Endika Perez eta Josefina ‘Txefi’ Roco | LAB sindikatuko ekintza sozialeko kideak

IRAULTZA DIGITALA. Askatasunen kaiola bat?

talaia12 ekintza sozialaJosefina ‘Txefi’ Roco eta Endika Perez LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko kideak dira

 

Garai bortitzak bizi ditugu. Teknologia berriek, denboraren presioak eta datuen kontrolak gure bizitzetan aldaketa sakonak eragin eta gure egunerokoaren hainbat dimentsio zeharkatzen dituzte. Zer dugun gustuko, zer kontsumitzen dugun, nondik nora mugitzen garen, zein ordutegitan…. Norberari buruz ia edozer jakin daiteke txartel, bizum edota atari birtualetako kontsulten bidez. Etxean, lanean, auzoan edo metroan; etengabe eta askotariko moduetan digitalizazioak armiarma sare batek bezala funtzionatzen du, zentzuak, denborak, hizkuntza eta hizkerak, erabakiak zein harremanak irauliz. Algoritmoek, baimenik eskatu gabe, guztia definitzen dute.

Euskal Herrian, digitalizazioa 4.0 ekonomia bateranzko gako bezala kokatzen da. NextGenerationEU-ko proiektuek agerian uzten dute eredu hori gure lurraldean bermatzeko borondate politikoa: “ekonomia digitalaren” inplementazioaz EAE estrategikoki kokatu nahi dute Europa mailako lider nagusien artean. Konektibitate gaitasuna, negozio eta administrazio publikoetan teknologien integrazioa, “ekosistema digitalen” garapena, startup-ak eta instituzio arteko elkarlan publiko-pribatua dira gobernuaren eta hainbat instituzioetako agintarien neurri izarrak. Digitalizazioa, euskal lehiakortasunaren adierazle nagusi gisa darabilte.

5G-an oinarrituriko automatizazioa, objektuen eta pertsonen hiper-konektibitate gaitasuna handitzea (“gauzen Internet-a delakoa), plataforma bidezko lan erregulatu gabekoaren sustapena, edota smart city-etan zein nekazaritzaren digitalizazioaren aldeko apustuen atzean kapital metaketa eremu berriak sortzeko erabakia dago.

Horregatik, urruneko eltzea urrez, gerturatu orduko lurrez. Oraingoan ere, betikook ordaintzen dugu letra txikiaren kostua. Goitik behera elite ekonomiko eta politikoek inplementaturiko ekonomia global berria, askatasunen kaiola bat izaten ari da Euskal Herriko langile klasearentzat.

Ustezko aukeraz beteriko mundu bat irekitzearekin batera, aukera errealak eta eskubideak gero eta murritzagoak dira herri-sektore gehienentzat. Prozesu poliedriko bat da, modu anitzetan eragiten duena eta egunerokotasunaren hainbat dimentsiotan. Nagusiki, bi aipatuko genituzke. Lehena, prozesu produktiboaren zein eskubideen ikuspegitik administrazioan izaten ari den eragina. Bigarrena, kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere, garapen teknologikoak oinarri fisikoa duela, eta hortaz hazkunde infiniturik ez dela planeta finitu batean.

Lehenarekin hasita, enpleguaren eremuan, robotizazioaren, uberizazioaren eta telelanaren etorrerak lan merkatua eraldatu dute, langileak ordezkatu eta desplazatuz, tokiko langile kopurua murriztuz eta lan baldintzak okertuz. Efizientzia digitalaren aitzakiapean, sistematizazio algoritmikorantz bideratu nahi da eredu produktiboa, non kasurik onenean langileak aginduak gauzatzen dituzten erreminta besterik ez diren, eta okerrenean zuzenean ordezkatuak diren.

Ekonomia global berria, askatasunen kaiola bat izaten ari da Euskal Herriko langile klasearentzat

Zerbitzuen sektorean bereziki azpimarragarria da nola aldatu den langileen, hornitzaileen eta enplegatzaileen arteko harremana: den dena kontrolatzen eta kalkulatzen da lana definitu eta banatzen duten, eta ordainketak hitzartu eta bideratzen dituzten algoritmoen bidez. Bidenabar, industrian “makinen” eta langileen arteko harreman historikoa jokoan dago: lana antolatzeko giza-gaitasuna robotaren eta bere kode alfa-numerikoen tresna bat bihurtzeko arriskuan dago. Baina, eredu produktibotik harago, garapen teknologiko honek bere aztarna utziz desberdintasun sozialetan sakontzen du.

Bestetik, zerbitzu sozialetara sarbidea “burokrazia digital” batek determinatzen du, zeina klase sozialagatik, adinagatik, ikasketa mailagatik edota hizkuntzagatik milaka pertsonaren aurkakoa bilakatzen den. Ez dugu distopiei buruz hitz egiten, baina administrazio publikoko inplementazio prozesuak aztertuz gero, ikus dezakegu nola logika horiek erreproduzitzen diren, justuki denonak eta denontzako omen diren instituzioen aldetik.

Arrisku handi baten aurrean gaude: euskal administrazio publikoa, bere maila eta eskumen ezberdinetan, makinaria burokratiko digital handi batean bihurtzea, deshumanizatua eta deshumanizantea. Gero eta baliabide gehiago digitalizatzen diren bitartean, gero eta pertsona gutxiagok dituzte berdintasun ikuspegi batetik eremu honetara sartzeko baldintza minimoak. Gaur egungo Euskal Herrian jada ikus ditzakegu digitalizazioaren inplementazioaren ondorioak: kontrol sozialeranzko, bizitzaren fiskalizazioranzko eta pobreziaren estigmatizazio bikoitzeranzko joera bortitzak. Hauek dira, besteak beste inteligentzia, deshumanizazioa eta eskubideetarako sarbidearen murrizketa konbinatzen dituen gobernantza eredu baten “B aldea”.

Digitalizazioa prozesu poliedriko bat da, modu anitzetan eragiten duena

Bigarren ideiari tiraka, Eko- eta inter-dependentzia ikuspegietatik aztertuta, digitalizazioaren ingurumen inpaktua larritzekoa dela esan beharrean gaude. Besteak beste, eskasak, finituak eta Lurraren toki oso zehatzetan aurkitzen diren mineralekiko dependentzia oso handia delako1 . Informazioa gordetzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta hauei loturiko CO2 isurketak oso kaltegarriak dira. Ozeanoak kablez betetzen ari gara eta Afrika munduko zabortegi handi bilakatzen. IKT-ek Lur Arraroak behar dituzte, telekomunikazio dispositiboentzako ezinbestekoak diren 17 elementuren aleazio eta super-aleazioak. Txinak munduko Lur Arraroen %90 inguru kontrolatzen du, eta honek Asiako Erraldoiarekiko dependentzia handia sortarazten du. Bestetik, telefono mugikorren baterietan erabiltzen diren koltana, litioa eta kobaltoa bezalako materialen esplotazioak biodibertsitatearen suntsiketa azkartzen dute eta larrialdi ekologikoa areagotu. Beraz, Adrian Almazani2 helduz, digitalizazioa eta deskarbonizazioa banaezinak badira ez da lehenengoa bigarrenerako tresna izango delako, baizik eta lehena, bigarrenerako oztopo nagusienetakoa delako. Deskarbonizatzeko des-digitalizatu eta des-informatizatu beharko dugu, Ben Tarnoffek azpimarratzen duen bezala.

Teknologiak EZ gaitu salbatuko. Are gehiago, egun, ingurumenarekin amaitzen ari da. Gainera, neokolonialismoan, elitizazioan eta faxismo digitalean sakontzen ari da. Ipar globalean pribilegioak eta gehiegikeriak betikotzen dituen moduan, hegoalde globalean zapalkuntza, lapurreta eta menpekotasuna sakontzen ditu. Gero eta konektatuago dagoen elite globala birkonfiguratuz doa, gero eta baliabide gehiago eta konplexuagoak dituena eta algoritmoen sare zabal baten bidez jarduten duena, zeinak inpaktu lokalizatuak dituen Herri eta lurraldeetan.
Beraz, digitalizazioak eragindako eskubideen murrizketen, bizitzaren prekarizazioaren sakontzearen eta ingurumen zorraren gainezkatzearen aurrean, erakunde sozio-sindikal bezala erronka asko ditugu. Baita zenbait kontraesan. Hauek izendatzea beharrezkoa da gure praktika sindikaletik baztertzailea den digitalizazio prozesuak dakartzan efektu negatiboei aurre egiteko, eta bizitza guztientzat justuagoa den agertoki baterantz joateko tresna bihurtzeko.

Burujabetza teknologikoaren aldeko urratsak eman ditzagun behetik abiatzen den digitalizazio bat eraikitzeko

Industriari dagokionez, Trantsizio Programa bat inplementatzea da erronketako bat, honen kontrol publikoa eta I+Grako inbertsioak trantsizio justu baterako gakoak direlarik: deslokalizazioari mugak jarriz eta bultzatzen diren proiektuetan klausula sozialak ezarriz lan-baldintzak, inpaktu soziala eta ingurumen inpaktua babesteko.

Banka publikoa, parte hartze publikoa, ekonomia soziala eta birlokalizazioa; digitalizazioaren eta larrialdi klimatikoaren erronken aurrean jarduteko proposatzen ditugun ardatz ezberdinak dira; lanaren eta enpleguaren banaketa justu bat lortzeko, aparteko orduen desagerpenaren eta lanaldia asteko 30 ordura murriztearen bidez.

LAB sindikatuan berritutako Programa Sozioekonomikoan mugarik gabeko hazkundearen mitoa baztertzeko posizioa indartu dugu, eta «banaketa hirukoitza» aldarrikatu: enplegua, zaintza eta aberastasuna pertsona guztientzat. Zentzu honetan, gure eguneroko lana proposamen konkretuak sortzean oinarritzen da, eskubideen urraketak borrokatzeko eta lan baldintzetan hobekuntzak ahalbidetzeko. Hau ezinbestekoa da Euskal Herrian digitalizazioaren azkartzearen ondorioz langileok gure aukerak bortizki mugatuak ikusten ari garen honetan.

Mundua zeharkatzen duen mamu berria omen da digitalizazioa. Zer egingo dugu prozesu honen aurrean? Eraldatu ezin daitekeen prozesua da? Nola egin aurre prekarizatzen gaituen eta gorputzak, lurraldeak eta komunitateak bortxatu eta desjabetzen dituen aukeren kaiola honi?

Eraiki ditzagun gure burujabetzak, marraztu ditzagun beste lehentasun batzuk, baliatu ditzagun lanaldien murrizketak zaintzaren banaketari buruzko eztabaidak irekitzeko, erantzun diezaiogun egoerari borondate politiko eta ikuspegi estrategikoarekin, ilusioz eta konpromisoz. Burujabetza teknologikoaren aldeko urratsak eman ditzagun behetik abiatzen den digitalizazio bat eraikitzeko, herri-sektoreen eta langile jendearen mesedetan egongo dena eta hauen bizitzarako beharrei erantzungo diena, egungo gizartearen zutabeak eraldatuz. LABetik ezagutzaren eta teknologia digitalen kontrol publikoa berreskuratzeko apustua egiten dugu: teknologiaren, ezagutzaren eta informazioaren eremuan planifikazio estrategiko eta burujabearen bidez, teknologia digitalen erabilera askatzaile eta berdinzalerako kultura bultzatuz, eta teknologia libreen alde eginez; guzti hau denon zerbitzura egon behar den sektore publikotik abiatuta.

 

Oharrak

1 Serra Portilla, Paz (2019), ¿Queremos avanzar hacia la cuarta revolución industrial? | Itzuli
2 Almazán, Adrian (2021), ¿Verde y digital? | Itzuli

 

Endika Perez eta Josefina ‘Txefi’ Roco | LAB sindikatuko ekintza sozialeko kideak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri