Jon Maia Soria

Bihar

talaia09 Jon Maia Jon Maia Soria, (1972, Urretxu) bertsolaria, euskal abeslaria, euskal idazlea, itzultzailea eta dokumentalgilea da. Euskal Filologian lizentziaduna da.
 
 
Aldizkariaren kontraportadarako gazteleraz Gara egunkarian publikatutako testuaren zati bat erabiltzeko baimena eskatuta, egileak euskarazko bertsioa ere eskeini zigun. Beste behin ere, eskerrik asko, Jon!

 

Oraindik atzo izan balitz bezala oroitzen dugu
“Lezio  handia” izenez pasako zen historia liburuetara
Berarekin hasi baitzen guztia aldatzen, ordura arte ezagutu genuen mundua
eguneroko bizitza eten egin zen
Normaltasuna esaten genion hura
Normaltasuna
Hura zen hilgarritasun egoera hartan jarri gintuen sistemari esateko modua

Egun gutxitan milaka eta milaka pertsona hasi ziren hiltzen mundu osoan
Nola herrialderik aberatsenetan zein pobreenetan
asko eta asko oraindik bizirik behar lukeen jendea, prestatuak egon bagina
Zetorren hura ez ohikoa zela ohartu ginen
gurean jendea hilda erortzeko oherik ez genuela ohartzen hasi ginenean

Arnas hartzeko gailuak faltatzen hasi zirenean
Ez gaixotzeko babesgarriak ez genituela konturatu ginenean
Beranduegi izan zen
Denak gure etxeetan sartu ginen, heriotzari iskin egiteko

Orduan hasi nintzen bertsoak idazten boluntarioki, ero gisara, egoerak kaltetuta zegoen jendearentzat

Eta bitartean heriotza mundu osoan zehar zabaldu zen
Alperrik ziren sistemak eraikitako legeak eta txarrantxadun hesiak eta itsasoak
Alperrik bidali zizkiguten ejertzitoak eta betiko poliziak
Lehenengo aldiz, planeta osoan sistema geldiarazteko gai izan zen zerbait ezagutu genuen
Begiak zabalik ikusten genituen telebistaz potentzia ekonomiko handietan sortutako jende ilarak elikagaiez hornitzeko
Gorputegi inprobisatuak kaleetan

Sistema ez zegoen gu salbatzeko diseinatua, ez gintuen denboraz ohartarazi ere egin
Besterik gabe, noiz iritsiko zain geratu zen, harro eta handi ustez
Hegotik iparrera eta ekialdetik mendebaldera
Gizakia bazterrean utzi zuen Sistema sofistikatua geldiarazi zuen gaitz hark eta
Orain ez ginenez produktiboak, ez ginenez kontsumitzaileak
“hil zaitezte kaleetan eta zahar etxeetan” esaten zigun

Pobreak lehenago eta azkarrago hiltzen ziren
Baina aberastasunak ez zion inori bizitza bermatu
Ohartu ginen, lehenengo aldiz beharbada, ataka hartan
Kontua ez zela beti bezala norbera salbatzea
Norbera salbatzeko modu bakarra denok salbatzea zela

Orduan gure begien aurrean inoiz baino argiago azaleratu zen
“Desastre handia” esango geniona
Gutxi batzuk ia gehienok batera baino aberastasun handiagoa izatea
Tranpa mortal bat bihurtu zen
Munduaren gehiengoa baliabiderik gabe zegoen sistema barrutik jaten ari zen gaitzari aurre egiteko
eta horrek, guk sortutako desoreka horrek
guztiak kondenatzen gintuen

Ezin genuen geratu
Guk mendebaldeko gizon txuriok eraikitako munduan ere ez genuen baliabiderik.
Nola onartu genuen hainbeste urtetan bizitzaren eta pertsonaren gutxiespen mugagabe hura?
Nola eraiki genuen legez, ohituraz eta estrukturaz Sistema emakumearen esplotazioaren eta bortxaren zimenduen gainean?
Eta are okerragoa zena, nola bizi izan ginen hainbeste denboran hori onartuta?
Nola utzi genuen hobesten guztiok joan ahal izatea baino, gutxi batzuk azkarrago joan nahi izatea? Nola hobetsi genuen gehiago edukitzea, guztiok edukitzearen
 gainetik?
Nola iritsi ginen hemen ekoiztu genitzakeen elikagaiak hegazkinez eta barkuz ekartzera?
Nola hain jende gutxiren eskuetan  hainbeste diru zegoen munduan, ez genuen guztiok gure biziraupenerako beharrezkoa zena?

Oroitzen dut Hura guztia hasi baino lehen etxetik hurbil nola bi langile zaborpean harrapatuak geratu ziren zabortegi pribatu batean. Seinale bat bezala izan zen, orduan indarrean zeuden baloreen metafora moduko bat…

Hori guztia, gure bizitzeko eran hain onartua eta normaldua, gure aurka etorri zen pandemia hartan.

Hori guztia gure kontra etorri zen pandemia harekin.

Zer egiten ari ziren gurekin?

Eraiki genuen gure artifiziozko sare guztiak ez zigun balio etxean sartuta ginela
Telebistako iragarkiek zentzua galdu zuten bat-batean
Aste horietan gure kontsumo subjektu izaera aldatu egin zen

Gure zoriontasunaren eta indartsua izatearen kanonak eta paradigma guztiak kolokan zeuden.

funtsezkoa ez zen beti saldu izan zigutena,
Horrek guztiak ez zuen balio bizitzak
 salbatzeko

Gure onena eta txarrena ateratzen hasi zen.
gabeziak, ezkutuko abilidadeak, ametsak eta mamuak… Liburuei, kantuei, pelikulei heltzen genien ez erortzeko…jende askok bere mugak ezagutu zituen, beste batzuk lehertu egin zituzten.

Zientzia fikziozko film bat zirudien, baina fikziorik gabe.

Jendeak bertsoak eskatzen jarraitzen zuen: haurdunentzat, ospitaletan ingresatuak zeudenentzat, isolatuak, haur tristeak, bakardadean zeuden ama edo aitonentzat, osasungintzako langileentzat, jaioberrientzat… telebistak ez zuela drama haren. Dimentsioa islatzen ohartu nintzen. BAtzutan negar egiten nuen bertsoak idaztean.

Baina sistemak gure bizitzekiko zuen ardura ezaren aurrean jendea erreakzionatzen hasi ginen: Herrietan eta auzoetan elkar zaintzeko sareak osatzen hasi ginen, gure bizitzak salbatzeko ekipamenduak egiten, bizirauteko mekanismo afektiboak, elkar zaintzeko boluntario sareak… bizitza berri baterako zantzuak.

Egun, “Lekzio handiaren” ondare dira

Hala ere hildakoak eta gaixoak ehunka mila pilatzen ziren mundu osoan
Guayaquilen gaixoak kalean erortzen ziren hilik
New Yorken hobi komunak eraiki zituzten
Madrilen hildakoak pabiloi handi eta kirol jauregietan pilatzen zituzten
Lombardian militar kamioiek ehunka hilkutxa garraiatuz zeharkatzen zituzten hiriak
Gizatasun ezaren metafora hain urrutira iritsi zen ezen ezin baikenituen gure amak, anaiak edo aiton amonak eskutik heldu azken arnasaren aurrean

eta argigarria izan zen ikustea gu hiltzen gindoazen neurrian
Naturak nola egin zuen berpiztera
Ibaiak garbitzen
Lurra arazten
Zeruak argitzen
Itsasoek atseden hartu zuten planeta osoan
giro hilgarri hartan bizitza loratzen hasi zen

Oinarrizkoena baino ez genuen nahi: arnasa hartzea, besarkada bat, etxea ez galtzea, hitz egitea, janaria erosi ahal izatea, ukitzea…
Baina sistemak ez zekien geratzen, bere burua janez soilik elikatzen zekien izaki antropofagoa zen: irentsi egiten gintuen.

Etxetik kanpo egun askotan eguzkiak kantu, heriotza, meme eta txalo giro Hura arrarotzen zuen.

Bertsoak jasotako batzuk gaitzak hil zituela jakiten hasi nintzen….

Okerragoa izan zen gaitzaren ondorengoa gaitza bera baino

Gure hondarrezko gaztelua desegiteko nahikoa izan lehenengo olatua
Bat batean, aberastasuntzat genituen gauza asko kateak zirela ohartu ginen, itotzen gintuzten kateak.

Sistemaren nagusiak egokitzen saiatu ziren, nonahi agerian geratzen ari ziren zuloak behin behineko tapakiz estaliz, presaka, jendea gehiegi haserretu aurretik. Izan ere, gure mundualdian inoiz ez bezalako egoeran geunden: sistema erraldoia eta ahalguztiduna  kolokan zegoen.

Askok aurrez abisatu zutela oroitarazi zuten, beste asko traizionatuta sentitu ziren… kontua da errealitate berri haren aurrean gehiengo berri bat osatzen joan zela. Asaldatutako jendez osatua, kolpatuak, kontzientziatuak… Denetariko jatorri eta maila sozialeko pertsonak.

Mundu mailako mugimendu Berri batek Nahiko da esan genuen.  
Ezin genuela lehen bezala segi. Bukatu da.

Nahikoa da esan genuen gure azken arnasarekin,
nahiko da kantu batekin
Nahikoa da manifestazio jendetsuetan
Nahikoa da gobernuen aurrean,
Nahikoa da korporazio handien aurrean
nahikoa da azken ordainagiria eskuan,
Nahikoa da lanera bortxaz joatean
Nahikoa da kaleratua izatean
nahikoa da gure senideen hilkutxa aurrean, nahikoa da.

Ezer galtzekorik ez zutenak, dena galdu zutenak eta gehiago galdu nahi ez zutenak
Planeta osoan dena astinduko zuen hotzikara bat sortzen joan zen.
Bukatu da,

Gero eta jende gehiago ohartu ginen kontua ez zela sistemaren zuloak estaltzea, zulo horietan falta zen lurrarekin bizi eremu berri bat sortzea baizik.

Lurrak geratzeko esan zigun guztioi eta ulertzen hasi ginen
gure ordura arteko jarduerak lurra hiltzen ari zirela eta gu, berarekin
Dena bat dela eta gutariko bakoitza dena garela
Mugarik gabeko “desarrollismo” eta kontsumo hura ez zela jasangarria

Ulertzen hasi ginen munduan bizi garen guztion bizitzak berdin balio duela eta hori onartuta bizi behar genuela.
Zoriontasun, gizarte justizia eta ongizate kanon berrian behar genituela

Aurre seinale bat bezala izan zen, udaberriaren lehen egunean elurra egin zuen

Hunkigarria izan zen ikustea nola pixkana osatuz joan zen “Gehiengo berria” esaten zaiona,
bizitza berriaren aldeko mugimendua, betikoan jarraitu nahi zutenen aurrean, segurtasunaren izenean jendarte are eta itogarriagoa eta kontserbadoreagoa nahi zutenen aurrean. Borroka betierekoa, inoiz amaitzen eta amaituko ez dena.

Munduak ez zuen B planik eta guk ez ditugu bi bizitza.

Gero eta jende gehiagok nahikoa da esan genuen eta bizitzaren aldeko iraultza hasi zen.
Sistema zaharrarenak egin zuen.
Gure bizitzak aldatzen hasi ginen.
Ardurak eskatzen
Pixkana gobernuak erortzen hasi ziren
Gure bizimoduak aldatzen hasi ginen…

Ez zen erraza izan, baina beldurrak, ametsek, haserreak, bizitakoak, galerak, maitasunak, beharrak eta kontzientziak batera indar handia dute.
jendea elkartu eta mundua mugi dezakete.

Orain, dena da desberdin. Ez gara perfektuak, bizitzarena, amaitzen ez den ofizioa da

Eta urte batzuk igaro diren arren, ez dugu ahaztua “Lezio handia”.

Orain, urteak dira gure alabak bizitzak erdigunean jarri zituen lur eremu txiki hontara jaiotzen direla. Orain beraiek dira erdigune.

Txertoa iritsi zen, baina jatorriari heltzea erabaki genuen.

Orain, Irakasgai handia eskoletan ikasten dute, historia errepika ez dadin.
Urte batzuk pasa dira dagoeneko.
Ezinezkoa zirudien, baina aukera ikusi genuen, sinistu egin genuen, borrokatu egin genuen eta orain gure egia da.
gaur, udaberriko lehen egunean hura guztiaz gogoratu naiz eta idaztera jarri naiz.
Apirileko egun polit bat datorrela ematen du. Umeak entzuten ditut kalean jolasten

Mundua aldatzen ari gara.
Amets bat dirudi, baina ez da
Gaur ere ibaia garbi jaisten da
Eta egun haietan idatzi nituen bertso guztiak gordeak ditut oraindik,
hemen
bihotzean.

 

Versión en castellano en el diario GARA | Versión recitada por el autor

Berria egunkariko ‘Berria aretoa’ atalerako egilearen irakurketa

Jon Maia Soria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri