Fernando Uztárroz | Landare elkarteko kidea

«Eredu intentsibo eta industrial honetatik, eredu estentsibora trantsizioa pentsatu beharra dugu»

talaia11 landare elkartea Landare produktu ekologikoen kontsumitzaileen Iruñerriko elkarte bat da
 

 

Gaur egungo hirien erronka nagusienetakoa elikadura burujabetzarena da. Sarrera gisa eta gaia kokatzen saiatzeko, zeri buruz ari gara elikadura burujabetzaz ari garenean?
Elikadura burujabetzak elikadura eta osasuna lehenesten ditu, negozioaren aurretik. Horrenbestez, jendarte osasuntsuak eraikitzeko dugun ezinbesteko tresnetako bat da.
Besteak beste, honako elementu hauetan oinarritzen da:
(1) Elikadura autosufizientzian, hau da, tokiko produktuak, hurbilekoak, kilometro zero deiturikoak ekoitzi eta kontsumitzean.
(2) Bidezko merkataritza garatzean, ekoizleari prezio duin bat ordainduz, beraien produktuak erosiz, esportazioekin konpetentzian sartu gabe, prezioen lehian.
(3) Sasoiko produktuak kontsumitzean.
(4) Ekoizle eta kooperatiba txikiei erostean, kontsumo lokalaren beharrei erantzungo diotenak, esportaziora dedikatu baino lehen. Finean, lurraldean errotutako ekoizleekin lan egitean.    (4) Natura, pertsona eta animaliak errespetatzen dituen ekoizpen ereduak bultzatzean, osasunerako kaltegarriak diren kimikorik gabeak, lurra zaintzen eta aberasten dutenak.

 

Egun, elikagaien ekoizpen eredu hegemonikoa, eredu agro-industriala da. Eredu hau enpresa transnazional handien menpe dago, ekoizpen, distribuzio eta kontsumo kate osoa kontrolatzen dutelarik. Beraz, korporazio horiek dute zer ekoizten eta kontsumitzen den erabakitzeko ahalmena.

Elikadura burujabetza jendarte osasuntsuak eraikitzeko dugun ezinbesteko tresna da

Hori horrela da, eta horregatik sortzen da, horri erantzun gisa, elikadura burujabetzaren ideia.
Eredu honek kontaminazioa, ekosistemen suntsipena, deforestazioa eta populazioaren desplazamenduak sortzen dituela salatzen dugu. Gainera, lurraren, animalien eta pertsonen esplotazioan, kalitate baxuko elikagaietan eta langileen prekarietatean oinarritzen da.  Azken finean, biodibertsitatea kaltetzen du. Gero eta dibertsitateko gutxiago dugu elikagaien ikuspuntutik, eredu agro-industrial honetan komertzializatzen ez diren produktu asko galbidean baitaude. Esaterako, Europan ehundaka sagar mota izan ditzakegu, baina horietatik lauzpabost soilik komertzializatzen direnez, gainontzekoak pixkanaka desagertzen joango dira.
Eredu intentsibo eta industrial honetatik (zeinak antibiotikoak, pentsua, makinaria, kontaminazioa eta neurrigabeko produkzioa dituen ardatz), eredu estentsibora trantsizioa pentsatu beharra dugu (ekosistemen zaintza eta biodibertsitatea ardatz izango dituena).
Elikadura pertsonen eta planetaren osasunaren zerbitzura egon behar da, ezin daiteke negozio huts izan. Dena den, egia da dugun eredu hegemonikoa dugula, baina horri espazioak jan edo irabazi behar dizkiogu, alternatiba erreal eta jasangarriak hauspotuz.

 

Egungo makro-hiriak ez dira jasangarriak, kanpo horniduren menpe dauden zulo beltz bilakatu dira. Nola garatu elikadura burujabetza baldintza horietan? Zein estrategia errealista gara daitezke hirietan elikadura burujabetzaren norabidean?

Elikadura pertsonen eta planetaren osasunaren zerbitzura egon behar da, ezin daiteke negozio huts izan

Makro-hiri hauek onurak baino kalte gehiago dituzte. Instituzioetatik landa-eremuetako zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustua egin beharko litzateke, herritarrak bertan finkatzeko, eta hirien amaigabeko hazkundea geldiarazteko. Hiri erraldoi horiek eraikitzen jarraitzea ekidin beharko litzateke, landa eremuen despopulazio prozesuari aurre eginez. Azken finean, landa eremuetan produzitzen denaz bizi baikara.
Horrez gain, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatuz, hiri handiak hurbileko lurraldeetan ekoitzitako produktuez hornitu beharko lirateke. Hau da, metropolizazio tendentziak murriztu bitartean, hirietatik hurbilen dauden lurraldeetan produzitu beharko lirateke elikagaiak, zero kilometro filosofia jarraituz. Dena den, egia da, galderan diozun bezala, egungo makro-hiriak zulo beltzak direla, eta izugarrizko kontsumoa suposatzen dutela.
Guzti honi irtenbidea aurkitzeko borondate politikoa egotea nahitaezkoa da. Politikoki hori argi izan arte, hiriak soluzio zaileko zulo beltz izaten jarraituko dute. Instituzio eta komunikabideetatik, landa eremuen onurak aldarrikatu beharko dira, eta bertan era duinean bizitzeko zerbitzuak garatu.

 

talaia11 landare

Argazkia: Landare elkartea

 

 

Nola gara daiteke beste ekoizpen-eredu bat, ekologikoa eta jasangarria, produktuak hiri handietan ere eskuragarri egotea bermatzeko gai izango dena?
Hasteko, elikagaiei benetan duten balioa eman behar zaie, produktuaren balio ekonomikoari ingurumen- eta gizarte-kostuak gehitu behar zaizkiolarik.
Bigarrenik, landa-inguruneko bizitza babestu behar da, gertuko elikagaiak, sasoikoak eta osasungarriak ekoizteko ditugun espazio bakarrak baitira. Ez ditugu beste kontinente batzuetako lurrak xahutu behar, gure hirien inguruan ditugunak landu baizik. Milaka ekoizpen txikik beharrezko ditugun kantitateak produzitu ditzakete eta kalitate hobean.  Gainera, tokiko ekoizleak duintasunez bizi ahal izatea bermatzeko aukera ere badira.
Hirugarrenik, makro-hirietan kontsumo taldeak garatu beharko dira, kooperatiba eta ekoizle txikiekin elkarlanean arituz, kontsumitzaileen beharren araberako produkzioak planifikatuz. Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak ahalik eta estu eta gertukoenak izan beharko lirateke.
Bestalde, apunte gisa, hiri-baratzeek ere beraien ekarpena egin dezakete, ekoizpenaz gain (produkzio maila altuak izatea zaila baita), produktu on baten aberastasunaz jabetzen eta hori baloratzen laguntzen baitute, komunitatea eta gizarte-harremanak indartzearekin batera.

 

Baina, beste ekoizpen eredu batez gain, beste kontsumo eredu bat ere beharrezkoa izango da.

Beharrezkoa dena soilik erosten eta kontsumitzen ikasi behar dugu

Hala da. Tokikoa, hurbilekoa eta sasoikoa den kontsumoak garraio gastu handiak saihesten ditu; produktuen, osasunaren eta lurraren kalitatea hobetzen du; askozaz gutxiago kutsatzen du; tokiko ekonomia indartzen du, non aberastasuna lurraldean bertan geratzen den; lehia lankidetzagatik ordezkatzen du.
Horrez gain, beharrezkoa dena soilik erosten eta kontsumitzen ikasi behar dugu. Ez genuke elikagairik bota behar. Horretarako, produktu ezberdinak prestatzen, kontserbatzen eta jaten ikasi behar dugu.

 

Landaretik, hirian bertan (Iruñean), elikadura burujabetzaren bidean pausuak emateko alternatiba lokal bat martxan jarri duzue. Kontsumitzaile ekologikoen elkartea zarete. Zein dira zuen helburuak?
Hainbat helburu markatzen ditugu, eta horiek lortzera bidean hainbat aktibitate proposatzen ditugu, gure estatutuetan jasoak daudenak.
Helburuak, laburbilduz, hauek lirateke: Lur eta jendarte osasuntsuen alde lan egitea. Horretarako, Nekazaritza Ekologikoaren balioak eta produktuak zabaltzeko ahalegina egiten dugu, irisgarri jarriz (elkartearen bidez sorturiko dendetan, adibidez). Horri begira, herritarrengan natura errespetatzen duten produktuen kontsumoa sustatzea beharrezkoa dugu.
Esan bezala, horiek hainbat jardueren bitartez garatzen saiatzen gara: hitzaldi eta argitalpenak, tailer ezberdinak…

 

Eta nola antolatzen zarete?

Elikagai ezberdinak prestatzen, kontserbatzen eta jaten ikasi behar dugu

3.700 bazkide inguru gara. Horrek esan nahi du 10.000 kontsumitzailera irits gaitezkeela, gutxi gora-behera.
Urteroko batzar orokor bat dugu, eta urtean zehar lanean jarduten diren hainbat batzorde. Orain adibidez, gure dendetan ontziak eta hondakinak murriztea helburu duen batzorde berri bat osatu dugu. Era berean, elkartekideek eskaintzen dituzten hainbat tailer egiten dira, beti borondatezkoak (urtean bazkide bakoitzak gutxieneko bi lanordu egiten baititu elkartearentzat).
Bestalde, elkartean hogeita hamalau langileko talde tekniko bat dago. Talde horretan, hainbat ardura banatzen dira: gerentzia, administrazioa, erosketak, eta produktuak berritzeko eta saltzeko lanak.
Egun, bi denda ditugu, bata Iruña-Rotxapean eta bestea Atarrabian, eta hazten goaz.

 

Zein erronka dituzue hemendik aurrera?

Hirietatik hurbilen dauden lurraldeetan produzitu beharko lirateke elikagaiak, zero kilometro filosofia jarraituz

Gure erronka nagusia bazkideen parte-hartzea handitzea da, horrek Landare bera, baina baita proiektuaren atzean dagoen filosofia indartzea eta hedatzea baitakar. Horrela, elkartea bera baino, elikadura burujabetzaren ekimenak bultzatzea nahi dugu, horri erantzuteko formula egokiak bilatuz.
Horri begirako hausnarketa prozesu batean murgildurik geunden (eta parte-hartze altua izaten ari ginen), baina pandemiaren ondorioz geratu behar izan genuen. Orain, prozesuaren emaitzen zain gaude, berehala izango ditugunak. Guzti honek, elkarte eraginkorrago bat lortzeko helburuari erantzuteaz gain, gizarte justu eta osasuntsuago baten aldeko lanean sakontzea ahalbidetuko digula uste dugu.
Bukatzeko, buletin berri bat kaleratzera goaz, 0 zenbakia jadanik prest dugularik. Buletin horren bidez, partaidetza erraztea, elkar ezagutza maila handitzea eta elikadura burujabetzaren mundu aberasgarri eta beharrezkoaren ezagutza handitzea nahiko genuke.

Fernando Uztárroz | Landare  elkarteko kidea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri