Irati Sienra | LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako kidea

“Digitalizazioa langileen funtzioak sortzen, desagerrarazten zein eraldatzen ari da”

talaia12 irati sienraIrati Sienra LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako kidea da.
 

Hay una versión en castellano de esta entrevista que puedes leer aquí

Azken aldian asko hitz egiten da eredu produktiboaren digitalizazioaz. Baina hitzetatik errealitatera jaitsiz, zertan antzematen da hori zerbitzu pribatuen sektorean?
       
Digitalizazioa fenomeno zabala da. Teknologia berriek etengabe eraldatzen dituzte kontsumo ohiturak, lan merkatua eta lan harremanak, baina azken urteetan jauzi erraldoia ematen ari da, eta zaila da noraino irits daitekeen aurreikustea. Atzo Black Mirror telesaileko fikzioa zena, errealitatea da gaur. Digitalizazioak sektore guztietan dauka eragina: harreman pertsonaletan, kulturan, irakaskuntzan, industrian, administrazio publikoetako izapidetzeetan… baita zerbitzu pribatuetan ere.

Horrek, ezinbestean, zerbitzu horien atzean dauden enpleguetan ondorioak dakartza. Kontua da ze interesen arabera eta zein norabidetan gauzatzen diren hauek.

Alde batetik, orain arte langileek garatutako funtzioak ordezkatzen dituzten makinak ditugu. Gero eta ohikoagoa da bankuetan zerbitzu asko norberak kutxa-zainean egitera behartzea; dendetan norberak kobratzeko makinak jartzea…

Bestetik, internetek kontsumo ohituretan aldaketa handia ekarri du: lehen presentzialki eta batzuetan denbora asko inbertituz egin behar genituenak orain 5 minututan eta etxetik egin ditzakegu. Dela kontu korronte bat ireki, janaria zein erosketak etxera eskatu edo arropa erosi. Honen ondorioz, langileen funtzioak desagertzen, sortzen zein eraldatzen ari dira; lanpostuak amortizatzen; etab.

“Orain arte langileek garatutako funtzioak ordezkatzen dituzten makinak ditugu”

Zentzu horretan, digitalizazioak enpresa handi eta txikien arteko amildegia sakontzen du, eta lehenengoekin lehiatu ezinik, azken hauek ixtera kondenatuta daude. Hor ere enplegu suntsiketa dago, kasu askotan adin nahikotxo duten langileena, horrek dakartzan ondorioekin. Digitalizazioak inbertsio handia eskatzen du, eta hori ez dago edozein enpresaren eskura. Ondorioz, ezinbestekoa da instituzioetatik amildegi hori leuntzeko bitarteko publikoak sortzea edo bultzatzea.

Online zerbitzuen bidez, enpresek irabaziak handitzen dituzte. Lehenik, kontsumoa erraztu eta handitu egiten delako, gehiago kontsumitzen da. Bigarrenik, enpresek hainbat gastu murrizteko apustua egin dutelako, tartean, alokairuak eta soldatak. Horren adibide esanguratsuak Inditex-en denda fisikoak gutxitzeko erabakia edo banketxe desberdinek auzoetako bulegoak ixtekoa dira. Ez da lan zentro horietan lan nahikoa ez dagoenik: lan hori horren errentagarria ez zaiela erabaki dutela baizik. Gure ustez, online salmenta/zerbitzuek ez dute espazio fisikoetako lana ordezkatzen (are gehiago, online salmentak dendetako lana areagotu egiten du, paketeak ez baitira bakarrik prestatzen, jasotzen edo itzultzen), lana egoten jarraitzen baitu. Gutxika, bezeroei irekita ez dauden dendak, banketxeak eta zerbitzu-enpresak sortzen ari dira: webguneak dira euren espazioa.

“Digitalizazioak enpresa handi eta txikien arteko amildegia sakontzen du”

Azken horri oso lotuta, aplikazio eta plataformak ekoizpen bide nagusi bezala dituzten negozio ereduak sortu dira: uber, deliveroo, glovo, vinted, wallapop… Hauetako askok, teknologia berriekin legediak aurreikusten ez dituen bideak urratu dituzte, eta beraz, euren gaineko erregulazioa ez da argia, prekarietaterako hobi izugarria irekiz.

Telelana bera, digitalizazioaren eta teknologia berrien ondorio da. Esan bezala, enpresa asko ari dira lan-zentroak gutxitzeko edo ezabatzeko apustua garatzen: desagertarazi ezin dituzten lanpostuak telelanaren bidez birformulatzen dituzte. Gastuak ordaindu behar izanda ere, agerikoa da lan-zentroa izatea baino merkeago ateratzen zaiela (ez lukete egingo, bestela).

Azkenik, erreputazio digitala bezalako mekanismoak sartu dira lan harremanen eremuan. Kontzeptu horrek sare sozialetan zein telematikoki jasotako bezeroen iritzien arabera enpresak duen irudiari egiten dio erreferentzia, eta enpresek lanaren antolaketaren zein langileen gaineko erabakiak hartzeko erabili ditzakete. Demagun, denda bateko departamentu batean bezero askok zerbitzua gaizki baloratzen dutela (zerbitzua, eskaintza, espazioa edo baloratzen ari direna zer den zehaztu gabe) eta ondorioz enpresak bertako langileen arreta egokia ez dela ondorioztatzen duela; edo taberna baten zerbitzariek TripAdvisorren mespretxuzko balorazioren bat dutela. Babesgabezia eragiten du honek, langileok ez baitakigu erabaki horiek zertan oinarritu diren, ez daukagu erantzuteko edo argudiatzeko aukerarik.  Honen inguruan dagoen garapen juridiko apurra Europar Batasuneko esparruan ematen ari da, beraz, normalena langileok existitzen denik ere ez jakitea da.

Erreputazio digitala gakoa den beste aplikazio bat Infojobs da: egun, enplegu asko plataforma honen bidez eskaintzen eta lortzen da. Honek beste hausnarketa kezkagarri batera garamatza: aplikazio pribatuak zerbitzu publikoen papera (Lanbiderena, kasu) ordezkatzen ari direla. Ondorio larriak ekar ditzake honek, enplegu zerbitzu publikoek ez bezala, aplikazio pribatuek ez baitaukate inongo erantzukizunik enpleguaren banaketa justuari, genero arrakalak gainditzeari, etab. dagokionez.

“Online zerbitzuen bidez, enpresek irabaziak handitzen dituzte”

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi datuen afera: aplikazio hauetako askoren bigarren negozioa datuen trataera eta salmenta da, aditu askoren ustez, etorkizun hurbilean egongo den negoziorik errentagarriena. Guk jakin eta onartu gabe, gure intimitatearen salerosketa dakar honek. Enpresako email edo aplikazioak gure gailu pertsonaletan erabiltzeak ekar ditzakeen ziber-segurtasun arazoak ez aipatzearren.

 

Nola eragiten die prozesu honek enpleguei eta lan baldintzei? Enpleguak arriskuan jartzen ari da?
       
Esan bezala, digitalizazioa eta teknologia berrien garapena ez litzateke bere horretan mehatxua izan behar: lan baldintzak hobetzeko erabili litezke. Lana eraginkortzen badu eta irabaziak handitu, zergatik ez gaude astean 30 orduko lanaldiaz hitz egiten ari? Edo egun gutxiagokoaz? Enpresek aukera hau euren irabaziak handitzeko erabili nahi dutelako. Hautu bat da.

Digitalizazioa kostuak murrizteko erabiltzen ari denez, lan baldintzen prekarizazioa eta ziurgabetasuna dakartza. Lanaldi (eta soldata) murrizketak, inongo formakuntzarik gabe lanpostuei gehitzen zaizkien funtzio berriak, lan-zentroen bat-bateko itxiera eta lanpostuen suntsiketa…

Baita berez prekario sortzen diren enpleguak ere. Esan bezala, legedia zein negoziazio kolektiboa sortzen diren egoera berrien atzetik doaz, beraz, enpresek hutsune-juridikoak baliatzen dituzte euren neurrira egindako arauak inposatzeko eta egoera hori iraultzeko, borroka eta bide luzea egin behar izaten ari gara. Glovo eta autonomo faltsuen auzia dira adibiderik argiena. Lan Ikuskaritzan salaketak, langileak informatu eta antolatu, epaiketa… Prozesu luzea da eta epaitegiek arrazoia eman digutenerako, Glovok astia izan du langileak esplotatzen jarraitzeko bere hurrengo jokaldia pentsatzeko. Beraz, borrokan jarraitzen dugu.

Guk existitzen direla jakin aurretik, enpresek badakite ze berrikuntza edukiko dituzten eskura eta nola erabili. Zaila da horrela aurrea hartzea. Plataformetan erabakiak hartzen dituzten algoritmoekin antzeko zerbait pasatzen da: informazioa eman behar digute, gurekin euren inguruan negoziatzera behartuta daude… baina langileok nekez ulertzen dugu zer den eskuartean duguna, jakin badakigun arren ondorio garrantzitsuak dituela. Izan ere, teknologia ez da neutroa, eta algoritmoak are gutxiago. Algoritmoek duten informazioaren arabera, hautu batzuk edo beste egiten dituzte, ez dira auzazkoak. Algoritmo baten abiapuntuaren arabera lanpostu bat betetzeko ohiko pertsona gizon zuri eta ikasketaduna bada, hori hautatuko du beste aukera batzuen aurretik. Algoritmoak ikusten badu 30 eta 50 urteko emakumeen artean absentismo handia dagoela, baztertu egingo ditu, zaintza lanen ondorioz den kontuan hartu gabe. Horrenbestez, diskriminazioa eta beirazko sabaia indar ditzakete, neutraltasunaren izenean.

Enpresek edo administrazio publikoek zerbitzu telematikoak handitzeak ez du zertan enplegua suntsitu: telefonoaren edo ordenagailuaren bestaldean norbait baitago. Baina trantsizio hori nola egiten ari den begiratu behar dugu: pertsonal propioa dago telefonoan ala azpikontratatu egiten da zerbitzua?  Zein baldintzatan? Kalera doa orain arteko langilea?

“Digitalizazioa ez da neutroa eta langileen kontura etekinak metatzeko baliatzen ari da”

Ukaezina da hainbat operazio egiteko bitartekaririk behar ez izateak lanpostu batzuk amortizatzeko aukera ematen duela, baina pertsona bati kentzen diozun lan kargaren zati bat beste zerbitzu bat indartzen ordezkatu daiteke, zerbitzuaren kalitatea hobetuz. Eta hori da egiten ez den apustua.

 

Generoaren arabera ezberdintasunak aurki daitezke? Bereziki enplegu feminizatuak prekarizatzen dira?
       
Goiz da benetako datuak edukitzeko, baina lehen begiratuan, esan genezake, suntsitzen ari den enplegua bereziki sektore feminizatuetan ematen ari dela: ehun-merkataritza (H&M, Inditex taldea, Douglas, etab.), saltoki handietako merkataritza (El Corte Ingles), banketxeetako bulegoak (BBVA)…

Sortzen ari den enplegua, berriz, plataformei dagokienean, nahiko maskulinizatua dela esan dezakegu. Baina posible da pertzepzio hori edukitzea ostalaritzari lotutako rider-ak direlako burura etortzen zaizkigunak. Hamaika plataforma existitzen dira, eta ez dugu euren erregistrorik ezta kontratatutako langileen generoa islatzen duten datu estadistikorik.

 

Eta zein eragin du langile subjektuari dagokionez? Zein oztopo (edo zein aukera) berri sortzen ditu langile antolakuntzari begira? (atomizazioa, desregularizazioa…)
       
Berriro ere, oso egoera desberdinak topa ditzakegu.

Alde batetik, sortu berriak diren heinean antolatzeko tradiziorik edo ohitura sindikalik ez duten sektoreak topa ditzakegu. Rider-ena oso adibide argia da: gutxi batzuk izatetik, urte gutxitan ehunka izatera pasa dira, oso premia espezifikoekin, esaterako, langile aitortza lortzea. LABen ibilbide bat egin dugu rider elkarteekin elkarlanean langile hauek antolatu, ahaldundu eta elkarrekin borrokatzeko. Baina horrelako egoera gehiago sortuko direla aurreikusgarria da eta malguak eta bizkorrak izan beharko gara berauek identifikatu eta sindikatua haientzako tresna erabilgarria izan dadin.

“Bestelako digitalizazio eredu bat borrokatu behar dugu, enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea lehen lerroan jarriz”

Bestetik, telelana hedatu eta berehala hasi gara sindikalgintzarako dakartzan oztopoak identifikatzen. Zaila da langileekin etengabeko harreman zuzenean egon gabe gatazkak identifikatzea, lan ideologikoa egitea, informatzea, hartu-emanean proposamenak sortzea… Delegatuak langileekin kontaktu zuzenean egotea funtsezkoa da guretzako. Gainera, langileak nor bere etxean isolatuta egoteak lankideen arteko elkar ezagutza, elkarri aurpegia jartzea, enpatizatzea eta kolektibo sentimendua garatzea zailtzen du. Zeresanik ez, horrek borroka kolektiboak konplikatzen ditu, indibidualismoa bultzatzen du. Joko-zelai berri horretan mugitzen ikasi behar dugu, joko zelai hori onartzen dugun oso argi eduki gabe.

Gainera, esan bezala, enpresa askok egindako apustuak funtzio asko azpikontratatzea dakar, langileak zatituz.

 

Honen aurrean zein erantzun sindikal eman daitezke (edo ematen ari dira)? Zeintzuk dira ardatz nagusiak?

Digitalizazioaren aurrean ez gara geldirik egon, ez kalean, ezta negoziaketa kolektiboan ere.

Alde batetik, funtsezkoa da sortzen ari diren enplegu berriei adi egotea, sektore horiek ahalduntzea eta antolatzea. Sindikatua tresna erabilgarria ez bazaie, zer pentsatua eman behar digu horrek. Gure burua antolatzeko zein borrokatzeko formula berriak bilatzen gabiltza, errealitate eta beharrizan berrietara egokitzeko. Orain arte sindikalgintza urrun sentitu ahal izan duten herritar sektore askoren beharrizanez ohartu eta gure agendaren erdigunean jartzera behartzen gaitu horrek: egoera administratibo irregularrean dauden langileak, gazteak…

Bestetik, digitalizazioa aitzakiatzat hartuta suntsitzen eta eraldatzen ari diren lanpostuen defentsan gabiltza. EREak, lan baldintzen funtsezko aldaketa prozesuak… 2021ean ikusten ari garena hasiera besterik ez da: Inditex taldea, H&M, BBVA…

Baina gure lana ezin da eremu defentsiboan geratu, eraso hauei aurrea hartu eta beste digitalizazio eredu baten oinarriak aldarrikatzea ezinbestekoa da. Zentzu horretan adibide bat iazko udaberrian ELArekin batera hasitako bidea da: ekainaren 25ean digitalizazioak kolpatutako merkataritza sektoreetan greba deitu genuen EAEn. Gure asmoa elkarlan horretan aurrera egitea da.

Horri erabat lotuta dago negoziaketa kolektiboa: etor daitekeenaren aurrean lan baldintza duinak bermatuko dituzten proposamenak egin eta borrokatzeko ardura daukagu. Horretarako, lan zentroetan ematen ari diren aldaketen gainean egon, azterketa lan on bat egin eta berrikuntzak proposatzea dagokigu. Ez da lan erraza, baina dagoeneko irekita dauden sektoreko hitzarmenen negoziaketa mahai desberdinetan horretan gabiltza.

Lan baldintzen funtsezko aldaketa prozesuak eta arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntza edo ekoizpenagatiko ERE zein kaleratzeak oso merke ateratzen zaizkie enpresei, eta ezinbestekoa da berauek garestitzea enplegua defendatzeko. Zeresanik ez, kausa horiek zabalegiak dira eta ezinbestekoa da negoziaketetan akordioetara iristea nahitaezko baldintza izatea, enpresak ahalguztidunak bihurtzen dira bestela, langileok dugun presio tresna bakarra kalera ateratzea delarik.

Horrez gain, funtsezkoa da teknologia berriak sartzen dituzten enpresek langileen funtzioak birformulatzean zerbitzuen kalitatean inbertitzea, enplegua suntsitu beharrean. Horretarako bermeak ezarri behar dira hitzarmenetan, baina baita legedian ere.

Gainera, digitalizazioak sortzen duen aberastasuna langileok ere jasotzeko bitartekoak zehaztu behar dira, komisio forman edo dena delakoan. Kasu askotan zaila da erregulatzea, korporazio-talde handiek duten enpresa amarauna dela eta, hainbatetan ez baita berdina kaleko dendaren eta webgunearen atzea dagoen enpresa.

Sektoreko hitzarmenetako gai horiek itzulpen zuzena dute enpresaz enpresa ematen diren gatazka eta negoziazioetan ere. Horren adibide dira telelanari buruzko akordioak.

 

Zein aldarrikapen berri jarri ditu digitalizazioak mahai gainean?

Erdigunean jarri behar duguna  (horregatik errepikatzen dut etengabe) digitalizazioa ez dela neutroa eta langileen kontura etekinak metatzeko baliatzen ari dela da. Bestelako digitalizazio eredu bat borrokatu behar dugu, enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea lehen lerroan jarriz, eta borroka sozio-sindikala zentzu horretan kokatu. Teknologiak beti eraldatuko du enplegua, trantsizioa nola egiten den da gakoa. Azken hamarkadak planifikatu gabe eta lanpostuen kontura egin diren trantsizioen segida bat dira: ikatz-mehatzeen itxiera, 80ko hamarkadako errekonbertsio industriala…  Ikaspenak atera beharko lituzkete.

“Digitalizazioak lanaldia eta ondasunen banaketaren aurrean sindikatutik egin ditugun proposamenak berrikustera garamatza”

Digitalizazioak lanaldia eta ondasunen banaketaren aurrean sindikatutik egin ditugun proposamenak berrikustera garamatza. Agian 35 orduko asteaz beharrean, 30 ordukoaz hitz egiten has gaitezke, hainbat adituk proposatzen duten bezala. Sortzen ari den aberastasun hori langileengana nola ekarri proposamenak egiten. Ordaindutako lan eremuan ordu gutxiago behar badira, zaintza lanen banaketaren afera ere erdigunera ekarri behar dugu. LABen programa sozioekonomikoa interpelatzen du honek, hortik ere berritzeko beharra.

Deskonexio-digitalerako eskubidea ere lan-lerro garrantzitsua izango da. Legez zein jurisprudentziaz teorian babestuta badago ere, gailu elektronikoek, zein enpresek gero eta gehiago eskatzen duten ordutegien malgutasunak, etab. erabat irreala egiten dute. Honi lotuta, datuen babesaren afera ere badugu, baita santzio sistemaren babesgabeziaren aurreko neurriak.

Aurreko galderan negoziaketa kolektiboari buruz aritu gara. Digitalizazioak eragin dezakeen prekarietatearen eta enplegu suntsiketaren aurrean benetako bermeak lortzea hitzarmen sektorialen eragin eremutik harago doa. Beraz, eragile politikoei ere neurriak hartzeko exijitzen diegu, azken batean, bertako lan merkatu zein lan harremanen eredua da jokoan dagoena.

 

Irati Sienra | LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako kidea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri