Oihan Ostolaza, ekoizpen ereduaren eraldaketa beharraz

Ekoizpen ereduaren eraldaketa: enpleguaren erronka

Oihan ostolazaOIHAN OSTOLAZA ekonomilaria da. Enplegu politiketan aditua, LABeko exekutibako kide ohia. Gaur egun LABeko batzorde sozioekonokikoko kidea da.

 

Gaur egun, lan merkatuan dagoen enpleguaren egoerak lotura zuzena du indarrean dagoen ekoizpen ereduarekin. Ekoizpen eredu kapitalista hauen ezaugarriez hitz egiterakoan, hurrengoak azpimarratzen ditugu.

Lehenik eta behin, kapitala geroz eta esku gutxiagotan batzen ari da. Bigarrenik, eredu hau bateraezina da ingurugiroa eta bizitzarekin; baita, pertsonek bizi baldintza duinak edukitzearekin ere. Hirugarrenik, demokrazia suntsitzen du, jatorria, sexua edo erlijioaren araberako bereizketa bultzatzen du, eskubideak merkantilizatzen ditu eta, inposaketak eta gerrak erabiltzen ditu erabakiak kapital finantzarioaren esku uzteko. Azkenik, generoaren araberako bereizketa betikotzen du emakumeei enpleguaz gain, zaintza lanak ezarriz.

Horren ondorioz, LABen ustez, ezinbestekoa da hiru norabideetan lan egitea: ekoizpen ereduaren eraldaketa sakona egitea, Marx-ek bere garaian erabilitako lan kontzeptua berreskuratzea eta, ekoizpen bitartekoen jabetza pribatuarekin bukatzea.

Ekoizpen ereduaren eraldaketa sakonari dagokionez, eredu kapitalistaren irabaziak maximotu nahiak, lehengaiak agortzeaz gain pertsonek garatzeko dituzten aukerak mugatzen ditu. Klimaren aldaketa, lehengai naturalen agorpena, bioaniztasuna suntsitzea, … eredu kapitalistaren ondorio dira eta, edozein eredu alternatibok esparru honetan eraldaketa sakona burutzea eskatzen du.

Bigarren norabidean murgilduz, – Marx-ek bere garaian erabilitako lan kontzeptua berreskuratzea – lanak naturarekin eta giza harremanetan elkar eragitea ahalbidetuko duen giza jardueraz ari gara, guztientzako onuragarria izango dena. Eredu kapitalistan, aldiz, lana merkatuetan erosi eta saldu daiteken eta ekoizpen zentroetan ustiatzen den giza indar soila da. LABentzat, lana gizarte demokratiko bat eraikitzeko ezinbesteko osagaia da; aberastasuna banatuz, natura errespetatuz eta, ardurak banatzea ahalbidetuko duen lan produktibo eta reproduktiboak barneratuz.

Baina horretarako, enpleguak kalitatezkoak izan behar du. Azken urteetan asko ugaritu da iruzurra kontratazioan; aldi baterako kontratuak erabiltzen dira jarduera iraunkorrak burutzeko. Ezinbestekoa da iruzur honi mugak jarri eta kontratu finkoak zabaltzea. Beste hainbeste gertatzen da aldi partzialeko kontratuekin; krisi testuinguruan asko ugaritu dira, batez ere emakumeen artean, lan baldintzak asko kaxkartuz. Ezinbestekoa da praktika honekin amaitzea eta benetan behar direnean soilik erabiltzea aldi partzialeko kontratuak.

Jardunaldiari dagokionean ere, aldaketak beharrezkoak dira. LABek, 35 orduko lan astearen aldeko apustua egiten du – modu honetan ere, kontziliazio neurriak errazten dira-.  Onartezina da gaur egun dugun langabezia tasa ikaragarria eta, ezinbestekoa da dagoen lana guztion artean banatzea.

Langabeziarekin jarraituz, egungo egoerak babes soziala zabaltzea eskatzen du. Azken urteotako erreformen ondorioz, langabezia prestazioak eskuratzeko baldintzak ugaritu eta gogortu egin dira. Hori dela eta, gaur egun langabezia egoeran dauden langileen heren batek baino gutxiagok kobratzen du langabezia prestazioa. Langabezia prestazioen zenbatekoa ere igo beharra dago, pobrezia muga gaindituz, bizitza proiektu duina aurrera eraman ahal izateko eta bazterketa zein prekarietate sozial arriskua saihesteko. Gure ustez, herritar guztiek lan egiteko eskubidea dute, baina eskubide hori bete ezin denean eta enplegua sortu bitartean babesa bermatu behar zaie.

Eta aldaketak noski, soldatari dagokionean. Geroz eta gehiago dira 1.000 €tik behera kobratzen duten langileak eta soldata horiekin ezinezkoa da modu duin batean bizitzea. Gure ustez gutxieneko soldatak 1.200 €takoa izan behar du eta gizarte honek sortzen du nahiko aberastasun gutxieneko soldata hori bermatzeko.

Natura eta gure bizitzak errespetatzeko bidean, bi arazo azpimarratuko genituzke lehenengo fase batean. Lehenik eta behin, mugikortasunaren arazoa; geroz eta langile gehiagok bizilekutik urrun lan egiten du, egunero autoa hartuz lantegira joateko. Praktika honek  ondorio ekologiko, ekonomiko, lan osasun arlokoak, … larriak sortzen ditu. Neurri desberdinak martxan jartzea beharrezkoa dugu. LABek, bere borroka sindikalaren  parte egiten du afera hau noski. Bestalde, osasunak eskubidea izan behar du lan munduan eta ez ekonomiaren menpe dagoen aldagaia. Osasun galera gehienak prekarietatearekin loturiko faktoreen ondorioaz gertatzen direnez (aldi baterakotasuna, lan erritmo altuak, azpikontratazioa…), prekarietatearen aurkako borrokak osasun eskubidea bermatzen lagunduko du.

Eta, noski, diskriminazioarekin ere amaitu beharra dago. Emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna, justizia sozialeko kontua ez ezik, enplegu eta berpizkunde ekonomikorako ezinbestekoa ere bada. Hortaz, lan eta soldata diskriminazioarekin amaitzeko neurriak ezartzea premiazkoa da, bai lan merkaturatzeari dagokionez, bai eta enpresa barruko diskriminazioari dagokionez ere.

Bukatzeko, euskararen ezagutza eta erabilera normalizatu beharra dago lan zentroetan.

Azkenengo norabidean sartuta, ekoizpen bitartekoen jabetza pribatuan oinarritzen den enpresa kapitalista eredua dago esplotazio eta desberdintasunen oinarrian, aberastasunaren banaketa desorekatuan, klase bereizketan eta lan zentrotik haratago kapitalak lanaren gainean duen nagusitasunean.

Gure ustez ezinbestekoa da gai hau ikuspuntu eko-sozialista batetik aztertzea, ekologiarekin zerikusia duten gaiez gain, zer ekoizten den, nola ekoizten den, norentzako ekoizten den eta irabaziak norentzako diren ere hausnartzeko. Ekoizpen eredua, lan kontzeptua eta enpresa ereduaren eraldaketarekin batera, ezinbestekoa da aldaketa guzti hauek aurrera eramango dituen subjektua eraikitzea.

LABek, herriek beraien etorkizuna erabakitzeko duten eskubidean sinisten dugu, kapital multinazionalen inposaketei aurre egiteko bide bakar moduan. Ezinbestekoa da herrien arteko nazioarteko harremanak eraikitzea TTIP, CETA, TISA, …-en moduko mehatxuei aurre egin ahal izateko.

Era berean, eraldaketaren motorra gure ustez mugimendu sozial eta sindikalen arteko elkarlana da, instituzioei jarraitu beharreko bidea erakutsiz. Euskal Herrian azken urteetan bide hau jarraitu da Eskubide Sozialen Kartarekin eta aurrerantzean sakondu eta aktibatu beharra dago.

Bukatzeko, estrategia sozial eta sindikal honi kontsekuentea izango den jarduera politikoak lagundu behar du, lehen aipaturiko eskubideak bermatuz. Horretarako garrantzitsua da estrategia partekatzea, nahiz eta bakoitzak bere eremuan modu aske batean jardun. Eraldaketa guzti hauek lortzeko bidean, borrokatu beharra dago, langile mugimendua eta gizartea klabe ofentsiboan aktibatu  beharra dugu. LAB horretan dago.

 

Oihan Ostolaza, ekoizpen ereduaren eraldaketa beharraz
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri