Banaketa hirukoitza,
pobretze prozesuari aurre egiteko

Programa soziekonomikoa aletuz

Aldizkariaren atal berri honetan Programa soziekonomikoaren esparru ezberdinetan sakontzen joango gara, Talaiaren ale bakoitzean programan jasotzen den neurri zehatz bat hizpide hartuta. Lehenengo honetan Bidezko trantsizio batzordeak izango ditugu mintzagai.

LABen programa sozioekonomikoa eraberritzean, borroka tresna berriaz mintzo ginen. Euskal langileriari eskainitako bideorria, eraldaketa neurri eta gogoeta sakonez hornitua.


2023ko Maiatzaren lehena igaro berritan, programa sozioekonomikoa ardatz hartuta bizitzen ari garen pobretze prozesuari aurre egiteko banaketa hirukoitzaren proposamenaz aritu gara. Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko ezinbestekotasunaz eta horren alde borrokatzeko premiaz.
Lan eta bizi baldintzen inguruko Ikusmiranen datuak argigarriak dira oso. Prekarizazio eta pobretze prozesua azkartzen ari da krisi ekosozialaren testuinguru honetan. Hego Euskal Herriko bi langiletik bat langabezian, 1400 eurotako soldataren azpitik edo inaktibo gisa izendatzen den taldean kokatzen dira -tartean etxeko lanetan dabiltzan ia 200.000 emakume-.


Kontrara, aberastasunak esku gutxitan metatuz segitzen du. Energia hornitzaile diren enpresen irabazi lotsagarriekin batera ezagutu ditugu merkataritzakoenak edota espekulatzaile eta rentistenak. Pastelaren zati handiena zena lehen, ia osoa ari da bilakatzen eta apurrak eskuratzeko elkarren arteko lehiara kondenatzen gaituzte.

Etengabe errepikatzen dugun argazkia izanagatik Ezin dugu aipatzeari utzi

Gaur egun, zaintza lanak aitortu gabe jarraitzen dute. Horrek emakumeen* bizkarrean berauek sostengatzeko ardura inposatzen die. Zaintza lanetako asko monetarizatu eta pribatizaturik ebazten dira, ia osoki emakumeez* osatutako sektoreen bidez; izan helduen, izan umeen edo behar bereziak dituzten pertsonen zaintzetan. Zaintza sistema publiko eta komunitariorik ezean, kapitalak esparru horiekin negozioa egiten jarraituko du, langileak prekarizatuz, eredu kapitalista eta patriarkala errotuz eta zaintza beharrak dituzten herritarren bizitza duinak eragotziz.


Bide berean, merkantilizatu ez diren eta ezin diren zaintza lanetan, emakumeek* oraindik ere zama handiagoa izaten jarraitzen dute. Astero 38 ordu gehiago (gizonak baino 13 gehiago) aritzen dira zaintza lanetan bataz beste, jakinda ere umeekin parkean daudenean askok aisialdi gisa ezaugarritzen duten bitartean gizonek zaintza lan gisa adierazten dutela eta beraz aldea handiagoa izan daitekeela. Ukaezina da beraz; 40 orduko lanaldiak ez dio lekurik uzten zaintza lanen birbanaketari.


Bestalde, BPGa neurgarri zalantzagarria izanik ere (inpaktu ekologikoak, zoriontasuna… neurtzen ez dituen heinean) agerikoa da lan errenten pisua gero eta urriagoa dela kapital errenten mesedetan. Erretiro adina luzatzen, gutxieneko soldata bizitza duina ziurtatzeko lurzorutik urruntzen eta erreformaz erreforma desarautzen eta zentralizatzen eta prekarioago bilakatzen duten lan harremanen eszenatokian bizi gara.


Ezaguna dugun argazkia dela diogu. Ez soilik hitzez. Tendentzia makroekonomikoak, erabaki politikoak eta horien eraginak guztion bizitza eta gorputzak zeharkatzen dituzte. Egoeraren jabe izanik, bideorri propioa izatea ezinbestekoa da. Aberastasunarekin batera, enplegua eta zaintza lanak ere (bir)banatu behar ditugulako.

Baina zertaz ari gara banaketa hirukoitzaz ari garenean?

Aurrez aipatutako jokaleku horretan, egungo eskumenetatik eta indar korrelaziotik abiatu eta indar harremanak langile interesen alde lerratu zein eredu aldaketan urratsak emateko osotasunetik aritu nahi duen proposamena da. Errealitate anitzak elkar loturik daudela jakinik, lantokietako eguneroko borrokak sakoneko eraldaketekin harremanetan jartzen dituen programaren mamia da banaketa hirukoitz bezala izendatu duguna.
Elkar elikatzen diren neurri hauek guztiak horrela laburbildu daitezke: 30 orduko lanaldia, zaintza lanetarako denbora kopurua adostua eta 1400 eurotako gutxieneko soldata.


30 orduko lanaldia. Ehun urte baino gehiago dira 40 orduko lan-astea ezartzea lortu zela eta bi hamarkada baino gehiago 35 orduko lan astearen borrokari ekin zitzaiola. Lan astearen murrizketarena erpin anitzetatik argudiatu eta defendatu daitekeen neurria da. Hasteko eta behin, enplegua birbanatzeko. Hainbat lanen automatizazioak eta digitalizazioaren ondorioz eman den hainbat prozesu mekanikoren murrizketak pertsona gutxiagok lan egitea baino, denok ordu gutxiago lan egitea bihurtu behar dugu. Modu berean, enplegutik kanpo egin beharreko lan guzti horien birbanaketarako zein kontziliaziorako neurri gisa defendatzen dugu. Eta, nola ez, larrialdi ekologikoaren testuinguruan, zer, nola eta zertarako ekoiztu behar dugun galderari begira erantzunen artean dago.


Zaintza lanen aitortzak enplegua zaintza lanaren parean jartzea dakar gutxienez. Ez berau osoki monetarizatzeko; bai, ordea, bizitza sostengatzeko ezinbestekoa dela onartuta birbanaketa sozialerako eta emakumeekiko* dagoen zor patriarkal historikoa kitatzeko. Horrek, gutxienez bi erpin ditu. Lehena, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko beharra, pribatizazioari ateak itxi eta modu arautuan eta baldintza duinetan gauzatu behar den lana ezartzeko. Bigarrena, zaintza lanen denboraren inguruko eztabaida sozialari bide ematea. Denok izan behar dugulako bizitzaren une desberdinetan zainduak, eta enpleguarekin bezala, jendarteari ekarpena egiteko modua badelako ere zaintza lanen ardurak norberak hartzea. Noski, eztabaida bizia eta ikuspegi anitzez osatua da aipatua, eta mugimendu feministak iragarri berri duen Greba Orokor Feministak aukera paregabea eskaintzen digu gogoeta eta praktika zein konpromiso sozial eta politikoetan aurrera urratsak eman daitezen borrokatzeko.


1400 eurotako gutxieneko soldata (EHko egungo bataz besteko soldataren %60a) eta 1260 eurotako gutxieneko pentsioa (proposatutako gutxieneko soldataren %90a). Horiexek banaketa hirukoitzaren azken elementuko lehen neurriak. Aberastasuna banatzen hasteko eta langileon bizi baldintzak ziurtatzeko ezinbesteko baldintza dira, baina ez bakarrak. Esana dugu ekoizpen ereduaren gogoetari helduta, sektore estrategikoetan kontrol publiko eta soziala beharrezkoa zaigula. Lehia politiko eta sindikal horretarako adabaki berriak eraiki behar ditugu. Soldata minimoarekin batera, soldata maximoa ezarri dadila ere aldarrikatzen du LABek. Zehazki 1:3 proportzioan. Besteren artean ezin delako duinki bizitzeko ezarria dugun soldata minimoa baino hiru aldiz gehiago kontsumitzeko aukera izan. Planeta bakarra badugu, erregai eta material fosilen agorpenaren aroan bagaude eta larrialdi klimatikoak produkzio eta kontsumoaren murrizketak galdegiten badizkigu, soldata maximoa justizia (eko)sozialetik egiten dugun aldarrikapena ere bada.


Hori bai, soldata minimo eta maximoa ezartzearekin batera, enpresarien gainbalioaren mugapenerako neurriak behar ditugu. Langileoi ezagunak zaizkigulako gure eskulanaren irabazi tasaren inguruko patronalaren gogoetak. Alegia, gure lan orduak zenbat balio duen. Modu berean, kapitalistek gure lan indarraren esplotaziotik zenbat gainbalio ateratzen duten eta berau legez mugatzeko borrokaren beharra ere jasotzen du LABek bere programan.


Neurriok, soldata diferitua delakoarekin (erretiro adina 60 urterekin eta pentsio duinekin) zein zerbitzu publiko sare indartsu batekin elkarlotzen diren osagaiak dira. Baita ere, aipatu nahi dugun azken aldagaiarekin: soldata lan guztien aitortzarako diru sarrera gisa ulerturik, administrazioak enplegua bermatzeko ardura izan beharko luke, eta bermatu ezean diru sarrera bermatuko lukeen gutxieneko soldataren hainako kalte ordaina ziurtatu. Laburbilduz, edo gutxienez 1400 euro jasotzen ditugu zaintza lanak aitortuta, enpleguan egindako lanaren bidez edo kopuru bereko kalte ordaina jasotzen dugu enplegua bermaturik ez dugulako.


Ez gara inozoak. Anbizioz beteriko programa da gurea, erroko aldaketa gauzatuz lortu daitekeena soilik eta, beraz, erroko aldaketak eragiteko marraztua. Neurri bakoitzeko garaipenak besteekin harremanetan jarrita dute bizi baldintzen hobekuntzatik emantzipazio prozesuan sakontzeko bertutea. Neurri bakoitzaren bueltako lehia politiko eta sindikalak disputa propioak izango ditu, aurrerabideak, oztopoak eta kontraesanak. Baina ez ginen etorri dagoena onartuz aldaketak aldarrikatzera; onartzen ez dugun oro aldatzera baizik.

Banaketa hirukoitza, <br/>pobretze prozesuari aurre egiteko
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri