Komunitateari

Egunerokoaren borroka

LAB Sindikatuko Ekintza Sozialeko komunitatea

Pobretzen gaituzte. Kapitalaren eta bizitzaren arteko lehian, langile klasearen aurkako erasoak ez du etenik, eta kutsu berritua hartu du. 2008ko krisia gainditu gabe – edo, hobeto esanda, oinarri horiekin –, pandemia eta Europan gerra ireki batek marrazten duen agertokian, gertaera objektiboak dira inflazioa, interes-tasen igoera, eta, oro har, bizitzaren garestitzea zein langileen bizi-baldintzen pobretzea .


Alabaina, egiturazko errealitate hori norbanakoen egunerokotasunean gorpuzten da. Pobretu egiten gaituzte, baina ez dugu geure burua pobretzat hartzen. Eta ez da kasualitatea. Lotsaren eta erruaren ezaugarri bihurturik, askotan inkontzienteki elikatzen dugu azken-aurrekoaren gerra azkenaren aurka. Igogailu sozialak ez du gorantz funtzionatzen eta “klase ertain” ametsa zapuztu egiten da; baina ez diogu, badaezpada, amildegiari begiratzen, ea begirada itzuliko digun.


Ideologia nagusiak xehetasun txikietan du isla. Nork ez du eduki edo entzun kutsu xenofobo, arrazista edo aporofoboa duen elkarrizketarik? izan familian, parkean, supermerkatuko ilaran edota autobusean ustekabean begirada mugikorretik altxatzen dugunean?


Nagusi den diskurtsoa hedatzen uztea ez da hutsala; garai hauetan gezur eta esamesak anplifikatzea esan nahi du, sen neoliberala indartzea. Faxismoaren ongarria da. Ezin dugu onartu eztabaidari uko egitea, aurre ez egitea edo langileen arteko arrakala areagotzen duten eguneroko jarrerak, diskurtsoak zein praktikak ez aurpegiratzea – ezinegona edo egoera deserosoak sortu nahi ez izatea argudiatuz –. Eta hori, lan egiten dugun lekuan bertan nahiz kanpoan egin beharreko lana da.


Argi eta garbi diogu: ez da ikuspuntu ideologiko edo etiko bat bakarrik; hori ere baden arren. Elkartasunaz eta klase subjektuaren berreraikuntzaz ari gara; alegia, estrategia politikoaz. Gure bizi-baldintzen aurkako eraso berriari eta etorkizuna ezabatzeko saiakerari aurre egin eta emantzipazio kolektiboan amestu ahal izateko, ezinbestekoa da kapitalaren ideologiari lekurik ez uztea.


Borroka hori egiteko, ezinbestekoa da langile klasearen geruza prekarizatuenei lehentasuna eman eta antolatzeko tresnez zein borrokatzeko gaitasunez hornitzea: pertsona migratuak edota arrazializatuak, sektore feminizatuetako langileak, algoritmoen mendeko edo ezkutuko ekonomiaren enplegatuak. Klase gisa, estrategikoa da kapitalak inposatu nahi digun langileen arteko zatiketari eta borroka-ahalmenaren debaluazioari aurre egitea. Sindikalizazio-tasa eta borroka-ibilbide luzeenak dituzten kolektiboen babesa, elkartasuna, gaitasuna, aukera eta esperientzia funtsezkoak dira langile klase osoarentzat estrategia eraginkorra eta efizientea garatzeko.


Horrela, soldata zuzen eta ez-zuzenen aurkako erasoei erantzuna langileria osoak antolatu behar du, kolektibo bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta eta sistemaren erasoek gehien kolpatzen dituzten bizitzak eta gorputzak erdigunean jarrita. Eredu sozioproduktiboaren aldaketak, aberastasunaren banaketa, burujabetzan sakontzea eta erreakzio kontserbadorearen gelditzea, soilik da egingarria langile guztiek partekatzen dituzten nahiak sortzen badira. Bide horretan pribilegio indibidualak galdu eta eskubide nahiz baldintza material kolektiboak irabazten dira.


Horregatik, sindikalismoa inoiz baino beharrezkoagoa da. Kontrabotereko sindikalismoa eta borrokalaria. Lantokian antolatzea, lan-baldintzen ikuspegitik ez ezik, bizi-baldintzen ikuspegitik ere. Lanpostuan egoteaz gain, hedatzeko eta lurralderatzeko gaitasuna duen sindikalismoa. Etxebizitza, zerbitzu publikoak, migrazioak, trantsizio ekosoziala edo zaintzak militantziaren eta lanaren ardatz izan behar dute, bizi garen eta sozializatzen garen tokietan ere.
Langile klase osoarentzako sindikalismoa, eguneroko elkarrizketa eta leku deseroso horietan ere borrokan arituko dena.

Komunitateari
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri