Liburu erreseina | Abolizioa. Politika, praktikak, promesak
Abolizioa eraldaketarako estrategia

ABOLIZIOA. Politika, praktikak, promesak.
Angela Davis
ABOLIZIOA. Politikak, praktikak, promesak (2024) da Angela Davisek argitaratutako azken liburua. Bertan kartzelari, kartzela-industria konplexuari eta haren abolizioari buruz hitz egiten du, azken hamarkadetan idatzitako testuak bilduta bilduma bakarrean. Jarraian, liburuan jasotzen diren ideia nagusiak laburbildu asmoz Iratxe Delgado LABeko Ekintza Sozialeko kideak idatzitako erreseina duzue.
Angela Davisek idatzitako azken liburua da ABOLIZIOA. Politikak, praktikak, promesak (2024) eta bertan jaso du kartzelari, kartzela-industria konplexuari eta haren abolizioari buruz argitaratu izan dituen hainbat hitzaldi eta testuren bilduma. Testu horiek Amerikako Estatu Batuetako testuingurutik idatziak dira, 1990eko hamarkadaren bigarren erdialdetik hasi eta 2000. hamarkadako lehen urteetan zehar. Hala ere, gaur egungo kartzela-praktikei buruz hausnartu eta kritika erradikala egiteko, zein hauek eraldatzeko edota abolitzeko ideiak jasotzen dira liburuan, Davisen pentsamenduan funtsezkoa den ikuspegi intersekzionala oinarri.
Liburuak bost atal ditu. Lehenengoan kapitalismoaren, demokraziaren eta kartzelaren arteko loturak aztertzen ditu. Bigarrenean, aldiz,
AEBko kartzela eta esklabotzaren arteko lotura genealogikoak aztertzen ditu. Ondoren, hirugarren atalean krimena eta zigorra elkarrengandik bereizteaz eta egitura abolizionisten sorreraz mintzo da, eta, laugarren atalean, kartzela-industria konplexua aztertu eta kartzela birpentsatzeaz. Bukatzeko, bosgarren zatian emakume espetxeratuen errealitatea aztertzen du Kum-Kum Bhavnanirekin batera, Herbeheretako, AEBko eta Kubako kasuak aztertuz.
Davisentzat iraultzarako mandatu bat da abolizioa, kartzela-zigorra deuseztatuko duten baldintza sozial, ekonomiko eta politikoak sortzeko mandatua. Liburuan azpimarratzen du nola kartzela, estatu-zigorrerako egitura bezala, erabat loturik dagoen kapitalismoaren eta demokraziaren sorrerarekin.
Aztertzen duenez, testuinguru historiko horretan gorputz-zigorren alternatiba gizatiar gisa agertu zen kartzela, eta era berean hortaz, kartzelak zerikusi zuzena du egungo kapitalismo globalaren, arrazakeriaren eta patriarkatuaren garapenarekin. Azken urteetan kapitalismoaren sakontze autoritario, kriminalizatzaile eta zigortzailea bizitzen ari gara. Horren aurrean Davisentzat abolizioa, era guztietako kartzelak abolitzeko estrategia erradikal gisa, ez da abstraktua, baizik eta kapitalismo garaikideko arazo sozialei heldu eta estatuak daukan rol gero eta zapaltzaileagoa birpentsatzeko zein erresistentziarako esparru bat eraikitzeko estrategia da. Horra hor, luzatzen duen proposamena.
Davisen hitzetan, azken hamarkadetan kartzelaren abolizioari buruzko eztabaidak kartzela-erreformaren aldeko aldarrikapenen itzalpean geratu direnez, instituzio hegemoniko, sendo eta betiereko bezala agertzen zaigu kartzela egun. Eta kartzelaren abolizioa fantasia utopiko, ero eta ezinezkotzat. Hori, ordea, ez da beti horrela izan. XX. mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan kontsentsu akademikoa zen kartzela-zigorren gutxitzea, eta garaiko mugimendu sozialen aldarrikapenetan biltzen zen ikuspegi hori. Horren aurrean hauxe da Davisek erantzun nahi duen galdera: zein aukera ditu abolizioaren aldeko borrokak XXI. mendean? Segurtasun ezari buruzko diskurtsoen eskutik populismo zigortzailea hedatzen ari denean, gure buruari egin beharreko galdera, zalantzarik gabe.
Deskargatu aldizkaria PDF formatuan

Ikerketa ezberdinek erakusten dute kartzela-zigorren gogortzeak ez duela delituen gutxiagotzea ekarri, eta kartzela-zigorren luzapenak eta gizartearekiko isolamenduak berrerortzeko probabilitatea areagotzen dutela. Hala ere, Davisek dio kartzelaren porrotaren ebidentziak azaleratzea ez dela nahikoa kartzelaren ezabapenerako. Kontrara, egun ikus dezakegu populismo zigortzailea baliatzen ari dela argazki hori zigorrak gogortzearen alde egiteko, krimenaren aurkako gerraren logikapean. Diskurtso horiek ez zaizkigu ezezagunak egiten. Horrela, Davisek azalarazten du nola krimena deuseztatzeko diskurtsoei lotuta, krimena begi-bistatik kentzeko funtzioa betetzen duen kartzelak, eta zehatzago delituak egozteko aukera gehien dituzten pertsona-komunitateak. Kriminalitatearen eraikuntzaz ere hausnartzen du Davisek. Kriminalitate-presuntzioari lotzen diren klaseak eta/edo arrazak zeharkatuta dago hau, eta ondorioz, herritar pobretuak eta arrazializatuak neurriz gain zigortuak izan dira historian zehar eta gaurdaino. Egun, kartzela da hainbat arazo sozialei ematen zaien erantzuna, izan ere, gizarte-baliabide gutxiago dituztenei ematen zaien erantzuna da kriminalizazioa, zerbitzu publikoen murrizketa eta kontrol baliabideen (polizia, kartzela) areagotzea.
Kartzela-industria konplexuaz ere mintzo zaigu Davis, eta honek sortzen duen gurpil-zoroaz. Ideia horrek elementu gako bat azpimarratzen du, izan ere, kartzela-ekosistemak bere burua mantendu nahi du. Gurean, gaur gaurkoz, baliteke ez izatea kartzela pribatu erraldoirik Euskal Herrian, baina gurean ere politika publikoetan logika horiek zabaltzen ari dira. Aipatu baliabide publikoen erabileran aldaketa izan daiteke bat, eta itxuraz zigorraren negozioarekin lotura zuzena ez duten enpresez ere ari da Davis, hala nola makro-kartzela berriak eraiki dituzten eraikuntza enpresak. Baita bertan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak, eta bereziki kontrolerako teknologiak garatzen dituzten enpresak, egun finantziazio publikoa jasotzen ari direnak “defentsaren” izenean gastu-militarra igotzen ari denean.
Liburuan aipatzen den beste alderdi garrantzitsu bat kartzeletako lanarena da. Azterketa genealogikoa eginez Davisek aztertzen du nola AEBetan kartzeletako lana lan-indar esklaboaren esplotazioari jarraipena emateko bide bat izan zen, eta nola gaur egun ere, kartzelako-lana baliatzen duten hainbat enpresek lan-indar merkea eta diziplinatua eskuratzeko. Euskal-kartzeletan ere badira preso enplegudunak, haietariko batzuk enpresa pribatuetarako lan egiten, eta gutxieneko soldataren azpitiko soldatak jasotzen. Grebarik ez, sindikaturik ez, lan-eskubiderik ez. Honek, sindikalismo eraldatzailearen ikuspegitik ere zer-pentsa eman beharko liguke.
Beste hainbat ideia arakatzen ditu Davisek, eta denak ezin jaso lerrootan. Bukatzeko, Davisek abolizioa eraldaketa sozialerako estrategia gisa planteatzen duenez, modu konbentzigarrian kartzela gehiagorik ez baizik eta zerbitzu publikoak, enpleguaren, zaintzen eta aberastasunaren banaketa behar ditugula aldarrikatzen duen erresistentzia ehuntzeko proposamena luzatzen digu, eta horrekin batera, kartzela-praktiken logika zigortzaile, baztertzaile eta pribatizatzaileari aurre egin eta desmuntatzeko lan egitea. Erresistentzia bat, ikerketa akademikoa, gizarte mugimenduak, politika publikoak eta komunitatearen antolakuntza lotuko dituena. Ez da erronka berria euskal askapen mugimenduarentzat, baina bai berritu beharrekoa egungo testuinguruan. Davisek begirada zorrozteko tresnak proposatzen dizkigu liburu honetan.

ABOLIZIOA.
Politika, praktikak,
promesak. (2024)
Abolition: Politics,
Practices, Promises. Vol 1
Argitaletxea: Katakrak Liburuak
Generoa: Saiakera
Hizkuntza: Euskara
Amaia Apalauza Ollo
Argitalpen data: 2024ko urria
Orrialde kopurua: 271

Angela Yvonne Davis (Birmingham, AEB, 1944)
Politikari marxista, aktibista afroamerikarra eta kartzelen aurkako militantea da, baita, Kaliforniako Santa Cruz Unibertsitateko Kontzientziaren historiako Departamenduko irakasle. AEBko Alderdi Komunistako eta Pantera Beltzen mugimenduko kide izan zen. Ezaguna da halaber, feminismo beltz eta intersekzionalari egindako ekarpenengatik.
Bere hainbat liburu argitaratu dira euskaraz, hala nola, Askatasuna, etengabeko borroka bat. Ferguson, Palestina eta mugimendu baterako oinarriak (Katakrak, 2016), Emakumeak, arraza eta klasea (Elkar, 2016), Emakumeak, kultura eta politika (Katakrak, 2018) eta Abolizioa. Politika, praktikak, promesak (Katakrak, 2024).