Nerea Kortajarena

“Bere kideak zaindu eta babesteko gai diren zerbitzu publikoak behar ditugu”

talaia09 Nerea Kortajarena Nerea Kortajarena Ibañez (1974, Donostia). Gizarte Langilea lanbidez, Gizarte Hezkuntzan diplomatua.E maus Gizarte Fundazioan gizarteratze zuzendari izandakoa  eta pobrezia eta gizarte bazterketaren alorreko elkarte desberdinetako kidea. 2016a geroztik EH BIlduko Legebiltzarkidea, taldean gizarte politika eta enplegu gaien bozeramailea.

 

Koronabirusaragatik gaixotutako pertsonen kopurua igotzen doan heinean gure osasun eta zaintza sistema kolapso egoerara iritsi da da. Maskara eta bata gabezia langileentzat, ohe nahikorik ez gaixotu direnentzat, gaixotu diren edota berrogeialdian dauden osasun profesional ugari, erretiroa harturiko osasun langileak lanean hasi behar izan dute…

Osakidetza eta Osasunbideako errekurtsoek eta antolakuntzak gabezia nabarmenak erakutsi dituzte, baita zahar-etxeetakoek ere. Ezohiko krisi honi bakarrik egoz dakioke egoera tamalgarri hau edo egiturazko beste arrazoi batzuk ere badaude atzean?

COVID 19aren inguruan sortutako larrialdian gure hutsune eta indarguneak nabarmenago azaldu dira eta argi ikusi dugu esaten zigutena baino askoz zaurgarriagoak garela. Urtetako hautu politikoen ondorioak bere gordinenean ikusi ditugu azken aste hauetan: pribatizazioak, murrizketa gogorrak, inbertsio publikoaren jetsiera, prekarizatutako lan baldintzak, aitortutako gabeko ezinbesteko lanak, batez ere, zaintza alorreko lan feminizatu horiek…Esango nuke COVID19k sistemaren kosturak bere gordinean azalaratu dituela eta zenbait arloetan, gizarte zerbitzuen alorrean kasu, oraindik gehiago.

Baina arazoak aurretikoak ziren zalantzarik gabe. Zerbitzu publikoak jomugan izan dira azken urte luze hauetan. Pribatizazio prozesuek ez dute etenik izan eta muzkin pribatuen logikaren menpe geratu dira gure eskubideak bermatzeko ezinbesteko diren zerbitzuen prestazioak.  Merkatu irizpideekin eskeintzen diren zerbitzu publikoak dira nagusi, bai kudeaketa ereduagatik edo zuzenean enpresa pribatuek kudeatzen dituztelako. Kontua da, gobernuek merkatu irizpideekin kudeatzen dutenean asko dugula galtzeko herritarrok, eta, batez ere, emakumeok eta hori argi ikusi da larrialdi honetan ere. Ikusi eta gure larrutan sufritu; ikusi besterik ez dago, etxez etxeko zerbitzuen egoera, adineko egoitza zentruetako egoera…. edo, azken egun hauetakoa den beste adibide argi bat, EHUko ikerlariek koronabirusa antzemateko garatutako test bat eskura jarrita, EAEko Osasun Sailaren erantzuna ba “hainbat enpresa ari direla testak garatzen”. Denon onura aurretik jarri beharrean, merkatu irizpideak lehenesten dira  berriz ere.

Aurrekaririk gabeko krisialdi honetan  milaka langileen eskuzabaltasun eta sakrifizioaz  ari gara aurrera egiten. Gauza asko ikasi eta ikusteko aukera ere eman digu larrialdi honek, ta duda izpirik gabe, orain baino lehen mahi gainean jarri ditugun idea eta planteamenduak berresteko aukera eskeini digu, tartean, zerbitzu publikoen indartzearen beharra, zaintzen gaituzten horien guztien garrantzia eta, finean, zaintzen gaituzten instituzionalidadeak eraikitzeko beharra.  

Osasun eta zaintza sistema izan dira gabezia gehien erakutsi dituzten zerbitzu publikoa, baina ez bakarrak. Hezkuntza sisteman ere hainbat gai azaleratu dira. Alde batetik, aurreikusi zitekeen krisi baten aurrean hezkuntza komunitateak ezin izan du modu antolatu batean prestatu ikasgaien transmisioa, inprobisazioz jardun behar izan dute. Bestetik adin txikiko askok ez dute baliabide nahikorik internet bidez ikasgaiak jaso eta kurtsoa jarraitu ahal izateko. Ze gogoeta egiten duzu honen inguruan?

Urtetako hautu politikoen ondorioak bere gordinenean ikusi ditugu azken aste hauetan

Hezkuntza komunitateak irakaspen bat eman digu, izan ere, egunetik gauera aurrez-aurreko klaseak, ikasleekin harremana, zuzeneko irakaskuntza… etxetik etxera egitera egokitu behar izan da. Eta ez da erraza izaten ari egoera honek berrestu duelako hezkunzta eskubidea ez dela ikasle guztientzat berdina. Badira etxean internet edo ordenagailua ez duten gazteak, badira etxean modu duinean ikasteko giro egokirik ez dutenak, edo harrera etxeetan daudenak, eskola-jantokiak itxita otordu hori bera ere bermatua ez dutenak… kasuistika oso zabala da eta administrazio honek ez du gaitasun eta lidergorik izan egoerari behar bezala aurre egiteko. EAEko Hezkuntza sailak, 3 aste behar izan ditu, adibidez, telebista saio hezitzaile bat martxan jartzeko. Eta badira, oraindik orain, tresna teknologiak eskuratu ez dituzten ikasleak ere.

Gainera, Madrilen erabakien zain egon da Jaurlaritza etengabe. Hezkuntzaren kasuan, gainontzeko eremuetan bezala, Hezkuntza ministeritzak zer agindu zain egon da. Eta larriena da, ez duela bertoko hezkuntza komunitatearen inongo sektoreko mahairik deitu. Honek, erabakiak adostasunik eta babes gabe hartzera eraman du Hezkuntza saila, berandu, eta gaizki.

Kolektibo zaurgarrienenentzat eraikitako babes sare komunitario batzuk erori dira konfinamenduaren ondorioz, baina beste batzuk hasi dira sortzen herriz-herri eta auzoz-auzo; batzutan udalen esku-hartzea egon da antolaketan, bestetan bizi-lagunek sorturiko sareak izan dira esklusiboki. Instituzioek erakutsi al dute nahikoa sendotasun egoera hauei aurre egiteko?

Esango nuke justuki arlo honetan inon baino argiago geratu dela zaintzen eta babesten gaituzten insituzionalidadeen garrantzia eta gurean, zentzu honetan ditugun hutsuneak.  

Dagoeneko agerikoa zen zaintza krisi batean murgilduak ginela eta kolapso mailara iritsi da birusaren hazkunderi aurre egiteko hartu behar izan diren euste neurrien ondorioz. Zaintzak sozializatzeko sistema publikorik gabe, eta kolektibo zaurgarrienentzako babes eta zaintza hori bermatu beharko lukeen Gizarte Zerbitzuen Sitema Publikoa garatu gabe harrapatu gaitu COVID-19ak, beharrezkoa zen sendotasun nahikorik gabe: saturatuak dauden oinarrizko gizarte batzuekin, pribatizatu eta prekarizatutako etxez etxeko zerbitzuekin,….eta, kasu gehienetan, urrun, herritarrengatik oso urrun. Gizarte Zerbitzuen Legea onartu eta zaintza eta babesa eskubide subjetibo bezala onartu zirenetik 11 urte pasa direnean, oso urrats motzak eman dira zaintza eta babesaren instituzionalizaio berri baten eraikuntzan eta, esango nuke, horren ondorioak gordinak direla orain.

Baina, lehen komentatzen nuen bezala, larrialdi honetan gure hutsuneak eta indarguneak nabariago agertu dira.  Gure izaera komunitarioa  bor-borrean ikusi dugu eta elkar zaintzen eta babesten duen herria gai izan da, beste behin ere, antolatzeko eta zaurgarrienei erantzun bat emateko gure auzo eta herrietan sortu diren zaintza sare horien bitartez. Bide berdinetik klabe komunitario eta zaintzaile horiekin lanean ari ziren Udalak ere, posible denaren marko zabaldu eta  sorkuntza politikoan aritu dira bere herritarren ongizatea eta zaintza bermatu ahal izateko, malgutasunez, ausardiaz eta lidergo publiko argi batekin. adibidez Orereta-Errenteriako Udalaren kasua oso argia dela esango nuke, non krisi honen aurretik emandako urratsek, egindako hautu politikoek, zerbitzu publikoen indartzeak eta saretze eta komunitatea eraikitzeko ahaleginek bidea argiagoa eta, seguruenik, xamurragoa egin duten.

Kasuistika oso zabala da eta administrazio honek ez du gaitasun eta lidergorik izan egoerari behar bezala aurre egiteko

Zer nolako zerbitzu publikoak behar ditu Euskal Herriak zure ustez?

Berdinen arteko herri baten tamainakoak; bere kideak zaindu eta babesteko gai diren zerbitzu publikoak behar ditugu:

Zerbitzu publiko burujabeak behar ditugu. Komunitatearen ongizatea helburu izanik, kontrol publikoa berreskuratu eta ongi bizitzeko eta oparotasuna denon arten banatzeko baldintzak ezartzen lagunduko diguten zerbitzuak behar ditugu.

Herritarren eskubideen bermatzaile izango direnak, eta, unibertsaltasunaren bidean, sarbide irisgarri eta ekitatiboa izan behar dutenak.

Erreprodukzio eta zaintza lanen feminizazioa baztertzen dituzten zerbitzu publikoak behar ditugu

Gertuko prestazioak eskeintzen dizkiguten zerbitzu publikoak behar ditugu. Izaera komunitarioa dutenak, diskriminaziorik gabe, herritar guztiei bideratutakoak.

Kalitatezkoak eta aurreratuak diren zerbitzu publikoak. Lan baldintza duinen bermatzaile direnak eta, halaber, ardura publiko batean diharduten langile guztien ekiparazioa bilatzen dutenak.

Planifikazioan eta kudeaketan pertsonen partehartzea bermatzen dutenak.

Eta, noski, ondo hornitutakoak; horrek, gure fiskalitatea eta zorpetze politika berraztertzera ere behartzen gaitu. Ezin dira herri nordiekoetako zerbitzu publikoak eduki  egun dugun fiskalitate ereduarekin edo lehenesten diren aurrekontu politikekin.

Zein da gaur egun zerbitzu publiko horiek ez garatzeko oztopo nagusia?

Dudarik gabe, kontrako bidean egindako hautu politikoak dira oztopo nagusia, ez dago zalantzarik. Hautu politiko horiek markatu dituzte lehentasunak eta, orain arte, zerbitzu publikoen garatzea ez da lehentasun izan. Horren lekuko, azken urtetan erakunde desberdinetako aurrekontuetan zerbitzu publikoek izandako pisuaren galera.

Gure izaera komunitarioa bor-borrean ikusi dugu

Edozein kasutan, esango nuke,  inoiz baino kuestinatuagoa dagoela hautu guzti  hauen oinarrian dagoen eredu kapitalista neoliberala eta,  honen aurrean, ezkerreko posizioen berarmatze garai dela. Arrisku handiak ditugu momentu honetan,  ezin ukatu; guzti honen bueltan itxura aldatutako kapitalismo batekin aurki gaitezke,  baina bektore eraldatzaile bat antolatzeko aukera ere irekitzen da eta hori baliatu behar dugu.

Ikuspegi honetatik eraikitako lidergo eta politika publikoen garaia da. Dena denontzako bilakatzeko politika publikoen garaia, esperantza aukeratzeko aukera ematen diguten politiken garaia. Bizitzaren aldeko apostu radikala egin eta oparotasunan denon artean banatzeko politika publikoen garaia eta, horrek,  ekimena eta lidergoa eskatzen ditu.

Nerea Kortajarena
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri