Jon Andoni Lekue Eguren | Abokatua

Galdeketa eta gero zer? Etxebizitza Berlinen

JON ANDONI LEKUE EGUREN (Gernika, 1974). Abokatua. 2004tik 2014ra Ezker Abertzalearen nazioarteko harremanetarako lan taldeko kide. Berlin eta Bruselatik egin izan du bere jarduna. 2010etik Berlinen bizi da eta bertako mugimendu sozialean parte hartzen du.

J

oan den irailaren 26an egindako erreferendumean berlindarren %56,4ak Berlingo Senatuari eskatu zioten lege bat egin dezala 3.000 etxebizitza baino gehiago dituzten «irabazi asmoko higiezin enpresa handien» 240.000 etxebizitza desjabetzeko, eta horiek jabego publikora pasatzeko.

Garaipen politiko baten sustraiak

Galdeketaren emaitza oso argia izan zen. Berlindarren gehiengo zabal batek (%56,4ak) baietza eman zion enpresa higiezin handien desjabetzeari. Parte-hartzea %73koa izan zen eta desjabetzearen aldekoek milioi bat bozkatik gora batu zituzten. Garaipen politiko itzela eta eztabaidaezina. Emaitza hori urte askotako lanaren ondorioa da, eta Berlinen etxebizitza
duin bat izateko dauden arazo larrien ispilu. Gehiengo handi bat (%80tik gora) alokairuan bizi da eta azken hamarkadan hainbat etxe finantza kapital enpresa handien eskuetara pasa dira. Espekulazio operazioen ondorioz alokairuen prezioen gorakada izugarriak egon dira eta milaka lagunek beraien alokairuko etxebizitzak utzi behar izan dituzte.
Arazoak ez die soilik errenta txikienei eragin baizik eta biztanleen gehiengoari. Auzo edota eraikin zehatzen karira sortu dira etxeen alokairuen egoeraren kontrako protesta mugimendu asko. Ekimen ezberdin berri horiek guztiek mugimendu zabal eta bizi-bizi bat gorpuztu dute. Iniziatiba berri horiek 80 eta 90eko hamarkadetan etxeen okupazio eta espekulazioaren
kontrako mugimendu indartsuari gehitzen zaizkio.

Alderdi politiko eta instituzioak behin eta berriz izan dira interpelatuak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Horrela, dagoeneko 2016ko Berlingo Landerrereko hauteskundeetan alderdi guztiek bazituzten proposamen politikoak etxebizitzaren inguruan. Ezkerreko alderdi eta mugimenduetatik hasiko da urte hauetan legezko “alokairu-prezioaren balazta” edota agentzia higiezin handien boterea mugatzeko neurriei buruz eztabaidatzen.

Galdeketa egin arteko testuinguru politiko-instituzionala

2016ko Berlingo Landerrerako hauteskundeak eta gero Senatu (Gobernua) berria aukeratu zen hiru alderdik osatua: SPD, Sozialdemokrata; Die Linke, ezkerrekoa; eta Alderdi Berdea. Egia esan, mugimendu sozialek ez zuten berotasun handiegiarekin hartu zentro-ezkerreko gobernu berri hori. Are gehiago, Die Linke-ren barruko sektore esanguratsu bat gobernu koalizioan sartzearen guztiz kontrakoa zen.
Eszeptizismo eta ezkortasun horren arrazoia 2001-2011 urteen arteko SPD-Linke gobernua da. Gobernu horrek, zor erraldoien aitzakiapean, neurri oso eztabaidagarriak hartu zituen. Horien artean mingarriena, jabego publikodun milaka etxebizitzen pribatizazioa. Ezker eraldatzailearen ikuspegitik, 10 urte horiek ondorio politiko positibo gutxi ekarri zituzten.
Lorpen bakarrenetarikoa dugu galdeketak egiteko legeriaren onarpena eta ezarpena.
Beraz, 2016an, etxebizitza duin baten aldeko mugimenduaren partetik gobernu berriarekiko mesfidantza handia eta itxaropen eskasak zeuden. Hala ere, hirukoaren gobernu akordioan “alokairu-prezioaren balazta” ezartzea adostu zen eta Die Linkek Etxebizitza sailaren ardura hartu zuen.
Instituzioek eta mugimendu sozialek ibilbide paraleloak baina nahiko independienteak jorratu zituzten. Alde batetik, Parlamentu eta Senatu berlindarrean “alokairu-prezioaren balazta” legea aztertu, adostu eta ezartzeko bide malkartsuari ekin zitzaion, eta, bestetik, etxebizitzaren aldeko mugimenduan higiezinen agentzia handiak desjabetzeko galdeketa bat
antolatzeko ideia garatzen hasi zen.

Alderdi politiko eta instituzioak behin eta berriz izan dira interpelatuak
etxebizitzaren arazoari aurre egiteko

“Alokairu-prezioen balazta” legea adostea urteetako lan neketsua izan zen.
Legezkotasunaren eztabaida luzeek eta gobernutik bertatik SPDk izan duen jarrera hotzak, prozesua atzeratu zuten. Azkenik, 2020ko urtarrilean indarrean jarri zen lege hori, ordea, 2021eko martxoaren 25ean Konstituzio Auzitegi Federalak legez kanpo utzi zuen, Berlingo Landerraren eskumenetatik kanpo zegoela argudiatuta. Kolpe gogorra izan zen hori Die Linke-rentzat, mugimendu sozialentzat eta batez ere milaka maizterrentzat.
Paradoxikoki, bide juridiko-instituzionalean jasotako kolpe horrek desjabetze galdeketaren aldeko dinamika indartu zuen. Higiezinen agentzia handiak desjabetzeko galdeketaren ideia 2017/18 urteetan hasi zen garatzen, eta legalki betebeharrezkoak diren baldintzak 2019tik aurrera hasi ziren egikaritzen. Lehenengo fasean, eskaera formalki aztertzeko 20.000 sinadurako bilketa; bigarren fase batean, Berlingo bozka eskubidea dutenen %7a(170.000 mila inguru) baino gehiagoren sinadura; eta, azkenik, galdeketa bera.
Desjabetzearen aldeko galdeketaren atzean mugimendu zabala eta oso anitza dago. Kanpainak egiteko modu berri, irudimentsu eta erakargarriak milaka gazte batu ditu. Askorentzat beraien lehenengo borroka politikoa. Jakina, urteetan etxebizitza duin baten aldeko lanean ibili diren sindikatu edo ezker alderdietako kide, auzotar elkarte, etxe autogestionatuetako lagunak eta hainbat norbanakok ere parte-hartze aktiboa izan dute. Oso inportantea eta estrategikoa izan da ezker mugimendua oso ahula den barrutietan egindako inurri lan eta atez-ateko komunikazioa.
Alderdi politikoen galdeketaren inguruko posizioak argiak izan dira: Die Linke, desjabetzearen aldeko jarrerarekin; Berdeak ere, baina legezkotasuna aztertzeko baldintzarekin; eta, SPD, kontrako jarrerarekin (eskuinarekin, liberalekin eta eskuin muturrarekin batera). Landerrerako hauteskunde kanpainaren gai nagusia izan da.

Zer da zehatz-mehatz galdeketan erabaki dena?

Alemaniar Konstituzioaren 15. artikulua (larritasun egoera batean lurra, zorua eta produkzio-bideak birkomunalizatzeko eskubidea kalte-ordain baten truke) oinarri hartuta, eskatzen zaio Berlingo Senatuari beharrezko neurriak har ditzala 3.000tik gora etxebizitzaren jabe diren enpresa higiezin handiak desjabetzeko.
Horrek esan nahiko luke 240.000 etxebizitza inguru jabego publikopean geratzea, baina, batez ere, Berlin ez izatea inbertsio fondoentzat “hain” erakargarria. Merkatuaren logika apurtuko luke erabat.
Orain arte Berlinen egin diren galdeketa gehienak lege testu artikulatu bati lotuak izan dira. Galdera izaten zen ea Berlingo Senatuak lege bat (lege proposamen bat) martxan jarri behar zuen edo ez. Desjabetzearen galdeketa honetan ez da bide hori aukeratu eta horrek bere indargune eta ahuldadeak ditu. Alde batetik, saihesten dira legezkotasunaren inguruan egon daitezkeen interpretazio ezberdin, duda eta trabak baina bestetik, baiezkoak irabaziz gero ez dago ezarri behar den bideorri zehaztu eta itxi bat. Gogoratu behar da ere galdeketek Berlinen ez dutela behartzen derrigorrezko betearazpenera.
Egia esan, galdeketaren kanpainaren bultzatzaileek ez zuten hasiera batean inondik inora uste baiezkoak irabaziko zuenik. Hastapenetako asmoa zen eztabaida politikoan eragitea eta mobilizazioa bultzatzea. Gogoratu alderdi politikoen indar korrelazioa: gehienak kontra zeuden eta daude oraindik ere. Denborak aurrera egin ahala irabazteko itxaropen txikiren bat egon da eta galdeketaren egunean bertan garaipen estu-estu bat aurreikus zitekeen. Azkenean, duda-izpirik uzten ez duen garaipen erraldoia lortu da.

www.darumenteignen.de

www.darumenteignen.de

Berlingo gobernu berriaren osaketa eta indar korrelazioa

Herritarren hitz eta mandatu argiaren ondoren instituzio eta alderdien ordua heldu da. Azken batean, beraien esku dago galdeketaren emaitza aurrera eramatea edo ez.
Hauteskunde gauean bertan alderdi guztiek galdeketaren parte-hartze eta emaitza argiak onartu eta herriaren hitza betetzeko konpromisoa adierazi zuten. Esanguratsua, batez ere, SPD alderdi irabazlearen jarrera, ezezkoaren
aldeko kanpaina egin baitzuen.

Etxebizitzaren aldeko mugimenduan higiezinen agentzia handiak desjabetzeko
galdeketa bat antolatzeko ideia garatzen hasi zen

Gobernu berri bat eratzeko negoziaketetan galdeketaren emaitza nola ezarri izan da eztabaida puntu oso bero bat. Alderdi liberalarekin gobernu akordio bat baztertu ondoren SPDk Die Linke eta Berdeekin hasi zituen elkarrizketak. 2021eko bozketen emaitzek indar harremanak  SPD eta Alderdi Berdearen alde mugitu dituzte. Die Linke-k indarra galdu du eta negoziazio mahaian pisua. Argi denez, ez da mahai horretan soilik etxebizitzaz negoziatzen eta beste arlo garrantzitsu batzuk ere nahiko kritikoak dira (adb. Lan eta Gizarte aferak).
Galdeketaren emaitza noiz eta nola ezarri izan da hiru alderdien negoziaketa horietan zalaparta gehien sortu duen kontua. Azkenean, gobernu akordioak erdibide bat adostu du: urtebeteko epean desjabetze prozesuak hasi behar du eta bere ezarpenaren balizko arazo legalak aztertzeko adituen komite bat sortuko da. Akordioak ez du inor pozik uzten eta alde guztiek amore eman behar izan dute neurri batean. SPDk, ordea, bestelako karta batzuk ere bere alde jarri ditu: Etxebizitza Saila bere kargu hartu du.
Die Linke-ren sektore handi batek eta ezkerreko mugimenduak orohar urtebeteko epea oso luzetzat hartzen du eta “adituen komite” hori prozesua gelditzeko estrategia hutsa dela deritzote. Horien ustez, azterketa legalak eginak dira eta berehala egikaritu behar dira etxebizitzenbirkomunalilazioak. Die Linke-ren barne eztabaidan delegatuen %30ak gobernu akordioaren eta Berlingo gobernuan sartzearen kontra bozkatu dute. Horien artean mugimendua indartsua den barrutietako parlamentari batzuk.

Desjabetzearen aldeko mugimenduaren lan dinamika

Mugimenduaren barruan garaipen hain garbia lortu izanak bat baino gehiago ezustean harrapatu duela esan daiteke. Baina berehala erreakzionatu du eta berkokatu da egoera berrira: herritarren hitza bete behar da. Eta bete behar da orain. Etxebizitzaren arazoak jarraitzen du oso larria izaten.
Jakina denez, galdeketaren ezarpenaren nondik-norakoak alderdi eta instituzioen eremuan gauzatzen dira. Eta mugimendua horretan eragiten saiatu da. Alderdien arteko negoziaketa bilera guztietan protestak antolatu ditu. Hiru alderdien barne mailako gobernu akordioa onartzeko asanbladetan mobilizazioak egon dira, eta kanpainak maila komunikatiboan indarrez
jarraitu du.
Hala ere, mobilizazio horiek eragin mugatua dute eta baiezkoa bozkatu duten milioi bat berlindarrengana eraginkorki heltzea zaila da. Ez dago orain galdeketa batek eragiten duen polarizazio eta ikusgarritasuna. Finean, mahai
gainean ere badago Berlingo Senatuaren bideorri adostu bat. Batzuentzat okerragoa edo ez-nahikoa, baina bada bide adostu bat.

Aurrera begira: sokatira

Hemendik aurrera sokatirak jarraituko du. Alde askotako sokatira sozial eta politikoak jarraituko du eta erantzunak baino galderak dira nagusi. Lortuko du SPDk “adituen komite”aren bitartez galdeketaren muina eta erabakiaren ezarpena atzeratzea? Edo, benetan urtebete barru hasiko da Berlingo Senatua desjabetze prozesua egikaritzen?

Desjabetzearen aldeko galdeketaren atzean mugimendu zabala eta oso anitza dago

Nork osatuko du “adituen komitea”? Komite honek desjabetzeak are gehiago atzeratzeko eskubidea izango du? Zein kalte-ordain adostu eta ordainduko zaie enpresa higiezin handiei? Nondik aterako da diru hori?
Etxebizitzen desjabetze eta birkomunalizazioaren aldeko mugimenduak jarraituko du mobilizazio indartsuen eta interpelazio dinamikan? Nola egingo du hori bidelagunik galdu gabe eta instituzioetako bere aliatuak(Die Linke, bereziki) gehiegi estutu gabe? Zer egingo du Die Linke-k galdeketaren emaitza urtebete barru bide hil batean sartzen bada? Gobernutik atera? Zein neurritan litzateke hori eraginkorra eraldaketaren ikuspegi integral batetik?
Eta, garrantzitsuena, zer egingo dute baiezkoa bozkatu zuten milioitik gora lagunek? Aktibatu eta aterako dira kalera berriro ala prozesuaren ikusle hutsak izango dira? Ez dago erantzunik argirik. Batzuen zein besteen mugimenduen eraginkortasun politikoak erabakiko du.
Berlinen etxebizitza duin bat izateko zailtasunak ez dira aldatu eta alokairuen prezioek jarraitzen dute igotzen. Antolakuntza eta dinamika politiko zabalekin lortu dena ikaragarria da. Herritarren hitza eta eskubideak betearazteko fase berri batean sartu gara eta hori lortzeko baldintzak ez dira txarrenak.

Jon Andoni Lekue Eguren | Abokatua
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri