Soziokomunitario sektorea

Soziokomunitario sektorearen

borroka ibilbidea eta aurrera begirako erronkak

Larria da pribatizatutako zaintza sektoreetako langileek bizi duten egoera. Egunero-egunero euren duintasuna eta eskubideak zapaltzen eta urratzen dituzte enpresa pribatuek. Enpresen irabazi asmoak gailentzen dira langileen bizitzen aurretik, eta instituzioek beste alde batera begira jarraitzen dute. Aldi berean, zaintza lanek sostengatzen dituzte Euskal Herriko bizitzak. Zainduak izateko eskubidea bermatzen duten eskuak eta gorputzak dira langile horienak.

Honela azaltzen du arazoaren erroa Goikoana Barriosek, Asociación Educativa Aldaiako LABeko delegatuak: “sektore hauen arazo nagusia da elizaren eskutik aisialdiko klubetan lanean hasi ziren gazte asko egun erakunde eta programa ezberdinak kudeatzen dituzten enpresariak edota patronala bilakatu direla, eta horien DNAn, oraindik ere, boluntarioen espiritua nagusitzen dela. Baina iritsi da garaia uler dezaten arlo sozialeko profesionalak garela eta horrek errekonozimendu bat ekarri beharko lukeela berarekin”.


Gizarte zerbitzuetan edo zaintza lanetan diharduten langileen lan baldintzen prekarizazioan, guztiok dugu zer esana, zaintza lanen edota gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak baikara guztiok. Gure bizitzako uneren batean, pertsona guztiok egongo gara mendekotasun-egoeraren batean, eguneroko oinarrizko beharrizanak bermatzeko edo laguntza emozional premian. Azken finean, zaindu egin beharko gaituzte.


Pribatizatutako zaintza sektorea prekaritatean murgilduta dagoen sektorea da: langile falta eta horrek dakarren egoiliarrekiko arreta eskasa, lanaldi luzeegiak, miseriazko soldatak, lan osasunean neurririk eza, enplegua eta lana kontziliatzeko ezintasunak... dira langile horien eguneroko ogia. Kalitatezko zerbitzu publiko bat izan beharko litzatekeena enpresa pribatuen esku uzten dute instituzioek. Zaintza zerbitzuan izugarrizko negozio ekonomikoa ikusi dute, emakume* langileei plusbalioa lapurtzean eta egoiliarren bizi baldintzak hobetzeko inongo inbertsio estrategikorik ez egitearen ordainetan bada ere.


Nekane Olalde Ermuko Abeletxe helduen egoitzan LABeko delegatuaren ustetan, pribatizatutako zaintza sektoreen negoziaketa kolektiboan, luzaroan irauten duen blokeoaren aurka borrokatu beharra dago. Aurrez aipatu bezala, arazoaren erroa zaintza lanen aitortza ezean edo errekonozimendu eskasean aurkitzen da. Gainera, Olalderen esanetan “negoziazio mahaietan parean ditugun patronaleko ordezkarien artean zein instituzioetan gizonak dira nagusi, emakume* langileen lan baldintzak erabakitzen. Heteropatriarkatua itotzen gaituen soka bilakatzen da berriz ere”. Trajedun gizonentzat prekarizatutako emakume* langileak etekin ekonomikorako bitarteko dira. Ez dituzte aitortzen eskubide osoko langile bezala.

Urteetako borroka

LABek urteak daramatza feminizatutako zaintza sektoreetako langileak antolatzen: etxeko langileak, etxez etxeko laguntzakoak, zahar egoitzetakoak, esku hartze sozialekoak... Sektore guzti horiek enpresa pribatuen menpe, baina administrazio publikoen babes politiko eta ekonomikoaren bitartez funtzionatzen dute.


2016an hasi zen LAB ikuspegi nazional eta estrategiko batetik zaintza sektoreko langileen beharrei erantzun kolektibo bat emateko lehen urratsak ematen. Beste era batean esanda, langile subjektuaren berrosaketan urrats praktikoak ematen. Zaintza zaindu lemapean mobilizazioak egin zituen, zaintza sektore feminizatuen beharretatik lan ildo eta aldarrikapen ezberdinak kaleratu asmoz: langile kopurua handitzeko eta duintasunez lan egiteko eskubidearen alde, lan zentroetan langileek pairatzen dituzten erasoen berri eman eta horien kontrako neurriak exijituz, zaintza lanen negozioa eta horren ondorioak salatuz, ratio legearen aldaketa eta berritzea eskatuz... Aldarrikapen horiek lantzeari esker, langileek modu indibidualen bizi zituzten arazoak arazo kolektibo bilakatzea lortu zen. Orduz geroztik, azken urteetan zenbait borroka eta su txiki piztu dira (baita zenbait handi ere). Funtsezko aldarrikapen batzuen defentsan mobilizatu dira langileak: zaintza lanak ezin direla pribatizatu eta instituzioek zerbitzu horien kudeaketa zuzena hartu behar dutela beraien gain.


Hego Euskal Herrian, egoitzen sektoreko borroka guztien parte izan da LAB, eta lidergoa izan du hainbatetan. Horrez gain, estatalizazioari aurre egiteko borroka ziklo betean murgildua dago. Esku hartze sozialeko hitzarmenen negoziazioak irekita ditu. Aniztasun funtzionaleko sektoreak kolektiboki aktibatu dira, enpresetako arazo zehatzak eta negoziazio kolektiboa batuz. Marea Urdina hauspotu du Bizkaian. Inoiz sindikalizatua egon ez den etxeko langileen sektorea antolatu du eta, gaur egun, arlo horretako langileen sail sindikala eratua du sindikatu barruan.


“Greba Feminista Orokorrera indartsu heltzen gara, azpisektoreak mobilizatuak ditugulako” diosku Olaldek. “Mugimendu Feministak mahai gaineratu duen egoeraren argazkia guztiz partekatzen dugu”. Horregatik, zaintza lanen pribatizazioaren eta horrek sortzen dituen ondorioen aurka egiteko, greba deialdira batu da LAB, zaintza langileek bizi duten egoera larriari neurriko erantzun sendo eta bateratu bat eman behar zaiola ulertzen duelako. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzen hasteak eta langileen izaera publikoa aitortzeak sektoreko langileek bizi duten prekaritate egoera goitik behera irauliko luke. “Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da azaroaren 30ean kalera ateratzea eta aldarrikapen horiek erdigunean kokatzea eta borrokatzea”.

Aldarrikapen nagusiak

2023ko urte hasieran soziokomunitario sektoreko delegatu guztiei parte hartzera dei eginez, asanbladak deitu zituen LABek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Euretan, zaintza zerbitzuen pribatizazioak langileentzat miseria zekarrela salatu zen. Egoera horren aurrean, pribatizatutako zaintza sektoreko langileak langile publikoak direla aldarrikatzearen beharra azpimarratu eta hortik abiatuta, ildo mobilizatzaile berri bat irekitzea ere adostu zen. Orduz geroztik, “zaintza lanak kudeatzen dituzten enpresen kontra mobilizatu gara, EAJak zaintza sektoreari esker egiten duen negozioa salatu dugu eta langile publikoak garela defendatu. LABek argi dauka pribatizatutako zaintza sektoreetako langileak langile publikoak direla”, dio Barriosek. Aitorpen horrek eragin zuzena izango luke sektoreko langileen lan eta bizi baldintzetan. Olalderen esanetan: “gure lanek zaitza zerbitzuak mantentzen dituzte, eta gizarteratu behar dugun aldarrikapena da zerbitzu horiek %100ean publikoak izan behar direla, eta administrazioak zuzenean kudeatuak. Zaintza lanak ezin dira pribatizatu, zerbitzuen degradazioari eta okertzeari aurre egin behar diogu, publifikazioaren bidez”.


LABek zaintza zerbitzuen kudeaketa publiko zuzenaren alde egiten du, horrenbestez. Olalderen hitzetan: “hautu politikoa izan behar da enpresen esku hartzea zaintza zerbitzu publikoetatik kanpo uztea”. Zaintza lanak publiko bihurtzearen bidez pauso garrantzitsua emango litzateke langileen zein egoiliarren duintasuna bermatzeko bidean. Hori da bidea.

Soziokomunitario sektorea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri