Garbiñe Aranburu

«Klase sindikalismo feminista eta antirrazista, eskuin muturraren aurkako antidotorik onena»

Aldizkari honen testuingurua probestu eta LAB sindikatuko Koordinatzaile Orokorra den Garbiñe Aranbururekin autoritarismoaz, faxismoaz eta gure ekintza soziosindikaletik joera horiei erantzuteko moduaz gogoetatzeko baliatu dugu.

Europar hauteskundeek argi uzten dute eskuin muturra indartzen ari den fenomeno politikoa dela. Hazkunde hori ordea, sakoneko prozesuen ondorio baino ez da. Zein da indartze hori ahalbidetzen duen testuingurua?
Ekainean egingo diren hauteskundeek berebiziko garrantzia dute. Nahiko ziurtzat jotzen da hauteskunde hauetan eskuin muturra eta muturreko eskuina indartu egingo direla. Eskuin muturraren eta faxismoaren gorakada ez da fenomeno berria. Edonola ere, kezkagarria da zer nolako dimentsioa hartzen ari den, baita zein azkar hedatzen ari den ere. Inkestek eta orain arteko tendentziek erakusten dutenaren arabera, hainbat herrialdeetan, tartean Frantziako estatuan, eskuin muturra lehen indarra izan daiteke.

Zorpetze publikoaren gaineko araua zorroztu eta austeritate zein murrizketa berrien garaietara itzultzeko aukera indartzen ari den testuinguruan, gorakada honek eragin negatiboa izango du datozen urteetarako Europako erakundeetatik ezarriko diren politika ekonomiko eta sozialetan, eta beraz, langileon bizi baldintzetan.

Guzti honen jatorria, mundu mailan kapitalismoak bizi duen krisi sistemikoa da. Urte luzez eta bereziki 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomiko eta sozialari, krisi ekologikoa, Hegoalde Globaleko arpilaketaren ondoriozko migrazio behartuak edota feminismoaren borrokari esker azaleratu den zaintza krisia gehitu behar zaizkio.

Mundu mailako langileria gogor kolpatzen ari da kapitalismo hetero-patriarkal, kolonial eta ekozida. Ondorioak ezagunak ditugu eta hauek pairatzen ari gara. Bizi baldintza materialen kaskartzea, langile klasearen atomizazioa, zaintza lanen aitortza eza eta banaketa desegokia, langileen arteko arrakalen areagotzea eta gerra inperialistak eragiten ari da. Boterearen eta aberastasunaren metaketa bidegabea dakar berarekin. Bestetik, planetaren mugak existituko ez bailiran, gainprodukzioan oinarritzen den ustiaketa ereduak goia jo du, bideraezina da.

Kapitalismoa eta demokrazia ez datoz bat eta bizi dugun zibilizazio krisiari irtenbide demokratikoa emateak trantsizio ekosozial eta feministaren, eta justizia sozialaren aldeko apustua egitea eskatzen du. Elite ekonomiko eta politikoak ez du horretarako asmorik. Sistema betikotzeko bidea topatu du eskuin muturrak bultzatzen dituen ideia kontserbadoreen zabalkundearekin. Beraz, eskuin muturraren gorakada geroz eta krudelagoa den eredu baten adierazpen edo ondorio dela esan dezakegu.

Sistema honek sortzen duen bizi baldintza materialen galeraz, espektatiba faltaz, ziurgabetasunaz, injustiziaz neoliberalismoak inposaturiko indibidualizaziorako joeraz baliatzen da eskuin muturra bere ideia eta molde erreakzionarioak ezartzeko.

Eskuin muturra egungo gizarteek duten beldurrari erreakzio bat da. Esan daiteke pribilegioak galtzeko beldur diren gizon-zuriak direla erreakzioaren motorra. Hipotesi hori konpartitzen duzu? Badu feminismoak azken urteetan hartutako indarrak horrekin zerikusirik?
Azken urteetan langile klasea guztiz zatitu eta atomizatu da. Honek, klase pertenentziaren pertzepzioaren galera eta kolektibotasunaren garrantziaren lausotzea dakar berarekin. Langile prekarioen kopuruak gora egin du eta langileen erdiak ez du bizi baldintza duinak ziurtatzeko adinako diru sarrerarik. Zerbitzu publikoak ahuldu egin dira, etxebizitza eskubidea jendartearen zati handi batentzat luxua bilakatu da edota migrazio fluxu handiak izan dira.

Mundu mailako langileria gogor kolpatzen ari da kapitalismo hetero-patriarkal, kolonial eta ekozida

Elite ekonomiko batetik kanpo dagoen orok izan du espektatibak betetzeko ezintasunik edo bizi baldintza materialetan atzerapausorik. Errealitate honek sortzen duen ezinegon, frustrazio edo ziurgabetasunaz baliatuz, sistema hau iraunarazi nahi duten eta botere egituretatik gertu dauden errenta altuko gizon zuriak dira erreakzioaren motorra. Feminismoa, migrazioa edo ekologismoa mehatxu moduan aurkeztuz, errenta maila berekoak zein errenta maila baxuagoa duten gizonak erakartzea dute helburu, gizon zuri izatearen pribilegioak galtzeko beldur direnak.

Honela, langileon arteko sinergia edota borroken konfluentziak bilatzetik urrun, eskuin muturra langile errealitate desberdinen arteko talkak elikatzen ditu. Elkarren artean lehiatzen baleude bezala eta interes kontrajarriak izango balituzte moduan, langile prekarioak egoera are zaurgarriagoan daudenen aurka jarrita, arreta esplotatzaileengan jarri ordez.

Eskuin muturrak feminismoaren aurrerapenak indargabetu behar ditu, indarkeria matxista ukatuz eta kaltetu moduan aurkeztuz gizonak. Jarrera homofoboak bultzatzen dituzte, langile migratu eta arrazializatuak seinalatuz eta segurtasun ezaren erantzule eginez, bidegabe laguntza sozialak jasotzen dituztela aipatuz. Krisi klimatikoa ukatzen dute, trantsizio ekosozialerako neurriak eragozteko. Guzti hori inolako eskrupulurik gabe, gezurrak erabiliz eta errealitatea faltsutuz egiten dute.

Eskuin muturrak ekosistema politiko eta sozialean duen eragin instituzioetan lortzen dituen ordezkari kopurua baina askoz harago doa. Fenomeno hone eskuinaren posizioak erradikalizatzea ekarri du eta agenda politikoa guztiz baldintzatzea. Maila sozialean ere, pentsaezinak ziruditen hainbat pentsamolde eta jarrera naturalizatzen ari dira, eskubide sozialetan inboluzio arriskua handia delarik.

Guzti hori aintzat hartuta, nola egiten zaio aurre eskuin muturrari?
Faxismoa demokraziaren kontrakoa da, eskuin muturrak bultzatzen dituen ideia eta baloreak atzerakoiak eta autoritarioak dira. Bandera antifaxista altxa eta maila guztietan aurre egin behar zaio, begirunerik gabe, sendotasun osoz.

Eskuin muturrak mezu errazak erabiltzen ditu jendearen ezinegon eta haserrea kanalizatzeko. Horrenbestez, balio berdinzale eta aurrerakoien aldeko bataila politiko, ideologiko eta kulturala elikatzea dugu lehen egitekoa. Egunerokoan lantokietan, etxean edo lagunartean erlaxatu gabe, sarbide erraza duten ideiei aurre egin behar diegu, segurtasun eza edota laguntza sozialak lortzeko iruzurrak migratzaileekin lotzen dituzten mezuen aurka eginez. “Ni berdintasunaren alde nago, baina feminismoa urrunegi joan da” esaten duten horiei, horrelako ideiak matxistak direla adieraziz, komentario homofoboei bidea itxiz. Norbere zilborrari begiratzera mugatu gabe, indibidualismoaren aurrean, kolektibotasunaren balioa indartuz.

 

 
 

Deskargatu aldizkaria PDF formatuan

 

 

Eskuin muturreko alderdiak ezin dira normalizatu edo beste alderdiekin parekatu, inboluzionistak baitira eta demokrazia kolokan jartzen baitute. Baztertu egin behar dira, baita beraiekin aliantzak egiten dituztenak ere. Eremu sozialean ere ugaritzen ari dira eskuin muturreko ideologia zabaltzeko bideak.

Esaterako, sindikatuetatik at antolatzen diren eta itxuraz ideologiarik gabeak, apolitikoak eta asindikalak diren plataforma oso azkar hainbat espaziotan aitortza lortzen ari dira. Horren adibide baino ez dira, berriki Ertzaintzaren barruan ikusitako mugimenduak; baita nekazarien mobilizazioak bultzatzeko Espainiako estatuan sorturiko SOS Rural plataforma edo Frantziako estatuaren kasuan apurka-apurka sindikatu batzuetan izaten ari diren sarbidea ere.

Euskal Herrian ere badaude jarrera indibidualista, autoritario, xenofobo, homofobo edo matxistak, baina zorionez baldintza hobeagoak ditugu mehatxu horiei aurre egiteko. Ezker independentismoa indartzen ari da maila politiko-instituzionalean eta sozialean. Klase sindikalismoa ere indartsu dago, greba eta mobilizazioak ugariak dira.

Lantokietan garrantzitsua da klase sindikatuen bueltan antolatua eta ahaldundua dagoen langileria izatea. Patronalari aurre egiteko indartsuagoa izateaz gain, balio eraldatzaileetan politizatu, klase elkartasuna balioan ipini eta ideologia erreakzionarioari sarbidea eragozteko.

Klase sindikalismoarekin, eskuz esku, Mugimendu Feminista, pentsiodunak, gazteak edota eragile ekologista berriak dira ditugun zumitzak. Borroka sindikal eta dinamika sozial bizia, gehiengo bat kalean bestelako politika publikoak aldarrikatuz, soldata edo pentsioen aldeko borrokan, bizi baldintza duinen alde. Antolatua eta aktibatua dagoen mugimendu soziosindikal indartsua faxismoaren hedapenari muga jartzeko ezinbesteko osagaia da.

Nazioarte mailako aliantzak eta elkartasun internazionalista ezinbestekoak dira mundu mailako joera honi aurre egiteko. LAB, herrien autodeterminazio eskubidea defendatzearekin batera, bere lehentasunen artean inperialismoari eta faxismoari aurre egitea duen Munduko Federazio Sindikaleko (MFS) kide da. Pertsona eta herrien eskubide guztiak erdigunean jarriko dituen Europa Soziala eta Herrien Europa saretzen jarraitzea dagokigu.

Bereziki lantokietan ere borrokatu behar dela azpimarratu duzu, eta, noski, sindikalismoak badu bere zeregina horretan.
Egungo egoerari aurre egiteko langile klasearen indibidualizazio eta atomizazioa gainditu, klase pertenentzian eragin eta subjektuaren berrosaketaren garrantzia azpimarratzea garrantzitsua da. Intersekzionalitatea aintzat hartu eta langileen arteko arrakalei aurre egin behar diegu.

Eskuin muturrak emakumea* familia tradizionalean kateatua nahi du, zaintza lanetan eta lan merkatuan bigarren mailako langile moduan. Emakume* otzanak nahi dituzte. Guk emakumeon* lanak balio bera duela aldarrikatzen dugu, emakume* eskubidedunak eta ahaldunduak defendatzen ditugu, horregatik gure sindikalismoa feminista da.

Atzerritar legeaz baliatu eta sistemak behar duen eskulan merkearen araberako langile migranteak egotea nahi du. Migrazio politika arrazistak defendatzen ditu, zirkulazio librea eragozteko, mugak eta harresiak ipiniz. Guk aldiz, langile migranteen esplotazio eta prekaritate egoerei aurre egiteko sindikalismo antirrazista garatzearen alde egiten dugu.

Bandera antifaxista altxa eta maila guztietan aurre egin behar zaio, begirunerik gabe, sendotasun osoz

Eskuin muturrak krisi klimatikoa ukatzen du eta guk klase borroka eta ekologiaren aldeko borroka uztartu eta bidezko trantsizio ekosozial baten alde egiten dugu.
Langile guztientzat bizi baldintza eta bizitza bizigarrien alde borrokatzea arrazakeriari, matxismoari edo ekofaxismoari aurre egiteko modua den heinean, gure egunerokotasunean praktikatzen dugun sindikalismoa antifaxista ere badela esan dezakegu.

Ekintza sindikala eraberritzeak ere badu orduan zerikusia autoritarismoaren aurrean egin beharrekoari dagokionez.
Bai, noski; Langile guztiei begiratzeak lan guztiak aitortzea esan nahi duelako. Ohiko sindikalismotik kanpo dauden langileei ere sindikatua gerturatzeko apustua egin dugulako. Ertzetan dauden langile horiek erdigunera ekartzen ditugu antolaketa eta borroka kolektiborako eskaintza eginez. Etxeko langileetara, landa eremura, riderrengana edo Amazon bezalako enpresetara sindikalismoa gerturatuz.

Kalean, sindikalismo soziala praktikatzen dugu. Etxebizitzarekin espekulatzeari utzi eta guztion eskubidea izan dadin, pentsiodunekin eragile antirrazistekin, ekologismoaren bueltan dabiltzanekin, Ernaiko gazteekin edo Mugimendu Feministarekin eskuz esku hainbat dinamikatan parte hartuz.

Honekin lotuta eta amaitzeko, unean uneko borroketatik begirada altxatu eta beharrezkoa da faxismoaren hazkundea ahalbidetzen duten sakoneko arrazoiei konponbidea ematea beraz, proiektu politikoa eraldatzailea eskaintzea.
Eskuin muturrak ezarri nahi duen programa politikoa langile klasearen aurkakoa eta oligarkiaren mesedekoa da. Argentinan Mileirekin oso denbora tarte laburrean nabarmen geratzen ari da hori. Enpresa pribatua sustatu, zerbitzu publikoak eraitsi eta lan eskubideak murriztu nahi ditu. Desjabetze berriak sustatu nahi ditu.

Sindikalismoak bizi baldintza duinen aldeko borroketatik abiatu eta langile eta herri sektoreen beharrekin bat egingo duen eraldaketa sozial eta politikorako bide oso bat eskaini behar du.

Krisi sistemikoari aurre egiteko banaketa hirukoitza da alternatiba: Zaintza, enplegua eta ondasuna banatzea. Ortzimugan Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna izanik, argi luzeak ipini eta Programa Sozioekonomikoan xehatu ditugu birbanaketarako neurriak sustatu behar ditugu. Errepidean, ordea, beti ezin da argi luzeekin bidaiatu. Horixe da proposamen horren bertutea; izaera eraldatzailea izanik, egun dugun errealitate, indar harreman eta tresna juridiko eta politikoetatik abiaturik trantsizioa egiteko aukerak eskaintzen dituela, hain zuzen ere.

Kapitalismotik bizitza erdigunean izango duen eredu ekonomiko eta sozialerako trantsizio ekosozialista eta feminista marraztuz, horretarako behar ditugun estatu tresnak eskuratzearen alde egin eta autonomismotik burujabetzarako bidea eginez.

Garbiñe Aranburu
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri