Espetxeak apurtu

LAB sindikatuak eta LAB sindikatuko kideok, hamarkadetan zehar hurbiletik bizi izan ditugu espetxeak eta bere eragin zein ondorioak. Milaka ordu eta kilometro, barrutik zein kanpotik, norberak ireki ezindako ateen zarata ezaguna zaigu. Izan daiteke horrenbesteko min eta sufrimendu eragindako errealitatea delako, kartzelaren funtzio eta ereduaren inguruko gogoeta pausatua egiteko tarterik hartu ez dugula azken urteotan. Talaia honekin, begirada desberdinak bildu eta hausnarketa horri ekiteko tresnak eskaini nahi izan ditugu, aurrera begirakoan izan ditzakegun erronkei heltzeko.

Esan dezakegu ez dugula ortzimuga estrategikoan deus aldatzeko arrazoirik. Bizi garen sistema ankerraren txokorik ilunenetakoa da kartzela. Pobrezia eta disidentzia kriminalizatu eta zigortzen den jendartean bizi gara, krisi anizkoitzak zeharkatutako etorkizun ziurgabean. Botere ekonomiko eta politikoaren zaindariek espetxearen funtzio koertzitibo eta errepresiboari eutsi nahi diote, ez bada are gehiago estutu. Oldarraldi erreakzionarioaren programaren muinean irakurtzen ditugu mugak itxi, lege errepresiboak gogortu, polizia gehiago eta autoritarioago eta nola ez, espetxe zigor luzeago eta makurragoen errezetak. Segurtasunaren eztabaida maltzurrari aterabide azkarra emateko modua ere bada: Kapitalari ate berriak irekitzeko apustuarekin batera dator langileon askatasun ekonomiko, politiko eta sozialen murrizketa.

Hala, espetxeak apurtu oihukatu dugu eta oihukatzen dugu eztarria urratu arte. Eta gurean, espetxeak apurtu, euskal borrokalari politikoak bertan giltzaperaturik dituztelako aldarrikatzen dugu. Justizian oinarritzen den bakea eraikitzeko, aurreko fase politikoaren ondorioei aterabidea eman behar zaielako, eta horrek ezinbestean preso politikoen askatasuna galdegiten duelako etorkizuneko elkarbizitza demokratikorako inbertsio gisa.

Eta gurean, espetxeak apurtu diogu ere, zigorrean eraikitako sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazistaren ikur ukaezina delako. Ideologikoki salatzen duguna, praktikan egunero berresten dugulako. Enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna modu justuan banatzeari uko egiten dion jendartean, espetxearen funtzioa egungo status quo-a mantentzea da, eta hortaz, sistema penitentziarioaren amaiera, kartzelaren abolizioa, esplotazioan eta zapalkuntzan oinarritutako sistemarekin amaitzeko aldarri bilakatzen da. Estatuaren biolentziaren monopolioaren adierazpen iraunkorra baita espetxe sistema.

Ohi bezala, ordea, gauzak ez dira zuri edo beltz. Espetxeen abolizioak behar ditu ezinbestean bertara heltzeko igarobideak, hutsala den aldarrikapen bihurtzerik nahi ez badugu behintzat. Proposamen eraldatzaile orok behar du programa sendoa zein eguneroko errealitateari erantzungo dion praktika politikoa. Eta bitartean zer? galderari erantzunak ematen saiatzeko ahalegina, funtsean.

Zergatik heldu behar diogu eztabaida honi orain euskal sindikalismo eraldatzailetik? Zerk ezaugarritzen du LABentzat espetxe politika eta ereduaren inguruko eztabaida 2025ean eta Euskal Herrian? Bada, Ezker Abertzaleak eragindako ziklo politikoaren aldaketak sortutako agertokiak gauzak aldatu izanak, gutxienez elkarloturik dauden bi ardatzetan.

Lehena, preso politikoen auziari dagokiona. Izan badirelako oraindik orain haien jardun politikoaren ondorioz espetxean gatibu ditugun kideak. Egon badirelako oraindik ere legeak, borrokak eta egoerak arrazoi politikoen ondorioz espetxea zapaltzera eraman gaitzaketenak. Baina, aldi berean, ukaezina da konfrontazio politiko armatuaren ondorioz zigortutako kideen etxeratze prozesuan urrats esanguratsuak eman direla, lorpen atzeraezinak eskuratu ditugula eta eszenatoki berria ireki dela. Zigor batuketarekin batera, dispertsio politikaren amaiera da garaipen handi bat. Presoak Euskal Herrian elkartuta egonik, badugu ardura kaleratze prozesua azkartu eta berau baldintza duinetan garatu dadin. LABek ardura politiko eta historikoa du prozesu horretan, eta konpromiso horretatik zehaztu behar du zein den egun euskal sindikalismo eraldatzailearen papera, baita dagokion esku hartzearen nolakotasuna ere.

 
 

Deskargatu aldizkaria PDF formatuan

 

Bigarrena, 2021ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Estatutuak jasoa zuen espetxe eskumenaren eskualdaketaren gauzatzea litzateke. Zigor Kodea -delituen definizioa, gradu eta zigorrak- eta legedi penitentziarioa estatu espainolean arautzen jarraituko badira ere, azpiegituren eta langileen eskualdatzea ekarri du eskumenaren transferentziak, eta horrek eszenatoki berri bat ireki du, bertan lanean ari diren presoen egoeraz, espetxean lanean ari diren kolektibo desberdinen izaeraz eta oro har kartzelen funtzio eta ereduaz eztabaida areagotzen diguna. Nahi eta nahi ez, errealitate honek sortzen dituen galdera zahar eta berrien aurrean erabakiak hartu beharko ditugu.

Zigor araudia eta espetxeei dagokiena Madrilen esku egonda ere, kontuan hartu behar dugu EAEn eskumenak izateak eragina duela politika penitentziarioaren zenbait alderdi garrantzitsutan bestelako erabakiak hartzeko aukera irekitzen baita: azpiegituren nolakotasunean, presoen erregimenaren nolakotasunean, presoen arlo tratamentalari loturiko neurriak ezartzean (ikasketak, lana, kirola, kultura,...), eta politika penitentziarioaren ereduaren aldaketan.

Espetxeen abolizioa ortzimugan, Zigor Kode propiorik eta oraindik Estatu tresnarik izan gabe ere, egungo eskumenekin urratsak eman daitezke jadanik. Egungo eraikinen arkitektura eta beharrezkoak diren azpiegituren inguruko eztabaida eginez, erregimen itxiaren eredua zalantzan jarri eta 3. gradua orokortzeko urratsak sustatuz; ikasketak, kirola eta kulturaren eskaintza antolatzeko neurri eta programen beharrezkotasunaz eta oro har zigorrean oinarrituriko eredua bultzatu ordez, prozesu hezitzaileak eta birgizarteratzea helburu duten politikak bultzatuz. Guzti honek, finean, egungo espetxe ereduari pisua kendu eta bestelako formulei zentralitatea ematea ekarriko luke.

Bide beretik, espetxeetan lanean dihardutenei begira jarrita, gure eskaintza sindikala zehazteko ariketa ere egitea dagokigu: nor eta nola antolatu nahi dugun, eta klase interesak defendatzeko proposatu nahi dugun ekintza sindikalaren lerro nagusiak zeintzuk izan behar duten definitu beharko dugu. Finean, mundu luze eta zabalean askapen prozesuan murgildutako herriek zein emantzipaziorako bidea urratu duten klase sindikatuek une historiko desberdinetan askatu behar izan dituzten lokarriei heldu behar diegu guk ere.

Egungo testuinguruak eta kapitalari espazio guztiak disputatu eta burujabetza prozesuan eragiteko dugun bokazioak, espetxeen eremua orain artekoa baino begirada zabalagoarekin aztertzera derrigortzen gaitu, beraz. Zigorraren kultura ideia errakzionarioen ongarri emankorra da. Horri jendarteak oro har espetxe barruan gertatzen denaren inguruan duen ezagutza urria gehituta, ezberdina denaren aurkako gorrotoak badu non elikatu. Langileon artean sustatu nahi duten proposamen atzerakoiaren aurrean, espetxeak irekitzearen,, antipunitibismoa sustatzearen eta bizi baldintza duinen aldeko borrokei ekitea da zalantzarik gabe klase elkartasuna eraikitzeko modua.

Espetxerik gabeko jendartea ortzimugan, trantsizio bideak marraztu beharko ditugu, eta bide hori egiteko euskal sindikalismo ekosozialista, feminista eta antiarrazistaren rola eta esku hartzea zein izan behar den zehaztu beharko dugu. Ez da erronka makala.

Espetxeak apurtu
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri