Komunitateari

Gure egitekoez bi hitz

LAB Sindikatuko Ekintza Sozialeko komunitatea

Lagunartean, lantokian, edo erosketak egitean berbagai direnak abiadura handian aldatu dira azken bi-hiru urteetan. Pandemiaren eraginez, izandako bizipenez edo beronen ondorio sozialez ari ginen duela ez horrenbeste, baina gerra hotsak etxeko atarian entzuteak, oinarrizko produktu eta behar materialen garestitzeak, edo nozitzen ari garen krisi ekologiko eta energetikoak eraldatu egin dituzte gure arteko elkarrizketak. Askorentzako ez dira berriak, prekarizazio eta pobretze prozesuen itsasoan igeri egiten aspaldi gabiltzalako; beste askok, ordea, orain­dik dugun txalupa mantentzeko gai izango garela sinetsita gaude, orain ura xukatzen bagabiltza ere.


Eguneroko lan politiko eta sindikal militantean jarduten garenok bilera, analisi, proposamen eta ekintzaz betetzen dugu agenda, bizitzen ari garen krisialdi garai honen aterabideak langile jendearen eta planetaren zaintza eta interesak lehenetsi ditzan. Ziurgabetasunaren aroa omen da gurea, baina aldi berean konstatazio batzuk izan baditugu. Aurpegi askotariko krisi hau, sistemikoa da; alegia jendarte antolaketa zehatz honek eragindakoa da, eta, beraz, ezinbestean, norabide konkretuan hartutako erabaki politikoek elikatzen dute.


Erasoaldi honen aurrean, inmobilismoan edota orain arteko berdina egiteko joeran gotortu gaitezke, ekitearen inertziak asetuko gaituelakoan, edota botereguneetatik modu sistematikoan saltzen diguten alternatiba ezaren diskurtsoa gure eginda. Ez dugu amua irentsiko.


Bideorria beharrezkoa dugu; iparra, norabidea emango diguna. Sindikatuan ariketa hori egina dugu modu kolektiboan osatutako gure Programa Sozioekonomikoa berritzeko prozesuan. Baina ez da aski. Proposamenak izanik ere, horien bueltan euskal langileriaren gehiengo bat biltzeak izan behar du erronka: jendarte eredu berri baterako desira eta ibiltzeko nahia geroz eta langile gehiagok partekatzea.


Ez gara gu egia osoaren jabe, eskerrak. Horregatik gure proposamenak eztabaidan eta elkarrekintzan jarri nahi ditugu beste agente politiko, sozial eta sindikalekin. Horixe dugun erronketako bat, aliantzen alde denok hitz egin baina benetan horiek eraikitzeko gaitasun eta aukerak soberan ez dauden une honetan. Ahalegin horretan tematzeak izugarrizko garrantzia izango du hurrengo urteetan.


Irekitzen ari den ziklo berriari begira mugimendu sindikal eta sozialak gure buruak berrasmatu eta egokitzeko prozesuetan gabiltza. Apurka bada ere, berrindartzen ari da gure herriko unibertso organizatiboa; lehendik zetozenak berrindartuz, eta abagune honetan sortzen ari direnen giharra handituz. Denen arteko sinergiak eraiki eta agenda sozial partekatua eraikitzeak izan beharko luke epe labur ertaineko geltokia; aldaketa erradikalak eragin eta gure kontinentean barreiatzen ari den indar erreakzionarioari galga jarri eta gaindi­tzeko asmoa badugu bederen.


Modu berean, ezin gara soilik borroka ideologikoaren batailetara mugatu, areago orain eta hemen, geroz eta sektore sozial zabalagoek urgen­tzia materialak bizi ditugulako. Pobrezia eta prekarietaren sakontzeak milaka pertsonen bizi proiektuak baldintzatu eta zeharkatzen dituelako. Urgentzia materialen borroka hori politizatzea dagokigun bezala, borroka hori bera ematea, hau da, lan eta bizi baldintza materialen borroka egitea ezinbestekoa zaigu. Orain arte lantokietan egin bezala, baina praktika eraberrituaz. Baita lantokiez harago ere, kalean zein familia eta lagunarteko harremanetan. Horretarako hartu ditugu azken kongresuan hainbat erabaki; bai ekinbideari begirakoak zein organizatiboak. Horien artean, orain lehen lerrora ekarri nahi dugun lantegiez gaindiko antolaketarako eremua izan nahi duen ekintza sozialeko komunitatea.


Soberan inoiz egongo ez dena gihar militantea delako. Lantokietan eguneroko praktikak erakusten digun bezala, antolakuntza kolektiboak ematen digu gure lan eta bizi baldintzak borrokatzeko boterea. Horrela, aktibazio soziala -herri, auzo eta eskualdeetan militantzia kultura areagotzea- lehen mailako eginkizuna izan behar du. Nola egingo diogu aurre egungo testuinguruari eta datorrenari antolaketa kolektibo eta borrokarako masa sozialik gabe?


Gure auzokideen, lankideen, lagunen... problematiken berri izan eta horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea da kontrabotere sindikalismoaren oinarria.

Horregatik sindikalismoak interbentziorako zailtasunak izan dituen eremuetara zabaltzeko anbizioa, imajinazioa eta gaitasuna biderkatu behar ditugu. Eta horretarako baliagarriak dira masterrak eta ikasketak; baina ez ezinbestekoak. Bai, ordea, lan iraunkorra, gertukoa, umila, enpatikoa eta konprometitua.
Ikasturte honetako erronkez aritu behar ginen eraberritutako Talaiaren lehen atal honetan. Bada, ikasturteaz baino, datorrenari aurre egiteko gako sinple bezain eraginkorrak aipa­tzea deliberatu dugu. Bide luzea eta zaila dugu aurretik eraldaketa eta burujabetza prozesuetan urratsak eman nahi baldin baditugu.

Baina are okerragoa izango da hautu hau egin ezean parez pare izango dugun errealitatea. Energia krisi betean, inflazioaren hazkunde etengabean, larrialdi klimatikoak ardaztuta, ikusezin egindako zain­tza lanen antolaketa bidegabearen aurrean eta aberastasuna esku gutxitan metatzeko birkonfiguratzen ari den sistemaren krisialdi ziklo berrian, zer eskatu zapaldutako Herri honetako langile eta herri sektoreei edota emantzipazio kolektiboa helburu duen sindikatuko kidegoari? Ekintza zuzena gure bizitzen gain. Bizi gogoa, ilusioa, konpromisoa eta elkartasuna. Antolakuntza eta borroka. Pertsonen ongizatean ere eragiten du, Angelek adierazi bezala: «Nire pentsioa 795 eurokoa da, eta diru sarrera horrekin egunez egun konpon­tzea ez da erraza. Beti agertzen dira gastu berriak, eta horrek beti kezkatuta egotea dakar. Psikologikoki kezka iraunkorra da, etengabe pentsatzen egoteak zer eta nola erabiliko dudan, elikadurari loturik hau bai baina bestea ezin dut... derrigorrean konpontzen zara baina ez da erraza».

Komunitateari
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri