Cristina González | Gasteizko ‘Eraman Koop’eko kidea

«Lortu beharko genuke ‘klik’ hori langileen soldata eta baldintza duinak bermatzen dituzten enpresen bidez egitea»

talaia11 cristina gonzalezCristina Gonzalez, Gasteizko Eraman Koop rider kooperatibako kidea eta Glovoko langile ohia.
 

Rider gisa Glovon lan egin duzu. Azken aldian asko hitz egiten da horrelako enpleguen inguruan, plataforma-ekonomia deiturikoez, prekarietateari loturiko lan forma berriez. Baina, lehen pertsonan hitz eginez, nolakoa da Rider gisa lan egitea?
Gaiaren gainean ikuspegi ezberdinak egon daitezke, nik neurea emango dizut, baina baliteke beste edozein kideren bertsioarekin bat ez egitea.Glovon nabil 2018an Gasteizen hasi zenetik.

Enpresa honetan lan egiteko, bete beharreko ezinbesteko lehen baldintza autonomo egitea da, bestela ez zaituztelako kontratatzen.

Behin kontratua lortuta, zuk zeuk jarri behar duzu zure garraio-ibilgailua, dela motorra, dela bizikleta, dela autoa. Beraiei berdin zaie nola egiten duzun, garraioa zuk jartzen duzun bitartean. Enpresak eskaintzen dizkizun elementu bakarrak motxila bat, establezimenduetan ordaintzeko txartel bat, mugikorrerako euskarri bat eta bateria bat dira. Hori da Glovok ematen dizuna, beraiei erostera behartzen zaituztena.

Bestalde, Glovon lan egiteko ezinbesteko bigarren baldintza “diamantezko” orduetan lan egitea da, hau da, eskari altuko orduetan – ostiraletik igandera, lehen 20:00etatik 23:00tara, orain pandemiarekin 19:00etatik 22:00etara -. Horrek esan nahi du, nola edo  hala, asteburuetan lan egitera behartzen zaituztela, beraien baldintzak onartzera behartua baitzaude astean zehar ere lan-orduak lortu nahi badituzu, orduen “ehizan” aritu gabe.  Horregatik, lanean duzun askatasunaz edo ordutegi malguaz esaten duten guzti hori komatxo artean hartu behar da.

Eta, nola funtzionatzen dute mota honetako enpresek?
Lan-orduen banaketa, Glovok “bikaintasun-sistema” deitzen duenaren bidez egiten da, riderren erreputazioa neurtzeko sistema bat dena, zeinak, duzun “erreputazioaren”arabera banatzen dituen lan-orduak. Sistema hori 1etik 100era doan puntuazio bat da, hainbat ataletan banaturik dagoena. Puntuen %15 bat bezeroek jartzen dizuten notaren araberakoa da.  Beste %5 bat ostalaritza lokalek jartzen dizuten balorazioa. %35a “eskari altuko” orduetan egiten dituzun banaketa kopuruari loturik dago. Gainontzekoa plataformaren beraren eskuetan dago, Glovok ezartzen duen “efizientziaren” eta duzun antzinatasunaren menpe. Atal horietan duzun puntuazioaren arabera, 1etik 100era bitarteko nota bat lortzen duzu. Zenbat eta puntu gehiago izan, orduan eta lan-ordu gehiago izango dituzu, eta alderantziz.

Enpresa hauek errelato zehatz bat eraikitzen dute, zeinaren arabera, zu zara zeure buruaren nagusia, zeuk ezarri dezakezu zure ordutegi propioa… errealitatea ez da preseski hori.
Ezta inolaz ere. Grazia egiten dit nola behin eta berriz eslogan berdinekin ateratzen diren, baina errealitatea ez da ez zarela zeure buruaren nagusia, baizik eta, nagusi izan beharrean, beraien esklabo izatera igarotzen zarela. Kate osoko azken katebegia zara. Glovok botere eta kontrol osoa du. Non zauden (ubikazioa uneoro aktibatua izan behar baituzu eskariak lortzeko, eta beraz, geolokalizatua zaude), zure eskariak, zure lan-orduak… guztia kontrolatzen du.

Glovon lan egiteko bete beharreko ezinbesteko lehen baldintza autonomo egitea da.

Gloverrak ez du ia ezer erabakitzeko gaitasunik. Hori eskaeren berresleipenetan irudikatzen da. Enpresak dio zuk edozein eskariri uko egiteko aukera duzula, eta eskari hori beste rider bati esleitzen diotela beraiek. Baina errealitatea da gloverrak egunean bi berresleipen baino ezin dituela egin. Eskari gehiagori uko eginez gero, nota jaisten hasten zaizu, eta ondorioz, lan-orduak galtzen hasten zara.

Eskariak ere manipulatuak daude. Eskari bat eramateko prest egon daiteke, baina ez zaie banatzaileei esleitzen, lokaletik urrun daudelako. Norbait lokalera hurbiltzean, orduan bai, eskaria dagoenaren abisua jasotzen du. Eskariak ordu erdi eraman dezake prest, eta zuk ordu erdi eman hirian bueltaka, baina ez zitzaizun eskaera horren abisua iristen. Zergatik gertatzen da hori? Urruti zeundelako. Eta urrun zeundenez, garestiago ateratzen zaio enpresari. Abisua soilik hurbil zaudenean aktibatzean, dirua aurrezten dute. Dena manipulatzen dute.

Horrez gain, gero eta gutxiago ordaintzen digute. Hasieran, eskariko batez beste 5-6 euro irabazten genuen. Denbora igaro ahala, bataz besteko hori jaisten joan da, 5etik 4 ra, 4 tik 3ra, eta orain 2-3 euro artean ateratzen dugu eskariko. Lotsagarria da.

Denboran ere lapurtzen digute, lokalean itxaroten egoten garen lehen 5 minutuak ez dizkigute eta kontuan hartzen. Bezeroek ematen dizkiguten eskupekoen zati bat ere eramaten dute, orain aplikazioaren beraren bidez kudeatzen baitira. Benetan, gauza horiek lotsa ematen didate.

Errelato hori, enpresa hauetan lan egiteko autonomoetan alta emanda egotea beharrezkoa izateari lotua dago.
Gu autonomoak gara enpresari ez zaiolako errentagarri egiten milaka soldatapeko langile izatea. Autonomo izatean, berdin zaie 10 edo 1000 banatzaile izatea kaleetan, ez baitituzte ordu horiek ordaindu behar. Horrela, Glovoko langileen burbuila bat eratu dute. Lan-orduka beharrean banaketa bakoitzeko ordaintzen digutenez, beraiei berdin zaie aplikazioan ordua ireki eta soilik eskari bat egotea, kalean 10 banatzaile egonda ere – nahiz eta horrek esan nahi duen horietatik 9 ezer irabazi gabe lanean ari direla-.

Gu autonomoak gara enpresari ez zaiolako errentagarri egiten milaka soldatapeko langile izatea.

Teorian, autonomoak eskumena du bere lanari nahi duen prezioa ezartzeko, baina guk ez dugu horretarako inongo aukerarik. Prezioa enpresak ezartzen du. Eta bonuen balioa nahi duten erara igo eta jaisten dute. Gasteizen eskariko oinarrizko tarifa 2.5 eurokoa zen, eta horri ondoren kilometrajea eta banaketa denbora gehitzen zitzaizkion. Oinarrizko tarifa horretatik, bonu aldakorretara igaro ginen, eskari bolumenaren arabera igo eta jaisten zirenak. Printzipioz, eskari kopuru altua zegoenean bonu horiek ere altu egongo zirela esaten zen, eta trukean, oinarrizko tarifa euro batera  jaitsiko zutela. Bonu aldakor horietatik, banu aldakor dinamikoetara pasa gara orain, egun bakoitzean tarifa ezberdin bat dugularik.

Egoera honen aurrean antolatu eta greba eta geldialdiak deitu genituen. Enpresak zioen aldaketa hauen ondorioz diru gehiago irabaziko genuela banatzaileok. Ez da horrela izan, gezurra da. Lan bikoitza egiten dugu eta gutxiago irabazi.

 

eraman koop talaia11

Egoera horretan ez da erraza zuen arazo laboralei erantzuteko antolatzea. Baina egin duzue. Zeintzuk izan dira aurkitu dituzuen zailtasun nagusiak?
Egia da langileon artean antolatzen saiatu ginela, egoerari nolabait erantzuteko. “Zuek bonuak bajatuz gero, guk zuentzat garrantzitsuenak diren orduetan, eskari altukoetan, lan egiteari utziko diogu”, genioen. Baina egia esan, enpresak izugarrizko boterea du.

Guri geratzen zaigun aukera bakarra greba eta geldialdiak egitea da, eta langile guztiok ulertzea gure lanak ordaintzen digutena baino gehiago balio duela. Ezin dugula onartu horrela trata gaitzaten. Langileok hori barneratu arte jai dugu, oso zaila izango da egoera aldatzea.

 

Zeintzuk dira zuen helburu nagusiak?
Helburu nagusiak soldata eta lan baldintzak hobetzea lirateke. Egun ditugunekin oso zaila da lan hau enplegu bakar edo printzipal gisa izatea, guztiz erre gabe.

Gasteiz hiri jasangarriago bat izatea nahi dugu, autoak bizikletengatik ordezkatuz

Aldarrikapen konkretuagoetan zentratuz, enpresa hauek eskariak manipulatzeari utz diezaiotela eskatzen dugu, egiten ditugun kilometroak eta denbora egiaztatzearekin batera. Azken finean, dagokiguna ordain diezagutela. Eta algoritmo sekretu hori agerian utz dezatela.

 

Iazko maiatzean Eraman kooperatiba jarri zenuten martxan, bizikleta bidezko garraio zerbitzu integrala eskainiz. Zer da Eraman eta nola sortu zen?
Eraman pandemia garaian jaio eta konfinamenduarekin batera hedatu zen. Glovon edo beste banaketa-enpresetan ibilitako eta bizikleta gustuko duten kide ezberdinek sortu zuten. Kooperatibatik Gasteiz hiri jasangarriago bat izatea nahi dugu, autoak bizikletengatik ordezkatuz.

Horrez gain, banatzaileek jendartean duten estigma ezabatzea nahi dugu, miseria bat ordaintzen dioten langile gaixoaren estigma.

Helburua beste irudi bat ematea da, Eramaneko uniformearekin txukun-txukun doan riderrarena,  karbonozko bizikleta dotoreekin, lan baldintza duinekin, ongi ordaintzen diotena eta pozik dagoena. Jendartean inpaktu hori sortzea bilatzen dugu. Komertzio lokalaren aldeko apustua ere egiten dugu. Eta hori, lokala – hemengoa, Gasteizkoa – eta ekologikoki jasangarria den alternatiba baten bidez. Gauzak beste era batera egin nahi ditugu.

 

Alternatiba laborala izateaz gain, beste hiri eredu baten aldeko apustua ere bada Eraman, komertzio lokalekin elkarlanean baitzaudete, orain arte etsai gisa irudikatzen ziren bi mundu (komertzio lokal tradizionala eta plataforma ekonomia berriak) batuz.

Funtsean hori da asmoa, ekonomia berri hauei alde positiboa ateratzea, komertzio txikien alde egitea. Guk ezin dugu jendartearen uberizazioa edo “klik” baten bidez guztia nahi izatea ekidin. Baina  bai lortu beharko genuke zu “klik” hori egitera bazoaz, zerbait erosi eta ekar diezazuten, hori langileen soldata eta baldintza duinak bermatzen dituzten enpresen bidez egitea.

Gaur egun fruta-denda, lokal eta negozio ezberdinekin akordioak ditugu, edo ez zaielako Glovo bezalako enpresekin aritzea interesatzen, horren oinarrian dagoen banatzaileen prekarietateagatik, edo negozioa hedatu nahi dutelako, eta plataforma handietara jo beharrean nahiago dutelako kooperatiba txikien alde egin.
Konfinamenduan zehar komertzio askok ezin izan zuten beraien lana ohi bezala egin, eta guk laguntza bat eskaini dugu, ihesbide bat, irekita jarrai zezaten, konfiantzazko zerbitzu jasangarria eskainiz. 

 

Cristina González | Gasteizko ‘Eraman Koop’eko kidea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri