Josefina ‘Txefi’ Roco Sanfilippo

Sindikalismo soziala lurraldetasun klabeetan

talaia11 txefi rocoJosefina “Txefi” Roco SanFilippo, Argentinan jaioa, egun LABeko Batzorde sozialeko kidea da.
 

Borroka zahar eta lubaki berrien artean

La versión original del texto se escribió en castellano, y se tradujo al euskara para la revista.

Ekintza soziosindikala enplegu formalaren eremutik haratago zabaltzeak erronka anitz jartzen ditu mahai gainean. Elementu berriak eta hain garrantzitsuak ez ziruditen beste batzuk garrantzitsu bezala agertzen zaizkigu. Pertsona langileek, subjektu anitz bezala ulertuta, bataila zaharrak birplanteatzen dituzten borroka berriak abiatzen dituzte eta maila, dimentsio, espazio eta denbora lerro ezberdinez osatutako lubaki berriak irekitzen dituzte.

Sindemia aurretik zetozen eskubideen urraketa eta esklusio prozesuak indartzera etorri da. Etorkizuna kolokan jartzen duten garai aztoratuak bizi ditugu maila sozialean. Botere globalaren hariak dituzten horiek argi daukate botere korporatiboaren birkonfiguraziorako estrategia.

“Berreskuratze ekonomikoa” delakoaren prezioa desberdinkeria sozialen arrakala bortitzen sakontze bat da; berriro ere itotzen ari garen honetan sozializatzen den bakarra zorrak dira.

Pertsona langileek, subjektu anitz bezala ulertuta, bataila zaharrak birplanteatzen dituzten borroka berriak abiatzen dituzte

Erreformak eta desarautze politikoa, lan merkatu formalaren malgutasuna, enpleguaren suntsiketa, lan indarraren merketzea, bizi baldintzen inguruko ziurgabetasuna eta eskubide sozialen merkantilizazioa ohikoak bilakatu dira Euskal Herriko langile klase eta sektore herrikoientzat. Hala ere, askatasunak mugatzen eta kontrol mekanismoak garatzen diren bitartean, herrialde, herri eta auzoetatik, Periko Solabarriak esango lukeen bezala, lokatza zapalduz hazten diren erresistentzia formak sortzen doaz.

Denontzat dinamikoa eta konplexua den marko horretan, gure burua sindikatu sozial bezala birpentsatzeak, gure posizioa birkokatzea eta bestelako “betaurreko” batzuk jartzea eskatzen du; horrela, langileok bizi ditugun baldintza eta egoerak birproduzitzen dituzten dimentsioak modu integralago batean ikusiko ditugu.

Oinarrizko eskubideak eta lan eskubideak korapilatuta agertzen zaizkigu. Osasungintza, prekarizazioa, uberizazioa, prestazio sozialak, etxebizitzarako eta erroldarako eskubidea, atzerritartasun egoerak, pentsio duinak, aniztasun funtzionala edota aniztasun sexual, kultural eta arraziala; elkarrekintzan dauden eta elkarrelikatzen diren ertzak dira, batzuen eta besteen arteko mugak ezabatuz doazelarik. Maila geografikoan, harea mugikorren aurrean aurkitzen gara.

Borroka eta eraldaketa sozioespazialak Euskal Herrian
Kapitalismo neoliberalak, kolonialismoak eta heteropatriarkatuak egunerokotasunean indartsu egiten diren dinamika espazial konkretuetan sostengatzen jakin izan dute.


Euskal Herrian engranaje hauek eta horien fase ezberdinak transformazio sozioespazialen bitartez joan dira gauzatzen.

Kapitalismo neoliberalak, kolonialismoak eta heteropatriarkatuak egunerokotasunean indartsu egiten diren dinamika espazial konkretuetan sostengatzen jakin izan dute

50. hamarkadan, eskala txikiko nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan oinarrituriko euskal eredu sozioekonomikoa eta baserriaren bueltan eraikitako unitate sozial-erlazional-produktibo-erreproduktiboak iraultza industrialak eta iraultza berdeak betirako aldatu zituzten. Horrela, garapen industriala garaiko Euskal Herriko motore ekonomiko bezala kokatu zen eta horrek euskal espazioan eta gizartean eman ziren prozesu ezberdinak uztartzea ekarri zuen. Landa eremua hustutzea baserritarrei inposatu zitzaizkien baldintza gogorren bitartez, ingurunea suntsituz azpiegitura erraldoiei jarri zitzaien alfonbra gorria, hiri eremuetara migrazio behartua bizirauteko estrategia bezala, nukleo handien planifikaziorik gabeko hazkunde azeleratua, espekulazioa eta metaketa printzipio bakarrak izan zituzten hiri planifikazioak; hauek guztiak dira prozesu konplexu horren elementu bereizgarrienak. Azken finean, labe garaietan, siderurgian, metalaren industrian, ontzigintzan, autogintzan, papergintzan… oinarrituriko eredu industrialak euskal herritarrak eta euskal herri eta lurraldeak markatu dituen iruditegi sinboliko, material eta espazial oso bat sortu zuen.

Baina ezer ez denez betirako, (pos)modernitate neoliberalak aurreko eredu sozioekonomiko eta espaziala aldatu zuen fase berri bat ireki zuen Euskal Herrian. Bigarren metamorfosi azkar hark Euskal Herri industrial hura eraldatu eta euskal hiriak nazioarteko kapitalarentzat erakargarri bilakatu zituen. Euskal hirietan zerbitzuen sektoreak, azpiegitura arkitektoniko berrituak eta ekitaldi erraldoiak funtsezko katebegi izan ziren eredu kosmopolita eta berritua inplementatze aldera.

Beste behin ere aurretik zetozen erlazio sozioespazialak guztiz aldatu ziren. “Basque for export” zigiluak berriro ere prezio altua du gehiengo sozialarentzat. Izugarrizko aurrekontuen bitartez eraikitako eta arkitektura enblematikoz jositako postalezko hiriguneek ez diete auzokideen bizi beharrizanei erantzun; gainera, inbertsore transnazionalen espekulazioaren mesedetan egindako udalen jabetzako lurren lagapenak eta horien erabilerarako kalifikazio aldaketek etxebizitza bezalako oinarrizko eskubidea auzitan jarri dute.
Atzerriko inbertsioa, espekulazioa eta metaketa izan dira elite ekonomiko erraldoi eta kontserbadoreen jardunaren funtsa, betiere oinarrizko eskubideen kaltetan eta herri sektoreen bizitzen berpribatizazioan oinarrituta. Gure herriko borroka ezberdinak artikulatu dituen kapitala-lana gatazka zentrala kapitala-bizitza forman zabaltzen zaigu sostengaitza den eredu berri honetan. Honek ez ditu erdigunean bizitza eta eko-interdependentzia jartzen.

Espazioen inguruko narratiben eta zentzuen birpentsatzea herri ikuskeratik
Eskubideen murrizketen, pribatizazioaren eta prekarizazioaren aurrean, eta indibidualismoaren, kontsumismoaren eta atsekabearen aurka herri eta auzoetan sareak, harremanak eta elkarguneak sortzen ari direla sumatzen da. Klabe kolektiboetan artikulatzen dira, ezagutza, zaintza eta erresistentzia barnebiltzen dituzte sare sozialak sortuz.

Talaia honetako artikulu ezberdinetan jasotzen den bezala, dinamika sozialak eta forma espazialak elkar-osagarriak eta elkar-eratzaileak dira. Etengabe ematen diren interrelazioen bitartez, espazio urbanoak eta hiriak, eta herriak eta auzoak osatzen dituzten herritarrak elkarrekintzan daude.

Ikusi dugun bezala, momentu eta leku bakoitzean, praktika eta erlazio sozialek espazio urbanoen forma, erabilera eta zentzuen konfigurazioan eta aldaketan esku-hartzen dute.

Praktika eta erlazio sozialek espazio urbanoen forma, erabilera eta zentzuen konfigurazioan eta aldaketan esku-hartzen dute

Lurraldetasuna produzitutakoak, bizitutakoak eta sentitutakoak osatzen duten eraikuntza sozial bat da. Espazioak eta lurraldeak eraikitzen dituzten prozesu materialak bezain garrantzitsuak dira horien inguruan auzokide, langile eta pertsona orok garatzen ditugun prozesu subjektiboak. Espazio bakoitza edo lubaki bakoitza eraldatua izan daitezke, izan ere, prozesu kolektiboak eta ekintza sozialak dira hirietako forma eta estruktura ezberdinei zentzua ematen diotenak, horiekiko interbentzio zuzen bat egiteko gaitasuna dutenak.

Sindikalismo sozial berriaren lurreratzea
Lurraldetasun logikatik eraikitzen ditugun praktikak botere harremanen eta prozesu sozial, politiko eta ekonomikoen parte eta ondorio bezala ulertu behar ditugu. Hori da, hain zuzen ere, ekintza soziosindikala lurraldetasunaren marko kontzeptualean zabaltzearen erronketako bat.

Geografia urbanoa eta bere baitan dagoen planifikazioa eta erregulazioa berrikusteak, baita herri sektoreek produzitzen dituzten praktika eta erlazio sozioespazialak berraztertzeak espazioaren, espazialitatearen, lurraldearen eta lurraldetasunaren onartze eta birpentsatzea dakar nahitaez; birpentsatze hori erlazio dinamikoek sortzen duten produktutik ulertu behar dugu, lokaletik, anitzetik eta komunetik errealitatea transformatzen duen izate anitzaren esfera posible bezala.

Lurraldeak eta horiei loturiko praktika emantzipatzaileak birsortzeko baldintzak ez dira teknikoen edo espezialisten bulegoetatik unilateralki sortuko; baldintza horiek pertsona anitzen bizipen eta esperientziatik sortuko dira, hala nola, langileak, emakumeak, helduak, dibertsitate funtzionala dutenak, sexu-genero anitzetako pertsonak, pertsona migratuak, arrazializatuak, pobretuak edota umeak.

LABetik, antolakunde soziosindikal bezala, trantsizio feminista eta ekosozialistaren bidean pausoak emateko ardura daukagu, baita hiria pertsona guztientzako eskubide efektibo gisa borrokatzekoa ere; burujabetza eta justizia klabeetan oinarritutako erlazio sozioespazalak sortzeko, lurraldearen funtzio soziala lehenestea eta guztion bizitzak zentroan jartzea ezinbesteko baldintzak izango dira. Bide horretan aurrera goaz.

Josefina ‘Txefi’ Roco Sanfilippo
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri