Ane Irazabal

«Europak errefuxiatuei bidali nahi dien mezua hau da: ez zarete ongietorriak, hona ez duzue etorri behar»

talaia10 Ane Irazabal Ane Irazabal (Arrasate, 1984). Historian eta Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua. Kazetaria. Palestinan hasi zen lanean eta ordutik Ekialde Hurbilean eta Italian aritu da. Azken urteetan mediterraneoko migrazioen eta errefuxiatuen auziak jarraitu ditu.

 

Azken urteetan errefuxiatuen gaia jarraitu duzu eta besteak beste Moriako egoeraren lekuko izan zara. Siriako gudak, besteak beste, bultzatutako errefuxiatu olde handitik hasi eta pandemiaraino. Eman zezakeen gauza batzuk ezin zutela okerrera egin, baina ikusi dugu egoera gero eta makurragoa dela. Zer ikusi duzu zuk?

Guk Moriaren eboluzio guztia ikusi dugu, 2015ean sortu zenetik gaurdaino. Hasiera batean hotspot edo erregistro gune bezala sortu zen. Gero, Europar Batasunak eta Turkiak mugen kontrolerako akordioa sinatu zutenean, erretentzio gune bilakatu zen. Hori izan da eboluzioa, suteak sortu eta kanpalekuak zeharo desagertu diren arte.

Moria, Europaren gelditasunaren eta errefuxiatuen dramaren inguruan izan duen politika erasokorraren sinbolo bilakatu da. Zergatik?  Alde batetik, asilo eskaerak ze gaizki funtzionatzen duten ikusi dugulako -errefuxiatuek hilabeteak eta urteak pasa dituzte gune horretan haien asilo prozedurak aurrera eramateko inolako erraztasunik gabe- . Beste alde batetik, argi geratu delako, eta kanpaleku horrek argi erakutsi duelako, nola tratatzen dituen Europak asilo eskatzaileak, errefuxiatuak: animaliak izango balira bezala, inolako baldintza duinik gabe.
Beraz, gelditasunaren, inmobilismoaren eta sentimendu eta humanismo faltaren sinboloa izan da Moria azken urteetan.

 

Milaka pertsonen bizitzak kolokan daude orain, eta denbora luzez bizi baldintza oso kaskarretan daramatzatela erantsi behar diogu. Zer gerta daiteke? Erantzunik emango zaio egoerari?

Lesbosera joaten garen bakoitzean daukagun sentsazioa da egoerak ezin duela okerrera egin, eta bueltatzen garen bakoitzean egoera okerrago dago. Horrek izugarrizko tristura eta etsipena sortzen du.

Orain, pertsona hauek guztiek duten etorkizuna ez da batere argia. Momentuz ikus daitekeena da Greziako agintariek derrigortu egingo dituztela denak kanpaleku berrira sartzen. Eta, kanpaleku berria zentro itxia izango dela, hau da, posible dela sartzea, baina ez ateratzea. Gainera, badirudi asilo prozedurak gehiago gogortuko direla testuinguru berrian.

Ondorioz, ikus daiteke Greziako gobernuak erabaki duela errefuxiatuak zigortzea suteagatik. Autokritika egin beharrean eta pentsatu beharrean ze baldintzek bultzatu duten suteak piztera – hemen guk gure buruari egin beharko geniokeen galdera ez da nork piztu dituen suteak, baizik eta ze baldintzek bultzatu duten halako egoera batek eztanda egitea- Greziako gobernuak egin duena da errefuxiatuak suteengatik zigortu.

Testuinguru horretan errefuxiatuek ez dute alternatiba handirik. Izan ere, informazio falta handia dago, ez dakite zer gertatzen ari den, eta aholkulari legalak falta zaizkie. Nolabait esatearren, agintariak eta polizia errefuxiatuen nekearekin eta gosearekin jolasten ari dira. Eta, oinarrizko baldintzak falta zaizkizunean, hau da, gose zarenean eta izugarri nekatuta zaudenean, oso erraza da ahultasun horrekin jolastea eta probetxu hartzea.

 

Gelditasunaren, inmobilismoaren eta sentimendu eta humanismo faltaren sinboloa izan da Moria azken urteetan.

Hau dena aspalditik datorren egoera baten eztanda baino ez da. Nola iritsi gara honaino? Zein da egiten duzun analisia?

Azken bost urteetako Europar Batasunaren migrazio politiken isla da Moria. Zeharo baztertu den eremu bat izan da. Europako agintarientzat hau Greziaren arazo bat zen, Greziako agintarientzat Lesboseko arazo bat… eta bitartean kanpamentua uharte baten baitako kartzela bilakatu da, hau da, kartzela bikoitza.

Utzikeria eta gehiegikeriek – izan ere errefuxiatuek ez dute inongo laguntzarik jaso azken bost urteetan; animaliak bezala bizi ziren, edateko urik gabe, ia komunik gabe, janari eskasa jasotzen…- eragin dute egoerak azkenean eztanda egitea.

Hau ez da Morian gertatzen den lehen sua, piztu dira beste su batzuk. Baina, azken sute honek egin duena da kanpamentua zeharo suntsitu. Kanpamentua suntsitzeak ordea, ez du Europako migrazio politiken suntsipena ekarri, ez da autokritikarik egin. Ez da pentsatu zer egin daitekeen pertsona hauen guztien egoera hobetzeko. Orain arteko eredua berriz ere errepikatzen ari dira, beste kanpaleku itxi bat irekiz. Beraz, ez dugu azken bost urteetan gertatu denaren inguruan ezer ikasi.

 

Ikusi dugu eskuin muturrak bere diskurtsoak gogortzeaz gain ekintzak ere gauzatu dituela. Hau da, ez da bere diskurtso baztertzailera mugatu, baizik eta errefuxiatuen kontrako erasoak eta hauei laguntzen dieten gobernuz kanpoko erakundeen kontrakoak burutu dituztela. De facto, beraien politika ezartzen ari dira? Grezian ez ezik, Italian, Hungarian,… eskuin muturrak milaka eta milaka errefuxiatu eta migratzaileren kontra gauzatzen ari den ildoaz zer azterketa egiten duzu?

Kanpamentua suntsitzeak ordea, ez du Europako migrazio politiken suntsipena ekarri, ez da autokritikarik egin.

Eskuin muturrak oso ondo lortu duela jendearen ezinegona kapitalizatzea. Egia da Lesboseko herritarrak, eta Greziako beste uharte batzuetako herritarrak, haserre daudela, ikusten dutelako horrelako egoera batean bakarrik utzi dituztela, bakarrik sentitu direla. Bai Europaren partetik, baita Greziako agintarien partetik ere.

Horri loturik, protestak egon dira azken asteetan Lesbosen. Eta, egon da arrazoi bat, bai Lesboseko herritarrak, bai errefuxiatuak batu dituena. Arrazoi hori da inork ez zuela beste kanpamentu berri bat irekitzerik nahi. Herritarrek ez zuten Moria berriz ere konpontzerik edo berreraikitzerik nahi, eta errefuxiatuek berdin. Errefuxiatuek, kontinentera joan nahi dute hasiera batean, eta, gero, Europako beste herrialde batzuetara lekualdatuak izan.

Horrenbestez, eskuin muturra eta talde faxistak gai izan dira haserre hori kapitalizatzeko, haserre horri erantzun sinpleak emateko; errefuxiatuek alde egin behar dute, errefuxiatuak dira gertatzen ari zaizkigun arazo guztien jatorria… Eta, zer gertatu da? ba alderdi tradizionalak, demagun, faxistak ez diren alderdiak, bai ezkerrean, bai eskuinean, bai zentroan kokatuak, ez direla gai izan mezu horiei aurre egiteko. Ez hori bakarrik, eskuin muturraren politikak mimetizatzera pasatu dira.

Uste dut hau dela azken urteetako europar alderdi politiko demokratikoen porrotik handiena. Zeren eta, ez dira gai izan egoera honi irtenbide bat emateko, irtenbide duin bat emateko, eta, aldi berean,  eskuin muturraren esloganak kopiatuz politika itxiak eta xenofoboak aurrera eramaten aritu dira. Baina jendeak, originalaren eta kopiaren artean, nahiago du originala.

 

Azken urteetan, Europak bere mugak externalizatzeko ahaleginak egin ditu (Turkiarekin sinatutako akordioa horren adierazle) eta estatuek beraienak hesiz josi dituzte. Horrela Schengen eremua bera kolokan jarri dela idatzia duzu. Zein irakurketa egiten duzu azken urteetan Europar Batasunak (EB) bultzatu dituen migrazio politiken inguruan?

Eskuin muturra eta talde faxistak gai izan dira haserrea kapitalizatzeko.

Europak bidali duen mezua, errefuxiatuei bidali nahi dien mezua, hau da: ez zarete ongietorriak, ona ez duzue etorri behar. Eta, horretarako estrategia guztiak aurrera eramaten ari da.
Estrategia horietan nagusia, mugen externalizazioa da. Ez bakarrik Turkiarekin sinatutako akordioarekin, baita Libian Tripoliko gobernuarekin (miliziek errefuxiatuak Libian harrapatuta mantendu ditzaten) eta Marokorekin azken urteetan sinatu dituen akordioekin aurrera eraman dena. Ikus daiteke akordio horiek sarritan diktadoreekin, hau da, inolako balore demokratikorik ez dituzten agintariekin sinatzen dituztela. Mugen extrenalizazioa ez da gauza berria, baina partxe bat da, bizkarra ematen dio egoerari, eta ez dio aurre egiten datozen urteetan Europarena izango den erronkarik handienetakoari.

Argi dago Europako agintariak hurrengo hauteskundeak irabaztera begira baino ez daudela, eta inork ez daukala belaunaldi ikuspegiko konpromiso bat, konpromiso intergenerazional bat. Horrek eragiten du oso hankamotz geratzen ari garela horrelako erronka handi bati aurre egiterako orduan.

 

EBk bere  Immigrazio- eta asilo-ituna berrituko du laster. Zerbait berririk espero daiteke bertatik edo orain arteko logika berdinarekin jarraituko da? Nork du benetako lidergoa afera honetan?

Orain berriz ere eraiki beharko dira migrazio eta asilo politika.

Uste dut inork ez daukala Dublingo akordioak berrizteko, edo akordio berri bat hezurmamitzeko, ez borondate, ezta mailarik ere. Merkelek agian erakutsi zuen borondate hori, 2015ean prest egon baitzen miloi bat pertsona jasotzeko (ez bakarrik interes humanitarioen ondorioz, baita interes ekonomikoen ondorioz ere). Baina, Merkelen azken garaiak, azken uneak, bizi ditugu. Merkel joan egingo da, eta ez dakigu Alemanian nork irabaziko dituen hurrengo hauteskundeak,  zein izango den Alemaniako lider berria. Alemaniako lider berria esanda, Europako lider berria ere esan daiteke, badakigulako zein den Europaren motorra eta zeinek daukan azken hitza kasu askotan.

Beraz, ez dago benetan erronka honi gogoz ekiteko intentziorik, eta nik ez dut ezer espero politika berrien inguruan. Hemen egin behar dena da Dublingo sistema berrinterpretatu, beste legedi bat antolatu. Dublingo akordioa testuinguru zeharo desberdin batean eraiki zen, eta, horrenbestez, orain berriz ere eraiki beharko dira migrazio eta asilo politikak. Baina, Europar Batasuneko kideen baitan dagoen banaketa ikusita, bizi dugun testuinguru partikular honetan, oso zaila iruditzen zait gai honi gogor eta serioski jorratzeko intentzioa egoterik.

Ane Irazabal
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri