Iolanda Formoso Antizar

Eskoletako jangelak: elikadura burujabetza sustatzeko espazio eta tresna

iolanda formoso antizar Iolanda Formoso Antizar (Besançon, 1963) Hezkuntza Saileko sukaldaria da. Ordezkari sindikala eta LAB-en Jangelen Batzordeko kidea da.
 
 

Elikadura burujabetzaren eta jangelen gaineko artikulu honetan pentsatzean, lehen urratsa oso ariketa sinplea egitea izan zen: bi kontzeptu horiek elkarrekin interneten sartu eta “enter” sakatzea. Emaitza ugari agertu ziren, elikadura burujabetza landu eta eskoletako jangelak berau lortzeko tresna bezala ulertzen dituzten mugimendu sozialak asko dira eta. Hau ez da kasualitatea: eskoletako jangelak elikadura burujabetza landu eta sustatzeko espazio ezin egokiagoak dira, bertan bat egiten baitute justiziak, hezkuntzak, baliabideek, ekonomia zirkularrak, zaborren kudeaketak… Jangeletan lan daitezkeen kontzeptuak denak ala denak, eta praktikara eramanda, eredu sozialaren aldaketa bideragarri egiten dutenak.

Esan dezakegu, beraz, argi geratzen dela eskoletako jangelak eraldaketa sustatzeko espazio idealak direla. Aldaketarako tresna bihur daitezen nola lortu aztertuko dugu orain.

Hasiera on bat da espazio hau ikasgela bezala ulertzea, hezkuntza proiektuaren eta curriculum-aren zati bat gehiago bezala bizitzea. Jangelek zerbitzu osagarri bezala tratatuak izateari utzi behar diote, ez baitira ez zerbitzua, ez osagarria: hezkuntza zentroaren baitako espazio bat gehiago dira (#jantokitik jangelara). Beraz, heziketa zentroetan haiekiko ematen den zatiketarekin bukatu behar dugu: gure ikasleriak eskola orduen heren bat igarotzen du jangelan.

Gurea dena hurbildu behar dugu espazio hauetara, gu geu. Gure herriko elikagaiak zeintzuk diren ikasi, sasoikoak zeintzuk diren, nola ereiten diren, nola jaso, nola eraldatu.

Elikatzen gaituzten pertsonak ezagutu: nekazariak, arrantzaleak, bertako dendak. Ikastetxeetara hurbil daitezen, gure bizitzaren, herriaren, jendartearen parte dira eta. Baina sakon dezagun euren guztien lan baldintzetan ere, baita euren lanaldi urria ikasleak artatzen ematen duten emakume guzti horienetan ere: nola bizi diren ezagutu, euren bizitza sostengatzeko aurkitzen dituzten zailtasunak, euren aldarrikapenak… bidezkoa da pertsona guztiek enplegu duin bat izatea, euren lanarengatiko soldata justu bat.

Era berean, ezinbestekoa da bertako sukaldeak, in situ daudenak, berreskuratzea. Hezkuntza jarduera bihurtzea, haurrei hurbildu eta jango dugunaren gaineko erabakiak hartzeko prozesuetan parte izan daitezen. Bestela esanda, euren burujabetza propioaren erabilera egikaritu dezaten: ikastetxe bat, sukalde bat (#ikastetxe1sukalde1).

Aldaketa hau ezingo da aliantzen eraikuntza gabe gauzatu, guztion apustu izan behar da: sendiena, ikasleena, ikastetxeko langileena, ekoizleena, arrantzaleena, herriarena, udalarena, administrazioena… denok dugu paper bat garatzeko. Elikadura burujabetzaren bidean urratsak ematen diren jangela ekologikoen alde egitean, ez da eskola elikatzeko modua bakarrik aldatzen, herriaren eta eskualdearen aspektu sozial zein ekonomikoetan garapena eragiteko ere balio dezake.

Politika publikoetan aldaketa gertatzeko lan egin behar dugu, behetik gora eraiki behar dira, inposaketekin eta gezurrezko parte hartzearekin bukatuz. Hezkuntza politikak berrikusi behar dira, baina baita nekazaritza, arrantza, lan, ingurugiro eta zaborren kudeaketa politikak ere, gugandik, guretzako eraiki (#hemen bizi,hemen erabaki).

Ezin dugu begi-bistatik galdu neoliberalismoa ere elikadura sistema bereganatzeko borroka dabilela, eta beraz, baita eskoletako jangelak ere, horrela negozio hutsean, iruzurrean, bihurtuz, eta politika publikoak euren eredu basatiarena birprodukziorako baliatuz. Multinazionalak, alderdi politiko batzuen konplizitatearekin, ekoizpenetik eta eraldaketatik merkatura, kate osoa bereganatzen ari dira. Hortik gure eguneroko kontsumo ohiturekiko erabakien garrantzia: erabaki bat, bozka bat (#aukeratzea bozkatzea da).

Ondorioz, esan dezakegu elikadura burujabetza lortzea gure erabakietan, parte hartzean eta ekintzetan burujabetza berreskuratzetik pasatzen dela (#jan gelak: gure eredua sortuz).

Iolanda Formoso Antizar
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri