako hormonengandik, transgenikoengandik, antibotikoengandik eta pestizida askorengandik babestu gaituzten arreta printzipioa edo osasun/higiene araudiak deuseztatuko lirateke, baita animalien ongizatea eta ingurugiroa babesteko araudiak ere. Hauek denak elkarrekin nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrialak Europan aurrera egitea ekidin duten nolabaiteko hesiak izan dira.

Itun hauek Euskal Herriko nekazaritzan dituzten ondorioak larriak dira nekazaritzaz, elikaduraz, ingurugiroaz, enpleguaz, zerbitzuez, etab. erabakitzeko eskubidea, Elikadura Burujabetza, enpresa transnazionalen edo nazioarteko merkatuetan aritzen diren botereen esku uzten dutelako.

Hori bai, oso garrantzitsua eta funtsezkoa da antolatutako baserritarrak, mugimendu sozial, sindikatu, tokian tokiko eragile eta GKE-ekin batera, baita euskal administrazioetatik ere, hesi politiko eta juridikoak, sozio-ekonomikoak, ingurugiroarekikoak eta osasunarekikoak jar ditzagun, aldi berean biztanleria osoarentzako elikadura osasuntsurako eskubidea bermatuz, hitzarmen hauen eskutik datozen botereen sarreraren eta politika neoliberalen aurrean babes-ezkutu izan daitezen.

MME barruko akordioek eta Merkataritza Askeko Itunek Euskal Herriko nekazaritza eta abeltzaintzarako ondorio larriak izan ditzakete, baina, aldi berean, aplikatuko dituzten eragileak behar dituzte, eta garrantzitsua da hori kontuan hartzea.

 

Erabakitzeko eskubidea, Elikadura Burujabetza, enpresa transnazionalen edo nazioarteko merkatuetan aritzen diren botereen esku uzten dute.

 

Maila sozialean, ahobatasunez egin zaie uko itun horiei. EHNE-Bizkaian ere erabat ukatzen ditugu, eta horregatik hartu dugu parte euskal gehiengo sindikalarekin eta TTIP eta CETAren kontrako plataformekin batera deitutako mobilizazioetan. Baina eraiki daitezkeen alternatibak ere badaudela sinesten dugu:

  • Bestelako Nekazaritza eta Elikadura Politika Bateratu bat posiblea da.  EPB 2020 negoziazioa parez pare dugu. Baserritar kopuru handiagoa eta gizarteko gainerakoekin parekatutako errentak oinarrian, eta elikadura burujabetza eta tokiko ekoizpen sostengarria ardatz izango duen nekazaritza politika baten aldeko posizioa maila sozial zein instituzionalean artikulatzea garrantzitsua izango da.
  • Elikadura tokian tokiko politika publikoak egituratzeko ardatz gisa.
  • Nekazaritza jardueran pertsona berriak sartzeko prozesuetan indarrak biderkatzea.
  • Ekoizpena eta sektorearen azpiegiturak pertsonentzako elikagai osasuntsuak bermatzera bideratzea.
  • Elikadura balioan jartzera eta identifikatzera bideratutako kalitate politikak.
  • Ekoizpenaren, eraldaketaren, merkaturatzearen, prezioen eta kontsumoaren behatokia.
  • Nekazaritza jarduera bere osotasunean kontuan hartuko duen eta ikuspegi sozialari dagokionez justua izango den fiskalitate eraginkorra.

Tratatuen aurrean ezinbestekoa da mobilizazioa eta jendarte antolakuntza, eta era berean, politika publikoetan eragina izango duten alternatiba sozio-ekonomikoen eraikuntza, horrela Euskal Herrian  politika neoliberalentzako eta bizitzako esfera guztien pribatizazioarentzako balazta izan daitezen.

Borroka baldin badago itxaropena!

Andoni García Arriola
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri