Ruben Egia Martinez | Gasteizko Udaleko Langilea eta aktibista sozial eta sindikala

Hiri eredua eta eremu lokaleko praktikak: erronka Sozio-Sindikala

talaia11 ruben egiaRuben Egia Martinez, hainbat mugimendu sozialetako kide izandakoa: «Berriztu» mugimendu ekologistan, «Araba Borrokan» eta «Eustorma» enpleguaren aldeko Plataformetan eta Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataforman aritutakoa besteak beste.
 

Bizitzaren babesa helburu izanik, elkarlotutako hiru erronka nagusi azaltzen zaizkigu hiri ereduaren ikuspegitik: hiriaren beraren jasangarritasuna ingurune naturalarekiko, hiri horretan bizi diren bizitza guztien inklusioa eta bizitza horien zaintza.

Oso ohikoa da arduradun politikoak beraien buruei dominak jartzen ikustea, “hiri hezitzaileak”, “green” hiriak edo hiri “zaintzaileak” eraiki dituztela saltzeko, guztia argazki eta lema dotorez apaindurik. Horren adibide dira Gasteiz bezalako hiri bat nazioartean “Green Capital” gisa ezaguna izatea, bere burua “hiri hezitzaile” gisa definitzea, eta alkatearen esanetan bere zerbitzu sozialak gainontzekoek jarraitu beharreko eredu izatea.

Egia da Gasteiz “berde” samarra badela, baina ezin daiteke ekologikoki jasangarri bezala definitu erregai fosilen aldeko apustua egiten duenean, hiriko ateetan bertan gasa ustiatuz, edo  emisio kutsakorrak gomendatzen direnak baino askozaz maila altuagoan dituenean.

Gasteiz ez da hiri hezitzaile, edo haurren babeslea, kontrara, hiri segregatzailea da; izan ere, familia migratu edo/eta maila sozioekonomiko baxuetakoen seme-alabak zentro publiko azpifinantziatuetan pilatzen baitira nagusiki.

Gasteizen, Zerbitzu Sozialak zein adineko pertsonen zaintzak arduragabe pribatizatzen dira, Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko eskumen-transferentziak aprobetxatuz horretarako, adineko pertsonentzat diren ehunka plaza publiko ezabatuta – eta noski, baita horiei loturiko lanpostu guztiak ere, zaintza arloko langileen prekarietatean oraindik eta gehiago sakonduz -.

Hiri mailan, ekintza sozio-sindikaletik, oro har oso zaila den zerbait lor dezakegu: teoriatik praktikara igaroz, munizipalismoa politikoki era eraginkorrean baldintzatzea, ekintza zehatzen bidez.

Hau guztia ikuspegi sozio-sindikal integral batetik, hiriarentzat eta bertan bizi diren pertsonentzat bizitza duina ahalbidetuko duten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak lortze aldera.

 

Teoriatik praktikara eremu lokalean

Hirian bizi diren pertsonentzako hezkuntza-eredu inklusiboa

Beharrezkoa da eremu sozio-sindikaletik Hezkuntza Eredu Publiko eta Burujabe baten alde urratsak eman ditzaten instituzioak presionatzea, gure hirietako errealitate sozialari erantzuteko prestatua egongo den hezkuntza sistema antolatu ahal izateko tokiko erakundeei eskumen gehiago eman diezazkieten. Herrikoia, hurbila, komunitarioa, doakoa, euskalduna, laikoa, ko-hezitzailea eta bere osotasunean diru publikoz finantzatua izango den Hezkuntza Sistema.

Zaintza krisiari, prekarizazio eta feminizazioari esker eusten zaio, eta ez soilik etxeko eremuan, baita zaintza sektore profesionalizatuetan ere

Ildo beretik, maila lokalean jardutea ezinbestekoa da beharrizan horiek sozializatu eta praktika eraldatzaileak garatu ahal izateko, ikasle guztiei beraien auzoan bertan kalitatezko hezkuntza publiko eta doakoa izateko eskubidea bermatzeko. Ideiak sozializatuz eta udalari interpelazio politikoa eginez, aurrerapauso handiak eman daitezke helburu horri begira. Klase aberatsek horrenbestetan familien eskubide gisa aldarrikatzen duten ikastetxea “aukeratzeko askatasuna” da inklusioa oztopatzen duten desoreken sortzaile nagusia. Ordaindu dezakeenarentzat “askatasuna” finean, nahiz eta sarritan ezkerreko hainbat sektorek bere egiten duten, proiektu autogestionatu eta berritzaile bezala mozorroturik.

Bestalde, ikastetxeetako langileriaren inplikazioari esker jadanik aplikatzen ari diren pedagogia berritzaileetan sakondu beharra dago. Baina hauek hiri osoko proiektu hezitzaile gisa hedatu behar dira, Heziketa Zentroen arteko lehiak hauspotu gabe.

Ezinbestekoa da zuzendu beharreko egoerak identifikatu eta honako neurri hauek hartzea: segregazioa pairatzen duten ikastetxeen baliabideak handitzea; Auzo-Herri Eskola batera trantsizioa marraztea eta epe argiak izango dituen inklusioa sustatzeko plan sendo bat elaboratzea. Horretarako, matrikulatzeko udal-bulegoak ezarri beharko dira, matrikulazio irizpide inklusiboak definituko dituztenak, eta ez klientelismoan edo ikastetxeen arteko lehian oinarrituak.

Azkenik, tokian-tokiko eragileen parte-hartzea ematea ezinbestekoa izango da, hezkuntza-komunitatearekin eta dagokion Udalarekin batera. Horretarako, foro benetan parte-hartzaile eta eraginkorrak bultzatu beharko dira.

 

Hiri bizitzarako eredu eko-iraunkorra

Behar-beharrezkoa da ekintza sozio-sindikalean ikuspegi ekosozialista batetik lan egitea. Ez gara gai honetan gehiegi luzatuko, Talaiaren beste hainbat argitalpenetan jadanik nahikoa sakondu baita. Baina, azpimarratzekoa da, udal-politika jasangarriak lortzera bidean, hirietan bertan egiten den aktibismoak aukera ukigarri, egingarri eta errealak eskaintzen dizkigula. Hamaika adibide daude energia berriztagarrien, hurbiltasun zirkuituen edo eta gestio energetikoaren publifikazioaren aldeko apustua egin duten hiriena. Hiri ikuspegi integral batetik gauzatuak, hedatuz gero, maila globaleko aldaketak eragingo lituzketenak, lokaletik abiatu arren.

 

 

Zaintza hiri bizitzaren sostengatzaile gisa aitortzea

Zaintza-lanak dira lanik eta feminizatu, ikusezin eta prekarizatuenak. Zaintza krisiari, prekarizazio eta feminizazioari esker eusten zaio, eta ez soilik etxeko eremuan, baita zaintza sektore profesionalizatuetan ere, bereziki adineko pertsonen esparruan, zeintzuetan jarraian zentratuko garen.

Familia migratu edo/eta maila sozioekonomiko baxuetakoen seme-alabak zentro publiko azpifinantziatuetan pilatzen dira nagusiki

Biztanleriaren sektore horri begirako politika publikoak, dependentzia maila altuko pertsonei daude zuzenduta. Horrenbestez, autonomia handia duten, baina beraien inguru familiar edo hurbiletik zaintzarik jasotzeko aukerarik ez duten – bereziki zaintza afektiboa – pertsona asko hortik kanpo geratzen dira. Adibide gisa: 1. dependentzia graduan dauden, hau da, autonomia handia duten, 300 pertsonako itxarote-zerrenda bat izan arren,  Gasteizko udala etxebizitza komunitario posibleak husten ari da,  dependentzia-maila handitzen doan heinean pertsona horiek egoitza pribatuetara bideratzeko asmoz. Hau da, bizitokiari begirako irtenbideak planteatzen dira, baina ikuspegi psikosozial batetik benetako zaintza bermatzekoak ez.

Hiri bakoitzeko eremu sozio-sindikaletik, eragile sozialekin batera, bizitza eta zaintzak erdigunean jarriko dituen beste eredu bat defendatzea posible da; zerbitzuen erabiltzaileak beren bizitzaren protagonista izatea bilatuko duen eredua, eredu komunitario eta kolaboratibo bat alegia. Alternatiba horren aldarrikapenarekin batera, nahitaezkoa izango da kalitatezko Zaintza Zerbitzu publiko baten alde eta zaintza-sektoreko langileen prekarietatearen eta hauen pribatizazio eta merkantilizazioaren aurka  gizartea sentsibilizatzea.

 

Ekintza sozio-sindikala hirian

Ekintza sozio-sindikala egiterako orduan sinesgarriak izateko, beste begirada batzuk garatu beharko ditugu lehendabizi; gure sakoneko arazoa sistema kapitalista, ekozida, neoliberal-patriarkal eta arrazista denaren kontzientzia hartzea. Begirada kritiko eta feminista garatzea, zerbitzu publikoei begirako estrategia pribatizatzaile eta prekarizatzaileak antzemateko gai izango dena. Gure pentsamoldearekiko kritiko izan, hirian bizi garen pertsona batzuek ditugun pribilegioez – bertan bizi diren beste hainbatek horiek ez dituztela kontuan hartuta – eta guzti honetan dugun erantzukizunaz jabetzeko balioko diguna.

Zerbitzu Sozialak zein adineko pertsonen zaintzak arduragabe pribatizatzen dira, Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko eskumen-transferentziak aprobetxatuz horretarako

Ideiak sozializatu eta kaleak mugitzea tokatuko zaigu. Horretarako, gure proposamen propioak elaboratzeaz gain, horiek azaltzean ere esfortzua egin beharko dugu, kalitatezko zerbitzu publikoen ezinbestekotasuna azpimarratuz, zeintzuetan lan egingo dutenek baldintza duin eta ez-prekarioak izango dituzten. Horrez gain, beharrezkoa izango da komunitate sozio-sindikaleko agente ezberdinekin elkarlana burutzea, arlo politikoari egindako interpelazioak eraginkorrak izan daitezen.

Bukatzeko, herri mobilizazio horizontal, ireki, transbertsal, eraginkor eta irmoak beharrezkoak izango dira, maila lokaleko akordio ahalik eta zabalenetan oinarrituak. Horretarako, siglak eta hegemonia estrategia sindikal bertikalak albo batera utzi beharko dira, hiri ekologikoki jasangarri, inklusibo eta zaintzaile bat, hiri justuago, aberatsago, interdependenteago, eta ondorioz, alaiagoa izango denarekin konbentziturik.

Ruben Egia Martinez | Gasteizko Udaleko Langilea eta aktibista sozial eta sindikala
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri