Bidezko trantsiziorako batzordeak

Programa soziekonomikoa aletuz

Aldizkariaren atal berri honetan Programa soziekonomikoaren esparru ezberdinetan sakontzen joango gara, Talaiaren ale bakoitzean programan jasotzen den neurri zehatz bat hizpide hartuta. Lehenengo honetan Bidezko trantsizio batzordeak izango ditugu mintzagai.

Pandemia betean, LAB sindikatuak bere programa sozioekonomikoa berritzeko ariketari ekin zion. Testuingurua zaila zen oso, baina garrantzitsutzat jo genuen irekitzen ari zen ziklo ekonomiko, politiko eta sindikal berriari indarrez heldu eta ipar orratza egokitzeko gogoeta egitea. Gerora etorritakoek beharrizana areagotu eta gure erabakia zuzena zela berretsi besterik ez dute egin.

Ez da nolanahiko ariketa izan. Militantziarekin batera egindako saioak, eztabaidatu, idatzi, ekarpenak jaso, berriz eztabaidatu eta berriz idatzi. Horrela joan gara proposamena ehotzen, ariketa kolektibo etengabean. Ez gara, gainera, sindikatuko afiliazioarekin egotera mugatu, beste hainbat ekarpen eta eztabaida ere izan ditugu borrokan dauden eta bidelagun ditugun hamaika eragile eta militanteekin.

LABen programa sozioekonomikoa beraz, euskal langileriari eskaini nahi diogun bideorria da; gure ekinbide propioa zehazteaz gain, beste sektore sozial, politiko eta sindikalekin eztabaidatu eta aliantzak eraikitzeko tresna. Ez da maximoen ez eta minimoen programa. Modu dialektikoan garatuz doan proposamen integral gisa ezaugarritu nahi izan dugu; etengabeko berrikuspen eta garapenean egongo dena.

Modu honetan, sindikatuaren ondare historikoan oinarritu eta lau iturri ideologikotatik edaten du batez ere gure programak. Bizi dugun larrialdi ekologikoak hala eraginda eta azken Biltzar Nagusien norabidean sakonduz, ekosozialismoa da hartzen duen ardatz nagusietako bat. Esplotazioan oinarritutako sistema bidegabe hau planetaren muga biofisikoekin talkan dagoelako eta edozein alternatiba posible, erreal eta desiragarrik aldagai hori bere muinean kokatu behar duela sinetsita gaudelako.

Aldi berean, ia hiru hamarkada luze daramatzagu sindikatuan feminismoan bidea urratuz eta nola ez, feminismoaren emariak ere elikatzen du gure proposamena. Ekonomia feministaren ekarpenetatik, zor patriarkalaren aitortzatik eta berau iraultzeko proposamenen saiakeratik eraiki nahi dugu gure proiektu politikoa.

Demokratizazioa eta nazio garapena dira presente dauden beste bi oinarri nagusiak. Demokraziarik ez dagoelako merkatu askearen logikari aurre egin eta ekonomiaren gaineko kontrolik gabe, langile eta herri sektoreok gure buruak gobernatzeko dugun eskubidea eta boterea eraiki gabe. Eta nazio garapenaren ardatza ezinbestekoa zaigulako euskal langileok bizi ditugun dominazio forma guztiei erantzun, gure lurraldean erroturiko eredua sortu eta gure hizkuntza, kultura eta kosmobisioak etorkizuna izan dezaten bermatzeko.
Zapalkuntzen elkar gurutzatzeak gorputz eta lurraldetan forma zehatzak hartzen dituzte. Dominazio forma bat bestearen gainean modu zurrunean metatu baino, elikatu eta forma berriak hezurmamitzen dira; Euskal estatua da gure ustez, aipatu oinarri ideologikoetan aurrera egiteko ziklo politiko honetan beharrezkoa dugun tresna. Burujabetza material eta politikoan sakontzeko, Euskal Herriko langile eta herri sektoreon bizitza duinak bermatzeko indar korrelazio berriak garatu eta kontsolidatzeko eta kapitalari muga jarrita agertoki berriak sortzeko behar dugu estatu propioaren geltokia. Are gehiago egungo testuinguru geopolitikoari so egiten badiogu.

LABen estrategia soziosindikalak beraz, prozesu independentista eraldatzailea bultzatu, elikatu eta gorpuztean datza, klase interesak prozesuaren erdigunean kokatuz eta prozesuak klase interesei erantzun diezaion borrokatuz.

 

Bidezko Trantsiziorako Batzordeak. Eredu bat aurrera egiteko

Asmoak asmo, eguneroko borroketan asmatu, bizi baldintzak duindu, egiturazko krisiei aterabidea emateko proposamenak ekoiztu eta langile jendea aktibatuz eta borrokara batuz egingo dugu bidean aurrera.

Berehalako borrokak, hitzarmenetako soldata igoerak, klausula feministak, azpikontratazioa mugatzeko neurriak, lan osasuna bermatzeko akordioak, soldata eta pentsioen arrakalaren aurkako ahaleginak edota gobernu desberdinen aurrekontu politikak baldintzatzeko mobilizazioak erroko aldaketa politiko eta soziala elikatzeko balio behar dute. Orain eta hemen lantokietan eta kalean sindikatuak egiten dituen borroka guzti horiek, langileriaren lan eta bizi baldintzak duintzeko borrokak izateaz gain, aldaketa politiko orokorrerako baldintzak sortzeko batailak dira.

Horregatik zaizkigu ezinbestekoak bata eta bestea- borroka material inmediatoak eta arnas luzeko eraldaketa prozesuak- lotuko dituen hari praktiko eta diskurtsiboa elikatzea. Langile asanbladak egitean borroka ideologikoa egiteko, infoak, negoziaketak, okupazioak, piketeak eta manifak egitean alternatiba egon badagoela eta posible dela aldarrikatzeko. Alternatiba posible egiteko.

Programa sozioekonomikoa erreminta kutxa bat da norabide horretan. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua edukiz bete eta eraldaketan sakontzeko neurriak jasotzen ditugu bertan. Talaiaren hurrengo zenbakietan programaren gakoak aletuz joango bagara ere, energia krisiari eta larrialdi ekologikoari aurre egiteko jasotzen dugun proposamenetako batean egingo dugu oraingoan azpimarra: Bidezko Trantsiziorako Batzordeak.

Batzorde horien proposamenaren funtsa, trantsizioa gauzatzeko behar den planifikazioa aldarrikatu eta bertan langileon protagonismoa lehen lerroan jartzea da. Eraldaketa egun dagoeneko gertatzen ari delako eta muinean beraz berau nork gidatzen duen, eta noren interesak lehenesten diren dagoelako.

Gauza jakina da Patronalak, kapitalaren interesen araberako eraldaketak egin nahiko dituela. Energia krisia eta zuriketa berdearen mantraren atzean, eskulana merketzeko eta pobretzeko neurriak ezarri eta ekoizpen moduetan errentagarritasun ekonomikoa lehenetsiko dira, bigarren mailakoa izanik sozialki eta ekologikoki gehiengoaren mesedetara egingo den trantsizio justuaren helburua.

LABen sinetsita gaude egungo kontsumo, produkzio eta banaketa eredua eraldatu behar dela, material eta energia eskasiaren aroa irekitzen ari dela eta planetaren bioaniztasuna zaindu eta muga biofisikoekin bat datorren garapen eredua behar dugula. Krisi ekologiko orokorra bizi dugu eta hurrengo hamarkadan hartzen diren erabakiak determinanteak izango dira. Guztiok ardura bera ez dugula badakigu, langileok ez baikara eredu honekin aberastu eta planeta suntsitu dugunak, baina gure egiten dugu eredu honek sortutako kalteak zein eredu aldaketa gauzatzeko erantzukizuna. Ezin dugu kapitalaren interesak defendatzen dituztenen esku utzi trantsizioaren lidergoa.

Bidezko Trantsiziorako Batzordeak, langileon parte hartze eta esku hartze zuzena bermatzeko aukera gisa proposatzen ditugu. Jarduera ekonomiko batzuk eraldatu, murriztu, ordeztu edo desagerrarazi behar badira, lehentasunez sektore horietako langileekin planifikatu eta adostu beharko delako. Agerikoa da ezin garela enpleguaren defentsa hutsera mugatu, jarduera batzuk duten inpaktu ekologikoa kontuan izan gabe. Baina, aldi berean, ez dugu onartuko langileon lan eta bizi baldintzak ziurtatuko ez dituen eraldaketa prozesurik. Sozialki, politikoki eta sindikalki areagotuko den eztabaida honetan, lehentasunez langileon uneko eta etorkizuneko bizi baldintzen defentsa kokatzea da gure eginkizuna.

Enpresa bakar batean hainbat neurri hartu daitezke, baina ziurra da sektoreen inguruko erabakiak hartu behar direla. Horregatik, Bidezko Trantsizioaren aldeko Batzordeen egitasmoa bultzatzeko lehen urrats gisa, sindikatuan Euskal Herriko ehun sozio-produktiboaren egoeraren argazkia egin, lehentasunak ezarri eta afiliazioarekin zein bertako langileriarekin proposamenak partekatzea izango da. Aterabideak, bideragarritasun proposamenak, eraldaketaren oinarriekin bat egiten duten plan teknikoak... eztabaidatu eta adostu beharko ditugu.

Modu berean, sektoreetan Bidezko Trantsizio Batzordeak eratzeko borroka egitearekin batera, eskualde mailakoak gara daitezen proposatu beharko dugu. Ezin delako lurralde antolaketa, zerbitzu publikoen diseinu eta trantsiziorako bideorriorik planifikatu bertan lan egiten duten langileen iritzi eta beharrak jaso gabe.

Batzordeok finean, langileok gure etorkizunaren jabe izan gaitezen borrokatzeko aukerak irekitzen dituzte.

Goitik inposatu nahi diguten enplegu suntsiketa, prekarizazio eta kapitalismo berdearen aurrean lanaldi murrizketa, enplegu baldintza duinak, eta zer, nola eta zertarako ekoiztu behar dugun eztabaida eta bideorrian gure protagonismoa defendatzeko. Gure indar guztiekin, egoerari aurre hartu eta gure ekintza soziosindikala erantzun parametroetan baino, bizitza bizigarrien aldeko ofentsiban kokatzea dagokigu.

Larrialdi ekologiko eta sozial betean egonik, beranduegi da pesimistak izateko. Ekin diezaiogun!

Bidezko trantsiziorako batzordeak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri