Xabier Isasa

Heriotza duina eta gaur egungo egoera

talaia09 Xabier Isasa Xabier Isasa Garmendia” (1948, Lezo) Irakaskuntzako langile ohia eta LABen irakaskuntzan liberatua izandakoa. LAB Helduak eta Bizkaiko Pentsionistak Martxan-eko kidea eta baita Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendukoa ere, bere sorkuntzatik.

 

Nagusiok, zalantzazko etorkizuna daukagu (ez gara bakarrak) baina erantzun bat aurki genezake: gaur egungo osasun sistemaren helburua, norabidez aldatzea da, hau da, eskaerari zuzendu beharrean, beharrei zuzentzea.  Agian, horrela egoera berezietan ez gintuzke ezustean harrapatuko.  Osasun Sistema Publikoa eskatzen dugu, guri dagokigunez, pertsona nagusia bere osotasunean atendituko duena, norberaren etxebizitzan, zein erresidentzietan.  Atentzio horren baitan ere heriotza duina izateko eskubidea eskatzen dugu.

Azken gai honetaz zer esan genezake gaur egun bizi dugun egoeran?  Osasungintzaren gabezia eta zahar-etxe askotako mundu ilun eta krudelarekin topo egin dugu.  Bitartean, gutariko gehienok gure etxeetan gaude, senideren baten babespean, bakardadean edo langile baten laguntzaz bizitzen.  Hori guztia horrela izanik, inoiz baina premiazkoa zaigu heriotza duina izateko eskubidea aldarrikatzea.

Bizitza liburu baten antzekoa da baina azken kapitulua ere, guk geuk idatzi behar dugu.  Ezin dugu utzi kapitulu hau besteen eskuetan. Eta gure erabakia izan beharko litzateke noiz hartu geltoki hori, bizitzari zentzurik ikusten ez badiogu.  
Gutariko nor ez dago ados irizpide horrekin? Arazoa sortzen da gizartearen zenbait arlotatik irizpide hauen aurka hainbat erakunde agertzen direnean, Hala nola: arlo juridikoa, Eliza, medikuntzako egitura nagusia,…

Oinarrizko eskubideen zerrendan aurrera pausuak emanda daude aspaldian baina bizitzaren azken urratsa emateko zor zaigun eskubidea ez da agertzen.  1983 urtean bizitzan sartzeko eskubidea lortu genuen, batez ere Mugimendu Feministari esker.  Hasieran gutxienekoz osatutako legea izan zen eta bigarren urratsari esker ez da inongo ebazpenik egin behar denbora epe batean haurdunaldia eteteko. Baina bizitzatik irteteari dagokionez, zer esan dezakegu? 1995ko Kode Penalaren aldaketan agertzen den 143 artikuluak zera dio: “Zalantza izpirik gabe heriotzara eramango duen gaixotasuna sufritzen duen pertsonak edo jasan ezinezko eta etengabeko oinazepean bizi denak egindako eskaera argi eta zalantza gabekoari erantzun nahian, bere heriotza lortu edo aktiboki lortzeko ahal eginean saiatuko litzatekeen pertsonak, homizidio zigorra jasango du”.

Eztabaida non kokatzen den argi dago: norbera bere bizitzaren jabe izatearen baitan eta eutanasia edo laguntzazko suizidioaren despenalizazioan.  Bide horretan beste kontzeptu batzuk ere argitu beharko genituzke: zer da eutanasia aktiboa? Laguntzazko suizidioaz hitz egiten ari gara? EZ. Lehen kasuan, kolaboratzaile nahitaezkoak, zuzenean lortzen du bestearen heriotza.  Laguntzazko suizidioan, kolaboratzaileak, bestearen heriotzarako bitartekoak lortzen dizkio eta heriotza norberak lortzen du.

Gaur egun Espainiako Epaitegi Konstituzionalak zera dio: “ edozein hiritarrak eskubide osoa du bere bizitzaz nahi duena egiteko baina ezin dio Estatuari edo beste hiritar bati eskatu, helburu hori lortzeko laguntzarik”.

Eta gure Autonomia Erkidegoan, zer? Gasteizko Legebiltzarrean onartuta dago “Heriotza Duinaren Legea” baina ez dago eskumenik “laguntzazko suizidioa” indarrean jartzeko, nahiz eta Legebiltzar osoak hala nahi izan.  Hemen, gehienez lortu dena, zaintza aringarriak ezartzea izan da, baina Europa iparraldeko zaintza aringarrietako taldeetan, medikuak, erizainak, psikologoak, eta gizarte laguntzaileak daude.  Hemen ez dakigu zer eska dezakegun ere.
Beste leku batzuetan terapia ezberdinak daude.  Hemen noiz informatuko gaituzte osasun etxeetan, gure bizitzaren azken unean dauzkagun baliabideez, aurretiazko borondatearen agiria barne?

Osasun Sistema Publikoa eskatzen dugu, guri dagokigunez, pertsona nagusia bere osotasunean atendituko duena, norberaren etxebizitzan, zein erresidentzietan

Bide luzea dugu egiteke, heriotza modu duin eta nahi ditugunez inguratuta izateko.  Gure herrialdean, gai honi bide egokiagoa emateko proposamenak aztertzen arin garen honetan, aspaldian ezagutu ez dugun errealitate gordinenarekin topo egin dugu.  COVID-19a dela eta, adineko hamarnaka pertsona hiltzen ari da Hego Euskal Herriko eta mundu osoko zahar- etxeetan.  Beraien azken egunetan zer nolako duintasuna jaso duten, zenbateko min emozional sentitu duten… beraiek soilik edo, agian, zuzenean tratatu dituzten langileek  jakingo dute.

ZAHAR EGOITZAK ETA BESTE BIDEAK

Egoiliarrei dagokienez:
Zahar-etxeetan dauden pertsonek, gero eta urte gehiago dituzte: 80, 90 eta 100 urteko pertsona ugari dago.  Nagusi horiek mendekotasun maila altua daukate, bi edo hiru gradukoa. Horrek esan nahi du zaintza eta arreta handiagoak behar dituztela, bai osasun mailan bai sozial mailan ere. Baina zahar-etxeen funtzionamendu-arauak 1998koak dira.

Ezin dugu ahantzi 2008tik hona, “krisia” deitutakoaren ondorioak jasan behar izan ditugula baina argi dago ondorio horiek oso ezberdinak izan direla batzuentzat eta besteentzat.  Ondorio horien artean osasunari dagozkionak daude eta hauek arrakala sozioekonomikoarekin lotura zuzena dute.  Aldi berean arrakala sozio-ekonomikoak, klase soziala, generoa, adina, sorlekua, herrialdea eta abarrekin zerikusia du.   

Arduradun publikoek, egoera hau zehatz mehatz ezagutzen dute, baita irtenbideak ere.  Aspalditik sinetsita geunden hezkuntza, osasungintza eta pentsio eta Gizarte Segurantzako sistemekin batera, Zerbitzu Sozialen Sistema indartsu bat, ongizatearen laugarren zutabea izan behar dela.  Horretarako Legeak, egon badaude.  Non dago akatsa? Non hutsuneak hori horrela ez izateko?.

Gaur egun gure Autonomia Erkidegoan, mendekotasuna dutelako, milaka pertsona nagusik prestazioa jasotzeko eskubide subjektiboa du baina horietatik %20, dagokien laguntzaren zain daude.  Zahar-etxeetako plaza eskaera, orain arte oso handia izan da eta eskaintza oso urria.
Zahar egoitzan plaza lortu ez dutenak (gehiengo handi bar) etxeko laguntza zerbitzua jasotzen dutela pentsa dezakegu.  Horien guztien orain arteko egoera larria izan bada, hemendik aurrera areagotu egingo dela uste dugu.

Egia da aspalditik LAB Helduak, Pentsionistak Martxan, BABESTU eta beste zenbait Erakundek, hau guztia aztertu eta etorkizunari begira proposamenak eta egitasmoak (Mendekotasun Lege Propioa) lantzen ari ginela eta ari garela.  Bat-batean, Korona-Birusaren pandemiak bete betean harrapatu gaitu eta azpiegiturak berritu gabe eta baliabide zaharkituekin kudeatzea tokatu zaigu.  Ondorioak latzak eta luzarorako izango dira, zerbitzu sozialetako langileentzat, pazienteentzat eta gizarte osoarentzat.

Jakina da Zahar Egoitzen arazo larrienetakoa, langile kopuru eskasia dela

Nola kudeatzen dituzte hemen aipatutako Zerbitzu Sozialak beste herrialdeetan? Ba al dago beste modurik?  Guk aztertutakoaren arabera, Europako Ipar Herrialdeetako egoera izan daiteke eredugarria.

Argi dago babes sozial zabalena eskaintzen dutela eta hori lortzeko fiskalitate maila oso altua daukatela.

Estatuaren eskumenak eta parte-hartzea arlo sozialean erabatekoa da, bereziki diru sarreren banaketari dagokienez: berdintasuna eta justizia irizpideak erabiliz.
Baina horrekin batera azpimarratu behar da gizartearen kontzientzia eta parte hartze politiko maila handia indarrean dagoen ereduarekiko, beraien soldaten %50a zergetara bideratzeraino.  Gizartearen eskubide unibertsalean oinarritzen da eta zerbitzu sozialen prestazioak gune hurbilenetatik jasotzen dira, hau da, udaletxetik, beti ere Gobernuaren planifikazio orokorra jarraituz.

Herrialde horietako beste ezaugarri nabaria da ustelkeria eta iruzurraren aurka daukaten erabateko arbuio jarrera.

Danimarkan, adibidez herrietatik, hau da gune hurbilenetik kudeatzen dira zerbitzu sozialak eta osasungintzakoak eta erakunde bakarrean finkatzen dira.  Ardura bakarrarekin eta baliabide ekonomikoen kudeaketa bakarrarekin.  Horretarako zahar-etxe bat, osasun zentro batean bihurtzen da eta hor atenditzen dituzte herriko pertsona nagusi guztien zerbitzu guztiak.  Hori dena Estatuaren kontura.

Hemen, bitartean, ikusten ari gara pertsona nagusien zerbitzuen nondik norakoa pribatizazio bidetik doala.  Pribatizaziotik eta norberaren etxean lortu dezakeen zerbitzuetatik.  Horren guztiaren ondorioak  aspalditik nozitzen ari gara eta pandemia latz honen garaian bere gordintasunean kaleratzen ari zaizkigu.

ZAHAR EGOITZEN INGURUKO ZENBAIT DATU ESANGURATSU

Aspaldian ohituak geunden entzuteaz gizartearen zahartzea arrakasta soziala dela baina denok dakigu hori horrela izan dadin kudeaketa egokia behar duela.  Esate baterako, mendekotasuna zahartzaroarekin bat egiten duen egoera da eta adituek diotenez 80 urtetik aurrera sortzen omen da.  Lehenengo lau urteetan bigarren gradukoa eta hortik aurrera hirugarren gradukoa.

Gaur egun badaukagu mendekotasun Legea, 2006koa dena eta Estatu mailakoa.  Legeak  agintzen duena betetzea derrigorrezkoa da eta mendekotasuna daukatenentzat, eskubide subjektiboa da.  
Mendekotasun 0 eta 1 mailako graduentzat laguntza-ardura udaletxeena da.  Bigarren eta 3 graduena, Foru Aldundiena.  2018an Euskadiren mendekotasun gastua pertsona bakoitzeko 8458€koa izan zen.  Euskadin 2018an, mendekotasuna onartua zeukaten  78811 pertsona zeuden;:  horietatik 65017k nolabaiteko prestazioa jasotzen zuten baina 13794k ez zuen inongo prestaziorik.  Horietatik 8389 lehen gradukoak ziren eta 5405 bigarren eta hirugarren gradukoak.  Non dauden hauek guztiak? Beraien etxeetan senide edo laguntza pribatuaren babespean.
Zenbat zahar-etxe plaza beharko genituzke Euskadin Munduko Osasun Erakundearen arabera? 65 urtetik goiko 100 pertsonako 8,8 beharko lirateke.  Bizkaiko datuen arabera 2016an 3,86 plaza zeuden.  Datu hauek argi erakusten dute mendekotasunarenpean Euskadin egon daitezkeen milaka pertsona nagusi beraien etxeetan daudela.

Jakin badakigu hau baretzen den egunean, ez dela ezer berdin izango edo ez lukeela berdin izan behar.

Kontutan hartu beharreko beste datua zahar egoitzetako plaza gehienak pribatuak direla da.  Bizkaian 2016an, soilik %24,3 ziren publikoak.  Plaza pribatu baten, batez besteko prezioa 3100€ inguru dira eta kontzertatutako plaza batena 2900€ inguru.  Baina zein da koste erreala? Gure kalkuluen arabera Euskadiri dagokionez 2050€ izango litzateke arrazoizko prezioa.  Argi dago zahar egoitzena batzuentzat negozio ederra dela.

LABen txosten baten arabera “zenbait enpresa pribaturen errentagarritasuna %16ko da eta plaza guztietatik %87a, hiru talde handik kudeatzen ditu”.

Jakina da zahar egoitzen arazo larrienetakoa langile kopuru eskasia dela, bereziki gaueko zerbitzuetan.  Hori da pribatizazioaren beste ondorioetako bat.  Egoiliar bakoitzari eman beharreko denbora eguneko 2 ordukoa izan beharko litzateke; Gipuzkoan 90 minutukoa da, Araban 88 minutukoa eta Bizkaian (plaza pribatu gehien daukana) 60 minutukoa.

Bukatzeko, Euskadiko Zerbitzu Sozialen Legeak dioenez, egoiliar bakoitzaren eskubidea da beretzat egindako zaintza plangintza egotea eta horrekin batera erreferentziazko profesional bat edukitzea.  Egoiliarrek eskubidea daukate plangintza horretan eta balorazioan parte hartzeko, zuzenean edo familiartekoen bitartez.  Plangintza horri “Norberaren Zaintza Plangintza” deitzen zaio (PAI gaztelaniaz) eta garrantzi bereziko dokumentua da, izan ere, bi aldeek sinatutakoa eta betebeharrekoa baita.

Orain artekoa azaldu ondoren eta gaur egun, koronabirusa dela eta zahar egoitza askotan bizi duten egoera ikusirik, hemen esandakoarekin zerikusi zuzena daukala uste dugu.  Zerbitzu Publiko baten etengabeko pribatizazio bilakaeraren ondorioa dela esan dezakegu.  Prebentzio kontzeptua, ezezaguna da arlo gehienetan.  Zaintza emozional-afektiboa zer den susmatzea ere, ezina.  

Langileen egoeraren inguruan, zer esan? Aipatu ditugu zer nolako ratioak dituzten.  Zein baliabideekin tokatu zaie aurre egitea pandemiari?

Egoitzetako kudeatzaile zuzenak eta arduradun nagusiak (Foru Aldundiak) zer nolako informazioa ematen ari dira familiartekoei eta gizarte osoari?

Gure hausnarketan aurkeztu ditugu zerbitzu publikoak lantzeko beste eredu guztiz ezberdinak.  Baina horrek, gizartearen kontzientzia maila eta erantzukizun handia eskatzen du, baita botere publikoenganako kontrol zorrotzagoa ere.  Hemen, sistema baten porrot itzela bizitzen ari gara.  Berriro errepikatzen uzten badiogu, gauzak aldatzeko aukera gutxi izango ditugu eta ordaindu beharreko prezioa askoz garestiagoa izango da.

Ezer gutxi aipatu dugu, egoera honek sorrarazi dituen elkartasun eta auzolan mugimenduaz.  Oso zabalak eta era askotakoak dira.  Horiek dira gure herritarren indarguneak.   Mantendu beharrekoak, zalantzarik gabe.

Pentsiodunen Mugimenduak zer dauka esateko une berezi honetan?
 
Mugimendu zabal honek dagoeneko, 27 hilabete daramatza indarrean. Horren ondoren gaur egun ezagutzen dugun mugimendu zabal eta erabat anitza osatu dugu.
 
Gure aldarrikapen nagusienak gizarteratu ditugu, gehien bat pertsona nagusi  orok pentsio duina izan behar duela;  genero-arrakalak soldatetan eta pentsioetan gainditu behar direla eta beste hainbat.  Eta hori dena kalean eskatu eta exijitu dugu milaka eta milaka pertsonen mobilizazioen bidez: herri mailakoak, eskualde mailakoak eta  hiri mailako manifestazio handiak eginez.  Ibilbide luze honetan eta mugimendu anitza izanik, gorabeherak egon direla ezin daiteke ukatu baina gehiengo handi batek, aipatutako helburu nagusien alde borrokan jarraitu du.

Halako batean, izurrite berri batekin topo egin dugu.  Izurrite berri bat diogu zeren eta aurretik ere beste izurrite mota asko ezagututakoak gara.  Oraingoan ere aurre egitea tokatu zaigu eta horretan gaude, nahiz eta oso prezio garestia ordaindu.  Batzuentzat orain arte, guk urte asko betetzea gizarte aurreratu baten zoriontzeko emaitza zen.  Oraingo egoera lazgarri honetan aldiz betiko horiek “normaltzat” jotzen dute gu izatea kaltetuenak, izan ere polipatiaz beterik gaude batzuen pozerako.  Hemendik ere ikasiko dugu eta ikasketak baliatuko ditugu.

Ez dakigu zergatik, baina bat-batean, ahaztuta gintuzten hedabideak berriro ere gutaz gogoratzen hasi dira.  Kontzientzia txarraren seinale? Ez dut uste.  Laister jakingo dugu non dagoen sakoneko arrazoia.

Bitartean hor ari gara teknologia “berriak” erabiliz, gure arteko harremanak nolabait mantentze aldera saiatzen.  Astelehenero irteten gara geure leiho eta balkoietara (daukanak) geure zapiak eta pankartak haizeratuz, bizirik gaudela eta kalera berriro noiz irtengo zain.

Jakin badakigu hau baretzen den egunean, ez dela ezer berdin izango edo ez lukeela berdin izan behar.

Hemen azken bi hilabeteetan gauza asko gertatu dira eta sakonki aztertuko ditugu eta noski, betiko borrokarekin inoiz baino indartsuago jarraituko dugu.

Xabier Isasa
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri