Iratxe Delgado | LAB ekintza soziala

Etxebizitza eskuragarri eta duina langile guztiontzat!

Langileon borrokarako lubaki (ez hain) berriak

 

Iratxe Delgado LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko kidea da

Prekarizazioa lantokietan eta lantokietatik kanpo

LABen kapitalaren eta bizitzaren arteko talkan arreta jarriz begirada zabaltzeko apustua egin genuen. Prekarizazio eta desjabetze prozesuak enpleguaren eremutik harago ere ematen dira, eta gure bizitzako eremu ezberdinetan pairatzen dugun prekarietateak beste guztietan eragina dauka. Labur esanda, kapitalismoak bizitzeko beharrezkoak zaizkigun baliabideez desjabetu gaitu langileok eta beraz, oinarrizko behar horietara sarbidea soldatapeko lanak eta merkatu kapitalistan dugun kontsumo gaitasunak ematen digu. Honek langileon bizi baldintzak erabat baldintzatzen ditu bai plano materialean (eskubidea aitortzeaz harago sarbide erreala izatea) zein sozialean (ardurak indibidualizatuz eta gure beharrak bide horietatik asetzeko gai ez garenok estigmatizatuz).

Prekarizazioa eta muturreko desjabetzea kapitalismoaren fase honetako ezaugarri nagusietakoak dira, eta horretarako bizitzako eremu ezberdinetan artikulatzen den estrategia darabil kapitalismoak. Sindikatu bezala hurbilena zaiguna lan baldintzen prekarizazioarena eta lan eskubideen ezabapenarena da, kapitalismoarentzat produktiboa den esferan plusbalioa maximizatzeko. Baina honekin batera, zerbitzu publikoen eta oinarrizko beharrizanen edo eskubide sozialen merkantilizazioan ere jarri behar dugu arreta. Europa mendebaldeko gizarteetako kapitalismoaren fase honetan, aberastasunaren metaketa bilatzeko bizitzaren erreprodukzioaren esferako merkantilizazioa eta desjabetzea ezinbesteko elementu bihurtu dira eremu produktiboan kapitalak aurkitzen dituen mugen aurrean (zaintza lanen prekarizazio eta familiarizazioarekin, Hegoalde Globalaren espolioarekin eta sarraski ekologikoarekin batera).

Kapitalismoak bizitzeko beharrezkoak zaizkigun baliabideez desjabetu gaitu langileok

Horrela bizitzaren erreprodukzioaren eremuan ere langileok sortutako balioa xurgatzen du kapitalak, lanaren esferan lapurtzen diguten plusbalioaren osagarri. Hau zuzenean loturik dago zerbitzu publikoen pribatizazioarekin eta bizitzeko oinarrizkoak diren beharrizanen merkantilizazioarekin, zein horiekin ematen den espekulazioarekin. Etxebizitzarena eremu zentraletako bat da horri dagokionez. Etxebizitza eskubidea ezinbestekoa da bizi-baldintza duinak izateko, baina erabilera sozialaren eta funtzio sozialaren gainetik merkantilizazioa, espekulazioa eta aberastasunaren metaketa lehenesteak ondorio sozial larriak eragiten ditu.

Oinarrizko beharrizana, urraturiko eskubidea eta prekarizazioaren zutabe


Etxebizitza bizitzarako oinarrizko espazioa da, beste oinarrizko beharrizanen asetzearekin lotura zuzena daukana: elikadura, zaintza, osasuna, intimitatea... Beste hainbat eskubide sozialekin lotura estua ere badauka, izan ere, errolda ezinbestekoa da zerbitzu sozialetara, osasun eta hezkuntza sistemetara edota banku sistemara sarbidea izateko.

Baina egun erdigunean jabetza pribatua, merkantilizazioa eta espekulazioa jartzen dituen etxebizitza politikak oinarrizko beharrizan hori estrukturalki ukatzen du. Ez hori bakarrik, etxebizitza eskuratu eta mantentzeko baldintzek dominazio eta biolentzia ekonomikoa suposatzen dute langileontzat. Agerikoenak aipatuz: etxebizitza ordaindu ahal izateko bestelako oinarrizko beharrei uko egin behar izatea are gehiago pobretuz eta prekarizatuz, etxebizitza galtzeko beldurragatik biolentzia egoerak jasatea (biolentzia matxista kasu), edo etxebizitza ezin ordaindu eta galtzeko beldurrak langile bezala lan baldintzak borrokatzeko posizio zaurgarriagoan kokatzea. Horrela, etxebizitza problematika diziplina mekanismoa bat ere izan daitekeela esan dezakegu, kasu honetan ere zapalkuntzen gurutzaketen ondorioz emakumeen*, gazteen edo migranteen kasuan egoera lazgarriagoa izanik.

Etxebizitza bizitzarako oinarrizko espazioa da, beste oinarrizko beharrizanen asetzearekin lotura zuzena baitauka

Hego Euskal Herrian 2019an etxebizitza babestuaren eskaintzak eskariaren %8,24i erantzuten zion erosketen kasuan eta %1,62i alokairuen kasuan1. Hortaz, etxebizitza eskuratzeko merkatu pribatuan erosi edo alokatzea da langileok dugun aukera ia bakarra, eta honela langileoi ordaintzen zaigun soldataren zati oso handi batek berriz bukatzen du kapitalisten eskuetan, izan jabe-rentistenetan edo eraikitzaile, promotore eta funts putreenetan. Etxebizitzaren inguruko problematika ez da berria. Urte luzetan zehar Espainiar estatuan etxebizitza politikak jabetza pribatua, lurzoruen liberalizazioa, birkalifikazioa eta honekin espekulatzea, etengabeko eraikuntza berriak eta etxebizitza eskuratzeko langileon zorpetzea bultzatu ditu, higiezinen sektorearen eta inbertsio funtsen pisua ekonomian esanguratsua delarik. Espainiar estatuko beste toki batzuetan bezain agerikoa ez izanagatik, Hego Euskal Herrian ere dinamika horien menpe gaude eta azken urteetan indartzen ari dira.

2008ko krisian etxebizitza politika honen izaera kriminalaren gordintasuna agerian geratu zen, baita etxebizitza eskubidearen eta negozioaren arteko talka.

Etxebizitzaren prezioaren igoera eta eskuratzeko zein ordaintzeko zailtasunen edo ezintasunen areagotzea eta etxegabetzeak langileok pairatzen dugun prekaritatearen, biolentzia ekonomikoaren eta desjabetzearen ezaugarri bezala errotu dira geroztik. Etxebizitzaren problematika zabala da oso, baina etxebizitzaren krisi berri baten hotsak entzuten hasiak garelarik, batez ere alokairuaren eta etxegabetzeen inguruko problematika izaten ari dira katalizatzaile nagusiak, infravivienda deiturikoaren eta kalean bizi diren pertsonen kopuruaren igoerarekin batera. 2020an Hego Euskal Herrian gutxienez 889 etxegabetze egon ziren (ezkutuko etxegabetzeak kontuan hartu gabe) “ezkutu soziala” aktibo zegoelarik, etxebizitza problematikaren aurpegi lazgarriena agerian utziz. EAEko Etxebizitza Legean edo Espainiako Gobernua lantzen ari den etxebizitza legean alternatibarik gabeko etxegabetzeen aurka egiteaz hitz egiten da, baina mekanismo zehatzik ezean paperean geratzen den asmo ona da.

Helburua etxebizitzaren desmerkantilizazioa eta sozializazioa da

Hego Euskal Herrian etxebizitzarako sarbidea jabetzan ematen da nagusiki, baina alokairuen problematika pisua irabazten ari da. Alokairuzko etxebizitzen pisua ez da %14ra heltzen, baina egoera prekarioenean dauden pertsonak dira alokairuaren alde egiten dutenak batez ere. Gainera, etxegabetzeen %80tik gora alokairuen kasuan gertatzen dira. Oraindik 2008ko krisiaren ondorioak pairatzen ari gara, eta etxebizitza bat erosteko aurreztu edo zorpetzeko ezintasunaren aurrean, egoera prekarioenean dauden pertsonek alokairuaren alde egin behar dute nahiz eta kostua handiagoa izan, eta dinamika espekulatiboen ondorioz igotzen eta igotzen joan.

Etxebizitza eskuragarri eta duina langile guztiontzat!

Etxebizitza egungo prekarizazio prozesuetan zentrala den bezala, borroka kolektiborako eremu bilakatu dezakegu langile guztioi eragiten digun problematika den heinean (prekarioak, pentsionistak, gazteak, emakumeak*, migratuak...). Jabetza pribatuan eta merkantilizazioan oinarritutako ereduak talka egiten badu etxebizitza eskubidearekin, helburua etxebizitzaren desmerkantilizazioa eta sozializazioa izango litzateke. Hau erroko aldaketa baten eskutik baino ezin da etorri eta horretarako etxebizitza problematika aldaketa sozialaren aldeko agendan kokatzeko erronkari heldu behar diogu. Langile guztioi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzearen alde egin behar dugu, hitz politez harago etxebizitza eskubide subjektibo erreal bihurtzeko tresna zehatzak borrokatuz.

Langile guztioi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzearen alde egin behar dugu

Norabide horretan interesgarriak izan daitezkeen oinarriak bildu ditugu ABIATUren lehen kanpainan. Urgentziazko neurri gisa alternatiba duinik ez duten etxegabetze guztiak eraginkorki debekatzea beharrezkoa da, etxegabetzeak errazten dituzten legeak ezeztatuz eta baliabide publikoak garatuz. Bestetik, sarbidea errazteko jabeen poltsikoetan amaitzen duten diru-laguntzetan oinarritutako eredua gainditu eta etxebizitzaren prezioa mugatu behar da etxebizitzaren kostua diru-sarreren %30 izan daitezen gehienez (%15 egoera zaurgarrian dauden pertsonen eta etxebizitza publikoen kasuan). Horrekin batera espekulazioari ateak itxi behar zaizkio hau errazten duen legedia bertan behera utziz eta baliabide publikoak honen mesedetan jartzeari berehala utziz. Ereduaren eraldaketa sustatzeko gainera, parke publikoa handitzeko estrategiak beharrezkoak zaizkigu jabego handiei eta funts putreei mugak jarriz eta etxebizitza hutsak mobilizatuz. Horrekin batera alokairu sozial arautuari lehentasuna eman behar zaio, ez neurri subsidiario gisa baizik eta etxebizitza politikaren oinarri gisa.

Lehen urratsak eman nahi ditugu, baina etxebizitza problematikari aurre egiteko borroka-mota, subjektu eta tresna ezberdinen elkarrekintza beharko dira. Euskal Herrian badira hau lantzen duten subjektu ezberdinak eta azken urteetan etxebizitza problematikari aurre egiteko kolektiboen eta mugimenduen indartzea eman da. Sindikatu bezala, nola kokatu nahi dugu problematika edo erronka honen aurrean? Hori da erantzun nahi dugun galdera, etxebizitza eskuragarri eta duinaren aldeko borrokari bultzada bat emateko helburuarekin.

1 Artikulu honetako datuak Ipar Hegoak argitaraturiko Ikusmiran08 txostenetik ateratakoak dira. |Itzuli

Iratxe Delgado | LAB ekintza soziala
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri