Etxebizitza legeak aztergai

Hego Euskal Herrian etxebizitza eskubideari eragiten dion marko juridikoa

Erreportaje honetan Hego Euskal Herrian etxebizitza eskubideari eragiten dion marko juridikoa aintzat hartuta (bai indarrean diren legeen zein eztabaidagai jarraitzen dutenen analisia eginda), etxebizitza eskubide subjektiboa errealitate bilakatzeko dauden aukeren errepaso bat egiten da. Azterketa alokairuen prezioei mugak jartzeko dauden neurri posibleetan zentratzen da batez ere.

Etxebizitzaren gaiak zentralitate handia hartu du azken hilabeteetan espainiar estatuan, etxebizitza eskubidearen aldeko hainbat eragile sozialen presio eta mobilizazioari esker lege-aurreproiektu bat aurkeztu baitu espainiar gobernuak, PSOE eta Unidas Podemosen arteko negoziaketen ondoren. Estatuko lehen etxebizitza-legea onartzeko prozesua abian da, beraz. Aurkeztu berri duten lege-aurreproiektu horretan, hiru politikaren bidez aurreikusten da etxebizitza eskubidea eskubide erreal bilakatzea: lehena, alokairuen prezioei kontrola ezartzea; bigarrena, etxebizitza babestuaren parke publikoa handitzea; eta, hirugarrena, bizitoki-alternatiba gabeko etxegabetzeak debekatzea (orain dekretuz debekatuak dauden arren praktikan martxan jarraitzen dutenak).
Hiru helburu horiek definitu dituzten arren, etxebizitza eskubidearen defentsan antolaturik dauden eragile sozialetako askok horiek inplementatzera begira lege-aurreproiektuan agertzen diren neurriak eznahikoak direla ohartarazi dute. Dena den, etxebizitza-legea ofizialki onartua izan aurretik tramite parlamentario osoa pasa behar du oraindik, eta emendakinen bidez aldaketak txertatzea posible izango da, adosten diren akordio parlamentarioen eta indar-harremanen araberakoak izango direnak. Neurri anbiziosoagoak barnebilduko dituen legea onartzeko aukera mahai-gainean dago oraindik horrenbestez, eta hurrengo hilabeteetako bataila politikoek determinatuko dute azken emaitza.
Hala eta guztiz ere, Hego Euskal Herrian, bai Nafarroan eta bai EAEn, etxebizitza-lege propioak ere badira. Eta hiru lege horien (estatukoa, EAEkoa eta Nafarroakoa) uztarketak markatzen du Hego Euskal Herrian etxebizitza eskubidea eskubide erreal bilakatzeko edo-ez dagoen aukera.

Prezioen kontrola

Estatuko etxebizitza lege-aurreproiektuan etxebizitzaren eskubidea eskubide erreal bilakatzeko ezarri den neurri gakoetako bat alokairuaren prezioen kontrolarena da; Batez ere, Hego Euskal Herrian, babestutako etxebizitzen alokairurako zein erosketarako dauden eskariak eskaintzen oso gainetik daudelako oraindik, eta, horrenbestez, etxebizitzarena eskubide erreal bilakatzeko geratzen den aukera jabetza pribatuko etxebizitzen alokairuei mugak jartzea delako. Azken finean, etxebizitza parke publiko sendorik ezean, jabetza pribatuan eragiten saiatzea da geratzen den alternatiba ia bakarra, epe motzeko perspektiban jarrita behintzat. Arazoa da, kontrol hori aplikatzeko dauden mekanismo errealak oso mugatuak direla.
Estatuko legean aurreikusten diren aukerak aztertzen hasita, alokairuen prezioak mugatzea benetan prozesu konplikatua izango dela argi ikusten da. Hasteko eta behin, hainbat baldintza ezartzen dira alokairuak mugatzeko neurriak hartu baino lehen eman beharrekoak. Aurrenekoa, azken urteetan prezioak neurriz kanpo hazi diren eremuak (herri edo auzoak) prezio tenkatuen gune deklaratu beharko dira. Tenkatutako guneak deklaratzeko ere, aurrez beste hainbat baldintza betetzea ezinbestekoa izango da, gainera. Horietan bat, hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko karga norberaren edo bizikidetza-unitatearen aurrekontuan, familien batez besteko diru-sarreren edo batez besteko errentaren % 30 baino handiagoa izatea. Beste baldintzetako bat, eremu horretako etxebizitzen erosketa- edo alokairu-prezioa autonomia-erkidego horretako KPIaren gainetik % 5 baino gehiago hazi izana azken bost urteetan. Prezio tenkatuen guneak hiru urteko iraupena izango du, eta, ondoren, urtez urte luzatu beharko da, behar izatekotan. Prezio tenkatuen guneak deklaratzeko eskumena autonomia erkidegoek izango dute (eta alderdi popularrak abisatu du jada, beraiek gobernatzen dutenetan ez dutela halakorik egingo).
Behin prezio tenkatuen gunea deklaratua dela, alokairu prezioei mugak jartzeko bi irizpide daude. Bata: tenkatutako gune batean alokairu kontratu berri bat egitean ezingo da aurreko kontratuaren preziotik gorako ezer sinatu, hots, aurreko kontratuaren prezioa izango da alokairu berrien topea. Eta, bestea: prezioen erreferentzia-indize bat sortzea aurreikusten du legeak, eta indize horren bitartez ezarriko lirateke alokairuen prezioen mugak. Adierzale hori, ordea, ez dago sortua oraindik, eta sortze prozesua 18 bat hilabetez luzatu daitekeela diote gobernutik. Oztopo horiek gutxi balira bezala, indize hori soilik etxebizitza-jabe handiei aplikatzea litzateke posible (10 etxebizitza baino gehiago dituztenak eta pertsonalitate juridikoa dutenak, ez pertsona fisikoei, horiek libre geratuko lirateke). Ikus daitekeenez, elementu guzti horiek izugarri zailtzen dute alokairuen prezioei praktikan mugak jartzea estatuko legea jarraituta. Hemen, hala ere, aukera hori Hego Euskal Herriko lege propioekin harremanean aztertu behar da.

EAEn ez aurrera ez atzera

EAEko etxebizitza-legea (PSE, EHBildu eta UpyDk babestua) 2015. urtetik dago indarrean. Formalki estatuan eztabaidagai dagoen legea baino harago doan arren (etxebizitza herritarren eskubide subjektibo deklaratzen du, eta botere publikoen erantzukizuna da hori betearazteko mekanismoak jartzea), ez da aplikazio praktikoan aurrerapauso handirik eman (ez alokairuen prezioei ezta etxebizitza parke publikoari dagokionez ere). Alokairuen prezioak mugatzeko mekanismoei dagokienez, etxebizitza pribatuak alokairuan jartzea bultzatzeko kenkari fiskalen aukera da ematen duena, baina datuei erreparatuta argi geratzen da efektu praktikorik lortu ez dela. Alokairuen prezioek hazten jarraitu dute 2015etik hona.
Egoeraz jabetuta-edo, pizgarri ekonomikoez gain, neurri hertsatzaileak barnebiltzen dituen dekretua onartu zen iaz, 2021ean. Hain zuzen ere, etxebizitza hutsei kanona ezartzea ahalbidetzen duen dekretua. Kanonarekin etxebizitza-hutsen mobilizazioa bilatzen da, horrela alokairuko etxeen eskaintza handitu eta prezioak jaistea bilatzen delarik. Kontuan izatekoa da udalerrien esku dagoela etxebizitza hutsen zerrenda egitea, baita kanona bera aplikatzea ere. Gainera, etxe hutsen kalifikazioa nahiko malgua da, bigarren etxebizitzak kategoria horretatik kanpo geratzen baitira. Horregatik, ez du ematen neurri honek ere behar besteko eraginik izango duenik alokairuen prezioei dagokienez. Dena den, dekretuak muturreko egoeretan “nahitaezko alokairua” aktibatzeko aukera ere ematen du, baita desjabetzeak egitekoa ere.

Nafarroan legea gaurkotzen

Ezberdina da Nafarroako egoera. PSN, Geroa Bai eta Podemosek orain arte indarrean zen etxebizitza-legea berriztea adostu dute (azken urteetan onartutako arau ezberdinak batzea asmo duena, tartean etxebizitza eskubide subjektibo deklaratzen duena ere), horretarako lege-proposamena aurkeztu dutelarik jada. Lege-proposamen horren berritasun nagusiak hainbat dira. Horietan bat, etxe-jabe handien erabilera gabeko etxeak desjabetzeko mekanismoak definitzen dituela. Beste berritasun bat da, alokairuen errenta arautzeko baliabide baten sorrera planteatzen duela: alokairuen iraunkortasun indizea. Indize horren bitartez alokairuen gehienezko prezio bat finkatzea da asmoa, tokiz toki.
Alokairuen prezioen kontrola ezartzeko neurri nagusian zentratuz, alokairuen iraunkortasun indizean, nabarmentzekoa da erreferentziazko prezioen topeak definitu arren, ondoren ez direla hori aplikatzeko neurri zehatzak garatzen. Nahiz eta egia den oraindik legeak tramite parlamentario osoa igaro behar duela, eta, bertan, mekanismo zehatzak txertatzea posible izango dela. Horri lotuta, kontuan hartzeko elementua da gobernuak gehiengo parlamentariorik ez duela, eta legea onartzeko negoziazio prozesu bat ireki duela EHBildu eta Izquierda-Ezkerra alderdiekin.

Zenbait ondorio

Legeen errepaso honek zerbait argi uzten badu, etxebizitza eskubide subjektiboa eskubide erreal bilakatzeko dauden zailtasunak dira. Hego Euskal Herrian formalki hala onartua dagoen arren, praktikan errealitatea izan dadin mekanismo zehatzak sortzea, eta jadanik posible diren neurriak era ausartean aplikatzea nahitaezkoa izango da. Horretarako, ezer baino lehen, borondate politikoa behar da. Eta borondate politiko hori garatzeko zailtasunak egon badira. Batez ere, etxebizitzen alokairuen errenta, higiezinen jabeek 2008ko krisia eta gero beraien estatusa mantentzeko izan duten sostengu ekonomiko garrantzitsuenetako bat, arriskuan jar daitekeelako. Horrek beldurra sortzen die alderdi politikoei termino elektoraletan, errenta horiek eskuratzea espero duen bozkatzailearen perfila transbertsala baita ideologikoki. Eta, aldi berean, elementu bat argi uzten du: jabetza pribatua bera zalantzan jarri gabe nekez hartu daitezkeela arazoa konpontzeko potentzialitatea izan dezaketen neurriak. Horretarako bataila ideologiko-kultural oso bat eman beharko da, etxebizitzen erabilera-balioa truke balioari gailentzeko, interes partikularrari interes orokorra.

Etxebizitza legeak aztergai
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri