Sindikalismoa eta askapen prozesuak
Nazioarteko esperientziak: Zipre, Hegoafrika eta Uruguai

Erreportaje honetan nazioarteko hiru esperientzia landu nahi izan ditugu, Euskal Herrian irekitzen ari garen fase politiko berriaren nondik norakoez gogoetatzen lagunduko digutelakoan: Hegoafrika, Uruguai eta Zipre.
Artikulu honen asmoa, hiru prozesu politiko horietan sindikalismoak jokatzen duen funtzioa aztertzea izan da, guretzat baliagarriak izan daitezkeen ikaspenak atera asmoz, ondo egindakoez ikasi eta korapilo nagusiak identifikatzeko saiakera eginda. Azken batean, askapen prozesuren bilakaerak sortu ditzakeen aukera eta arriskuei aurrea hartu eta sindikatua horietarako prestatzeko balio dezakete beste herrialdeetako irakaspenek.
Hiru kasuetan tokiko sindikalistei beraien askapen prozesuen erradiografia bat egiteko eskatu diegu, hainbat gairen bueltan: zein diren sindikalismoaren eginbeharrak prozesu politikoan, sindikalismoaren eta alderdi edo mugimendu politikoaren harremanak nola garatzen diren, zein den sindikalismoaren eta alderdi zein instituzioen arteko dialektika, edota zeintzuk diren askapen prozesuan bizi dituzten kontraesan nagusiak. Nazioarteko esperientzia praktiko horietatik ikasi eta gure hausnarketa propioak egiten laguntzea da lan honen helburua, beraz.
Hiru askapen prozesu
Hiru kasuek elementu komunak dituzte, gurean ere, hein batean, ematen direnak, eta horregatik hautatu ditugu. Hasteko, herrialde horietan martxan diren prozesu politikoek askapen prozesuaren forma hartzen dute, hau da, klase borrokaren ulerkera estutik harago doazen askapen borrokak dira. Zipreren kasuan nazio eta lurralde auzia oraindik irekita dago, hots, batasun nazionalik ezak (lurralde zatitua da) eta atzerriko okupazioak ardazten du prozesu politikoa.
Hegoafrikako kasua ezagunagoa da. Apartheidaren kontrako borrokan dago askapen prozesuaren muin historikoa. Orduan eratu zen orain arte herrialdeko politika markatu duen askapen mugimendua, hiru ardatzen bueltan antolatua: arraza, klase eta genero askapena, ideologia antirrazista eta antikolonialaren bueltan artikulatua.
Uruguain, era berean, askapen borroka erregimen autoritario baten aurkako erresistentziak eta demokraziara trantsizioak markatua dago.
Horrenbestez, askapen mugimendu horiek borroka historikoak dira, hamarkadetan luzatu direnak, testuinguru gogorretan zailduak. Errepresioa eta ilegalizazioak pairatu dituzte, eta borroka armatua eta biolentzia politikoa praktikatu da. Horrek kultura politiko berezi bat sortzen du, mugimenduetako eragile guztiak bustitzen dituena.
Eredu sindikal ezberdinak
Hala ere, prozesuen artean badaude ezberdintasun handiak. Gure ikuspegitik nabariena, ziurrenik, eredu sindikal oso desberdinak daudela herrialde bakoitzean, baita gurearekin alderatuta ere. Hala ere, askapen borroka baten parte izateak sindikalismoak prozesu politikoan jokatu beharreko funtzioetan eraginak dauzkala azpimarragarria da. Horrela azaltzen dute Zipreko lagunek sindikalismoaren funtzioa zein den haien ustez: “Sindikalismoaren funtzioa langile klasearen interes ekonomiko berehalakoak defendatzeaz gain, klase kontzientzia hedatzea da. Langileriaren askapena esparru ekonomiko hutsetik harago ulertu behar da. Sindikalismoaren eginbeharra da langile klasea kategoria ekonomiko bat izatetik subjektu politiko izatera igarotzea”. Antzera mintzo dira Uruguaiko kideak: “askapen mugimenduko aktore guztiek ortzi-muga komuna konpartitu arren, ez dira berdinak eta ez dute berdinak balira bezala jokatu behar. Bakoitzak interes, denbora eta erantzukizun propioak ditu”. Eta, zentzu horretan “mugimendu sindikala langile klasearen antolakuntza eta borrokarako tresna da. Ez da agente subalterno bat, subjektu politiko autonomoa da”. Dena dela, ez dute alderdi politikoekin elkarlan estrategikoa ezkutatzen: “alderdiak ere eginbehar estrategikoak ditu: eskariak artikulatu, gehiengoak osatu eta botere politikoa disputatu behar du”.
Erresistentziatik gobernura
Hiru kasuen beste ezaugarri komuna da sistema kolonial, arrazista, errepresiboen... aurka egindako erresistentzia borrokak gainditu eta prozesu politikoaren zentralitatea gobernura eta gobernatzera pasatu dela. Herrialde guztietan egon izan da ezker eraldatzailea gobernuan, gainera.
Nabarmentzekoa da kasu gehienetan alderdi politikoek gobernura jauzia emateak tentsioak sortzen dituela mugimenduan eta, espezifikoki, klase interesak defendatzen dituzten sindikatuetan. Batez ere prozesu politikoan zentralitate handia hartzen duelako politika instituzionalak, eta hortik bakarrik eraldaketa sakonak sustatzeko zailtasunak agerikoak direlako. Horrek, hein batean, bigarren plano batean kokatzen du prozesuaren ardatz soziala. Honela azaltzen dute Uruguaiko PIT-CNTtik: “Gobernatzeak estatua baldintza konkretuetan gestionatzea esan nahi du: indar-harreman, presio ekonomiko eta muga estrukturalak ditu. Hala ere, muga horiek egoteak ezin du etengabe moderazioa edota errenuntziak justifikatzea ekarri behar. Aldaketarik ez dakarren gestio hutsak eraldatu nahi den ordenua administratzea esan nahi du.”
Ezker eraldatzailea gobernuan egoteak, noski, eragina du sindikalismotik Estatuaren eta gobernuaren inguruan egiten den irakurketan nahiz parte-hartze instituzionalari dagokionean. Zipretik horrela planteatzen dute gaia: “Estatua borroka eremu gisa ulertzen dugu, non sindikalismoaren indar eta presioaren ondorioz lortutako eskubide sozialak kristalizatu daitezkeen (Estatuak klase sesgo argia duela ahazten ez dugun arren).” Hau da, “Estatu aparatuak ez dira neutralak, langileen interesen aurkakoak dira. Horregatik konfrontazioa eta negoziazioa, biak dira beharrezkoak”. Horri loturik “kontraesan nagusia konfrontazioaren eta integrazioa instituzionalaren arriskuaren artean mugitzea da”. Arrisku antzerakoak planteatu dira Uruguain, hiru puntu kritikotan azpimarra eginda. Lehena, denborarena: “puntu kritiko bat denbora sozialen eta denbora politikoen artean dagoen ezberdintasuna da. Langileek urgentzia izan ohi dute. Estatuek zuzentzen dituzten prozesuak, ordea, geldoagoak, negoziatuak eta mugatuak izaten dira”. Bigarren puntu kritikoa “informaziorako sarbidean eta erabakiak hartzeko gaitasunean dagoen asimetria da. Gobernuek informazioa eta datuak pilatzeko ahalmena dute, eta horietatik abiatuta politika zehatzak inplementatzeko gaitasuna dute. Kontrara, sindikalismoa horien aurrean erreakzionatzera mugatu ohi da, hau da, atzetik ibili behar izaten du”. Azken korapiloa, espektatibei eta hauek kudeatzeri loturikoa da: “Gobernatzeak erabaki konkretuak baldintza zehatzetan hartzera behartzen zaitu, muga argiekin. Horrek kontraesanak sor ditzake mugimendu sozialek dituzten eraldaketa espektatibekin. Ezkerra gobernura iristen denean gertatu ohi da hori. Eraldaketa sakonen espektatibek errealitatearekin talka egin ohi dute, eta horrek frustrazioa sor dezake politikoki kudeatzen ez bada. Kasu horietan, elkarrizketa eta hartu-eman formal zein informalak (bereziki bigarren hauek) ezinbestekoak dira gatazkak ekiditeko”.
Hegoafrikan, arazo guzti horiez kontziente, Hegoafrikako Alderdi Komunistak (SACP) eta COSATU sindikatuak ANCren aldeko apustu elektoral esplizitua egin zuten, baina aliantza formal baten baitan. ANC fronte zabal interklasista da, horregatik, bai sindikatuak eta bai Alderdi Komunistak “erabaki formala hartu genuen ANC gobernuan bakarrik ez uztekoa. Bakarrik utziz gero, langile klasearen interesak ez baitziren ordezkatuak egongo”. Sinatutako aliantza elektoral horren baitan, Alderdi Komunistak zein sindikatuak beraien koadro politiko nagusiak parlamentura nahiz gobernu postuetara bidali zituzten. Esan bezala, neurri hori hartzen zuten gobernuak politika eraldatzaileak egiteko berme nagusitzat: “Bazegoen arrazoizko itxaropen bat gure zuzendaritza hara bidaltzeak gobernuaren barruan eragina izango zuela pentsatzeko. Uste genuen horrela bermatuko zela sortzen ziren politika guztiak langileon aldekoak izango zirela”.
Urteetan pilatutako esperientziak dio “hori akats bat izan zela”. Azken batean, “pertsona konkretuek ezin dute ezer bermatu”. Horrela azaltzen dute korapiloa: “demokrazia liberal batean, oso zaila da ingurune horren eraginpean ez erortzea. Ez du kontzientzia galdu dutela esan nahi, baina bai dinamika politiko horrek xurgatu egiten zaituela”. Politika horren bigarren arazo bat sindikatuaren eta alderdiaren lidergoa gobernu eta parlamentuan sartzeak egiturak hustea ekarri zuela izan zen.
Forma organizatibo anitzak
Azkenik, hiru kasuetan ikus daiteke eraldaketa prozesuan agente anitzek hartzen dutela parte, hots, askapen prozesuetan forma organizatibo ezberdinek beren tokia dutela (tartean, sindikalismo indartsu bat). Kasu bakoitzean forma konkretuak hartzen ditu sindikatu eta mugimendu politikoen arteko harremanek. Horietako bakoitzak bere arrisku eta bertute propioak ditu, jarraian azaltzen saiatuko garenak.
Hegoafrikatik abiatuta, egun oraindik askapen mugimendua osatzen duten ANC (fronte zabal instituzionala), Hegoafrikako Alderdi Komunista (SACP) eta COSATU sindikatuaren artean aliantza formal bat egon da historikoki, Triple Alliance bezala ezaguna, egun krisian dena. Triple Alliance hori hiru aktoreen arteko aliantza marko formal bat izan da, apartheidaren garaitik datorrena. ANC izan da aliantza horren lidergo formala izan duena, eta fronte zabal interklasista bezala funtzionatzen du. Alderdi komunistak, aldiz, prozesuaren begirada estrategikoa eta ideologia sozialista markatu nahi izan ditu. COSATU sindikatua langile klasea antolatzeko tresna da, langile interesen bermea prozesu politikoan. Orain arte aliantza formal horren bueltan negoziatu izan dituzte ildo politikoa, programa, baina baita gobernu eta parlamentuko postuak ere. Hala ere, azpimarratzekoa da Alderdi Komunistak ANCrekin aliantza agortutzat ematen duela, maila lokalean oraindik toki batzuetan bizirik mantentzen den arren. Horrek askapen mugimenduan eztabaida ugari sorrarazi ditu, batez ere, forma politiko-organizatiboari dagokionez. Azken urteetan “aliantza berkonfiguratzeko saiakerak egon badira ere, ANCk ez ditu proposamenak onartu”. Horrek irakaspen argi bat uzten du: “edozein mugimendu edo aliantzak erabaki egitura horizontalagoak behar ditu, ezin da goitik egiten diren akordioetara mugatu”. Horrez gain, “printzipio sendoen bueltan antolatu behar da akordioa: zein den epe ertaineko taktika, eta zein gure estrategia. Horrela, bidean desbideraketak egonez gero, mandatuak atzera botatzeko eta aliantzak berrosatzeko aukerak existitu behar dira. Ez mehatxu gisa, baizik eta benetako parte-hartze demokratikoa egon dadin”.
Aliantza formalaren gora-beherez gain, militantzia bikoitzaren inguruko korapiloez ere aritu dira Hegoafrikako lagunak: “maila lokalean militantzia bikoitz gisa ezagutzen dena praktikatu da. Esaterako, Alderdi Komunistako kideak sindikatuko edo ANCko kide ere baziren. Horrek dinamika positibo batzuk elikatu ditu. Helburua, betiere, sozialista eta komunistek ANCn eragitea zen. Gure ideologiak, gure klase kontzientziak ANCn isla izan zezala nahi genuen. Praktikan, ANCn egiten genuen lan instituzionalak oinarrietan eta maila organizatiboan egin beharreko lanerako denborarik gabe uzten gintuen. Militantzia bikoitzak ez du komunitateetan egin behar den lanerako tarterik uzten, beste gai batzuk lehenesten baitira, esaterako, bilera instituzionalak. ANCn ere antolatzea kolektiboki hartu genuen erabakia izan zen arren, maila organizatiboan ahuldu gaitu. Kasu batzuetan politika publiko eta instituzioetan eragiteko gaitasuna izan dugu. Bestetan, ingurugiro neoliberalak xurgatu izan gaitu”.
Zipreren kasura pasata, tradizio komunista klasikoan kokatzen dela esana dugu. Alderdi politiko komunista dago batetik, eta, bestetik, alderdiarekin lotura eta koordinazio estua duen sindikalismo indartsua. Kasu honetan, erakunde bakoitzaren funtzioak desberdinak dira, baina ez dago ikuspegi estrategikoan inolako ezberdintasunik. Honela azaltzen dute PEOko kideek: “eremu bakoitzak klase borrokaren forma ezberdinak adierazten ditu, nahiz eta esparru guztiak elkarlotuak egon. Bietako batek ere ezin du bestea ordezkatu”. Azken batean, “interbentzio instituzionalak masa presio gabe ezin du eraldaketa sakonik sustatu”. Eredu klasiko honi loturik beti sindikatuaren autonomiaren eztabaida ireki ohi da. Beraien hitzetan, “sindikatuaren autonomia eta alderdiarekin koordinazioa mantentzea, biak dira ezinbestekoak. Sindikatu eta alderdiaren arteko koordinazio eta kooperazioak instituzioetan egin daitekeen presioa areagotzen du. Era berean, sindikalismoaren independentzia arriskuan jar dezake”. Laburbilduz, arriskua argia den arren, “autonomia sindikala eta alderdiarekin koordinazio estua, biak dira beharrezkoak instituzioetan presioa egin eta langile klasearen aldeko politikak bultzatzeko”.
Uruguain, aldiz, fronte zabalaren forma hartzen du herrialdeko ezkerrak, bai alderdiak (Frente Ampliok), baina baita sindikatuak ere (PIT-CNTk). Bi eragileek borroka komuna konpartitzen duten arren, formalki autonomoa da sindikatua, eta tentsiozko harremana garatu dute alderdiarekin, batez ere Frente Ampliok gobernatu izan duen garaietan. Horrela azaltzen dute sindikatutik: “sindikalismoaren eta mugimendu politikoaren arteko harremana ez da harmonikoa. Hurbiltasun politikoaren eta klase autonomiaren arteko etengabeko tentsioan eraikitzen da”. Gainera, “autonomiaren gaia ez da kontu organizatibo bat. Ezinbestean bermatu behar den baldintza politikoa da. Autonomia galtzen duen sindikatuak langile klasearen ordezkari izateari utzi eta sistemaren aktore funtzional izatera igarotzen da”. Horrenbestez, afinitate politiko (eta pertsonalen) eta tentsioaren artean mugitzen da bi egituren arteko harremana: “esperientzia emankorrenak ez dira diziplinatuenak, baizik eta afinitate politikoa eraikitzea lortzen dutenak, baina subordinazio organizatibo gabe. Loturak, militantzia partekatua, helburu komunak... konpartitzen dira, baina interpelatzeko, mugak jartzeko eta presioa egiteko gaitasuna galdu gabe”. Ildo beretik, argi dute “harreman osasuntsu batek ez duela gatazka ekiditen, onartu egiten du: klase batasun eta independentziatik”. Bestalde, argi dute hau ez dela eztabaida teoriko hutsa, kontrara “sindikatu eta alderdi politiko eta gobernuen arteko harremanak ez dira plano abstraktuan konpontzen. Korapilo konkretuen bueltan gertatzen dira. Eragileen autonomia, koherentzia eta prozesuaren gaitasun eraldatzailea hor erakusten dira”. Azken batean, “jokoan dagoena zera da: nork definitzen duen agenda, nondik markatzen den prozesuaren norabidea. Sindikalismoak ezin dio agenda eta norabidea disputatzeari uko egin, bere burua ahuldu eta eraldaketa prozesua hustuko baita bestela.”
Horrenbestez, argi ikus daiteke eztabaida ez dela horrenbeste autonomia izan ala ez izan edo alderdi politikoekin hartu-emana beharrezkoa den edo ez (denek ulertzen dute autonomia ezinbestekoa den bezala, alderdiekin elkarlan estrategikoa ere eraldaketa sozial eta politikorako nahitaezkoa dela), baizik eta autonomia horretatik nola harremandu mugimendu politikoarekin, nola baliatu elkarlan estrategikoa mugimendu osoaren indarrak askatzeko. Horri dagokionez, ikusi dugu hainbat direla frogatu diren formulak (koordinazioa, akordio formalak, militantzia bikoitzak, afinitate politikoa eraikitzea...), eta horietako bakoitzak aukera eta arrisku propioak dituela. Bestalde, argi dago prozesu politikoek aurrera egin dezaten ezinbestekoa dela aldaketa sozialak aldaketa politikoekin uztartzea. Eta horretarako dagoen potentzial politiko nagusia askapen mugimenduen aniztasun politiko-organizatiboan dagoela. Nork bere tokitik indar eginda, aldaketarako aukerak biderkatzen dira. Hori eman dadin gakoa, batez ere, tentsio eta gatazkak ondo kudeatzean dago. Gomendio hau ematen dute Uruguaitik: “nola harremandu gobernu aurrerazale eta ezkertiar batekin? Nola egin presioa? Zein puntura arte tenkatu? Ez dago erantzun automatikorik, baina badugu uste argi bat: gatazkarik gabe ez dago aurrera egiterik. Ardura politikoagatik mobilizatzeari uko egiteak moderazioa eta eraldaketak moteltzea dakar. Erronka ez da gatazka ekiditea, baizik eta politikoki bideratzea, herri klaseen batasuna hautsi gabe, baina eskubide eta eskaeretan atzera pausorik onartu gabe”. Ildo horretan, agendaren definizioa da elementu klabea: “zer lehenesten den, zein erritmotan, eta politika publikoak zein perspektibatik definitzen diren. Guzti hori lehiarako eremua da. Sindikalismoak ez baditu bere gaiak, denborak eta begirada txertatzen, beste batzuek egingo dute”. Haien hitzetan, “tentsioek ez dute prozesua oztopatzen, kontrara, prozesuaren beraren muina dira. Gakoa ez da horiek ekiditea, baizik eta argitasun politiko eta ardurarekin aurre egitea, horrela baino ez baitira prozesuan aurrera urratsak emango”. Jakina, guzti hori posible izan dadin ezinbestekoa da sindikatuak prozesu politikoan inplikatzea, klase kontzientzia hedatzea eta langileria subjektu politiko gisa eratzea.

Zipre
«Autonomia sindikala eta alderdiarekin koordinazio estua, biak dira beharrezkoak instituzioetan presioa egin eta langile
klasearen aldeko politikak bultzatzeko»
Zipre kolonia britaniarra izan zen 1960an independentzia lortu zuen arte. Hala ere, greziar eta turkiar jatorriko komunitateak barnebilduko dituen Errepublika bat eraikitzeko aukera zapuztu zuten, batetik, Grezian emandako estatu-kolpe antikomunistak eta, bestetik, Turkiaren esku hartze militarrak. Hori gutxi ez eta NATOren gune estrategiko bilakatu zen lurraldea. Orduz geroztik, uhartea banatuta geratu zen: iparraldea Turkiaren kontrolpean (Turkiak berak bakarrik aitortua), eta hegoaldea, gehiengo greko-zipretarrek osatua eta nazioartean aitortua. Harrezkero, zatiketa gainditu, atzerriko potentzien esku hartzearekin amaitu eta bi komunitateen elkarbizitza sustatzearen aldeko borrokan murgilduak daude. Zipreko askapen borroka aspektu kolonialei, nazionalistei eta geopolitikoei lotua dago (Grezia, Turkia eta Europako Batasunaren arteko harremanei lotua baitago), horrenbestez. AKEL ezkerreko alderdia (tradizio komunista) koalizio gobernuetan izan da hainbat legegintzalditan (2000ko hamarkadan zehar) eta 2008tik 2013ra bitartean herrialdeko presidente AKELeko kide Demetris Christofias izan zen. Ordutik oposizioko lehen indar dira.
Pancyprian Federation of Labour / Παγκύπρια Εργατική Ομοσπονδία (PEO)
PEO sindikatua Zipreko sindikatu nagusia da. AKEL ezkerreko alderdiarekin harreman estua du, eta 1955ean Zipreko gobernu kolonial britainiarrak alderdia legez kanpo utzi zuenean, PEO —eta bereziki haren buruzagia zen Andreas Ziartides— izan zen legezko ezkerreko erakunde politiko bakarra, ilegalizazio garaiari eusteko giltzarria. FSMko kidea da, eta Nazioarteko Lanaren Erakundean nahiz Europako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean parte hartzen du (“bertako komunista bakarra naiz”, esan ohi du bere ordezkariak).

Hegoafrika
«Printzipio sendoen bueltan antolatu behar da edozein akordio: epe ertaineko taktika, eta gure estrategia. Horrela, bidean desbideraketak egonez gero, mandatuak atzera bota eta aliantzak berrosatzeko aukerak egon behar dute»
Apartheid-aren kontrako borroka historikoan daude Hegoafrikako askapen prozesuaren sustraiak. Apartheida segregazio arrazial instituzionalizatua zen, herritar beltzak estrukturalki eta instituzionalki diskriminatzen zituena, eta herritar zuriak pribilegiatu. Urteetako borrokaren ondoren, 90eko hamarkadan herrialdea demokratizatzeko prozesua abiatu zen, alderdiak legeztatu eta apartheidaren aurkako lider historikoa zen Nelson Mandela askatu zuten. Negoziazio prozesu horrek 1994an lehen hauteskunde demokratikoak antolatzea ekarri zuen, ANC gobernura eta Mandela presidentziara eraman zutenak. ANCk 1994tik, demokrazia formalaren iritsieratik, etengabe gobernatu du herrialdea. Dena dela, oraindik ere Hegoafrikako askapen prozesuak arrazaren ardatzari guztiz lotua egoten jarraitzen du.
Congress of South African Trade Unions
COSATU sindikatua Hegoafrikan FSMra afiliatua dagoen sindikatua da. Herrialdean badaude beste egitura sindikal batzuk, eta horiekin lehia elektorala mantentzen dute. Hala ere, COSATUk hainbat sindikatu sektorial federatzen ditu, hau da, egitura konfederala da. ANCrekin (fronte zabal instituzionala) eta Hegoafrikako Alderdi Komunistarekin (SACP) aliantza marko formal bat izan du historikoki. Aliantza formal horren bueltan negoziatu izan dituzte ildo politikoa, programa, eta baita gobernu eta parlamentuko postuak ere. Akordio horren ondorioz, lider sindikal historikoetako asko gobernukide izan dira.

Uruguai
«Sindikalismoaren eta mugimendu politikoaren arteko harremana ez da harmonikoa. Hurbiltasun politikoaren eta klase autonomiaren arteko etengabeko tentsioan eraikitzen da»
Uruguaiko askapen borroka erregimen autoritario baten aurkako erresistentziak eta demokraziara trantsizioak markatua dago. 1973tik 1985era bitarteko diktadura zibiko-militarrak askatasun politikoak deuseztatu zituen, aurkari politikoak jazarri eta mugimendu sindikal eta ezkertiarrak zapaldu. 1985ean berreskuratu zen demokrazia formalki. Herrialdeak demokraziara bideari ekin zion orduan, nahiz eta diktaduraren krimenen gaineko justizia hamarkada hauetan zehar modu mugatuan landu den. Orduz geroztik, Uruguai erregio osoko demokrazia egonkorrenetakoa bilakatu den arren, Hego Ameriketako gainontzeko herrialdeetan bezala, Inperioak atzeko patiotzat jotzen duen neurrian, burujabetza formaletik harago ahalik eta burujabetza erreal zabalena eskuratzea du erronka. 1985etik aurrera hiru legegintzalditan gobernatu du Frente Ampliok (2005etik 2020ra) eta gobernua legegintzaldi batez galdu ondoren berriz ere gobernura itzuli dira 2026an.
Plenario Intersindical de Trabajadores - Convención Nacional de Trabajadores:
Herrialdeko zentral sindikal bakarra da (batasunaren printzipioaren baitan antolatua). Hainbat sindikatu sektorial federatzen ditu, hau da, egitura konfederala da. Bai adar sektorialetako egituretan, bai maila konfederalean askotariko korronte ideologiko antolatuak barnebiltzen dituzte. Frente Ampliorekin kultura politikoa konpartitzen duten arren, formalki autonomoa da sindikatua, eta tentsioaren eta afinitatearen artean mugitzen den harremana garatu dute alderdiarekin.


