Arkaitz Fullaondo

«Desberdintasun sozialen ondorioz,  jendea bere bizitza proiektua beste toki batean garatzera joan behar izaten da»

Talaia10 Arkaitz Fullaondo Arkaitz Fullaondo (Leioa 1980). Soziologoa. Soziologia eta Gizarte Langintza saileko irakaslea EHUn. 17 urte daramatza migrazio internazionalak aztertzen. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokia-ko ikertzailea da.

 

Migrazio fluxuak egoera ekonomikoekin oso lotuta daude. Egoera ekonomikoa okertzean migratzaile kopurua jaitsi ohi da eta alderantziz. Zergatik gertatzen da hori? Nola erregulatzen da?
Hau gertatzen da gurean dugun migrazioa, nagusiki migrazio ekonomikoa delako. Horregatik  ekonomiak hoberantz egitean, gure lan merkatuak jendea behar izaten du, migratzaileak “deituz”. Ekonomiak txarrera egitean aldiz, kontrakoa gertatzen da.

Migrazioak ulertzeko ulertu behar dugun oinarrizko ideia, munduan desberdintasun sozial oso handiak daudela da. Ondorioz, badago jendea beraien jatorrizko herrialdeetan bizitza proiektu bat garatzeko oinarrizko elementuak ez dituena. Hori gertatzen denean, jendea bere bizitza proiektua beste toki batean garatzera joan behar izaten da.

 

Hori kontuan izanik, nola eragingo du orain Covid 19aren ondorioz azaleratu den krisiak?
Lehenik eta behin, nabarmentzekoa da, krisi hau erabat berria dela, krisi oso globala delako, eta  migrazioa erabat baldintzatzen duen elementu bat ekarri duelako:  mugikortasunaren limitazioa.
Beraz, seguruenik, migrazio fluxuak gelditu egingo dira, jendea ezin delako mugitu. Zer gertatuko da honen ostean, mugikortasuna berriz irekitzen denean?  Kontuan izan behar dugu oso krisi ekonomiko sakon baten atarian gaudela. Horrenbestez, pentsa daiteke kanpotik etorriko den populazioaren kopuruak beherantz egingo duela, krisiak dirauen bitartean.
Hala ere, ahaztu dezagun etorkinak beraien herrialdeetara itzuliko direnaren ideia hori. Ez, hori ez da gertatuko. Jada inmigrazioa, eta inmigrazioak sortutako aniztasun soziala, euskal gizartearen beste ezaugarri bat dira. Hona etorri den jendea jada euskal herritarra da, nahiz eta beraien erlijioa, beraien azalaren kolorea, beraien izaera, beraien hizkuntzak, beraien kulturak… beste batzuk izan. Beraien bizitza proiektuak hemen errotu dituzte eta hemen geratuko dira, aurreko krisian gertatu zen bezala.

Zenbait hedabidetan koronabirusaren hedapena edo transmisioa migranteekin lotzeko ahaleginak ikusi ditugu azken boladan. Zer dago kriminalizazio eta estigmatizazio horren atzean? Zein ondorio izan dezake horrek migrazioaren gainean dugun pertzepzioan?
Hau migrazioaren inguruan dauden zurrumurru eta bestelako gezurren beste kapitulu bat baino ez da. Horrelako ideiak abian jartzen direnean, helburu oso zehatz bat dago atzetik: inmigrazioa egoeraren errudun bilakatzea. Adibidez, instituzioak egiten ari diren krisiaren kudeaketa txar bat ezkutatzeko.
Kontua da, kutsatzeen arazoa ez dela migranteen jarrera edo ohiturek sorturiko arazo bat, baizik eta bazterketa sozialak sortzen duen egoera bat.  Prekarietatea eta pobrezia dira kutsatzeen eragileak.  
Mezu horiek zabaltzeak oso eragin larriak ditu ordea. Kontuan hartu behar dugu, krisi honek tentsio psikologiko handiak sortu dituela gure gizartean, eta, ondorioz, oso sentsible dagoela. Horrek gauzak ondo ez aztertzea eragiten du, eta horrelako idiak oso azkar jaso eta barneratzea. Eta nabarmentzekoa da mezu horiek  aniztasunaren kudeaketarako eta integraziorako arazo bat direla.

 

Krisi hau erabat berria da (…) migrazioa erabat baldintzatzen duen elementu bat ekarri duelako: mugikortasunaren limitazioa

Hala eta guztiz ere, nolakoa da migrazioaren gainean euskal gizarteak duen pertzepzio orokorra?

Ikuspegitik egiten ditugun ikerketa desberdinetan ikusi dugu pertzepzioa orokorrean ona dela. Horrek ez du esan nahi egoera idiliko batean gaudenik. Gurean badaukagu arrazakeria, badaukagu diskriminazioa eta baditugu etorkinekiko jarrera eskasak. Horiek existitzen dira. Baina, gizartea orokorki aztertuz gero, ez gaude txarto.
Hala ere, inmigrazioarekiko pertzepzio hori aldatu egiten da egoera ekonomikoaren arabera, hau da, egoera ekonomikoak okerrera egitean pertzepzioek ere hala egiten dute, eta alderantziz.
Horrek zer esan nahi du?  Oso posiblea dela orain pertzepzioek berriro txarrera egitea. Baliabide eta bitarteko gutxiago daudenean,  gizartearen zati batek, hona kapotik etorri diren horiek bilakatzen dituzte egoeraren errudun. Hala ere, populazioaren gehiengoak, egoera ekonomikoak berriro onera egitean, ideia horiek ahaztu egiten ditu eta berriz pertzepzio positiboetara bueltatzen da.

 

Pertzepzioez gain, zein da gaur egun EAEn migrazioaren argazki orokor erreala?

EAEko datuak hartuz gero, 2020. urtean 240.000 pertsona zeuden erroldatuta atzerritar jatorrikoak. Hau da, populazioaren %10a. Horrek esan nahi du 10 pertsonatik bat atzerritar jatorrikoa dela.
Jatorriei dagokionez, hemen daukagun perfil nagusia Latinoamerikatik datorren jendearena da. Atzerritar jatorria duten populazioaren %50a dira. Hor ditugu kolonbiarrak (gehiengoa), baina baditugu boliviarrak, nikaraguarrak, venezuelarrak…
Latinoamerikarren ondoren afrikar jatorrikoak dira nagusi, eta afrikarren artean, marokoarrak.  Europatik datozenetatik gehiengoa errumaniarrak dira.

Jada inmigrazioa, eta inmigrazioak sortutako aniztasun soziala, euskal gizartearen beste ezaugarri bat dira

 

Eta argazki hori lan munduan eginez gero? Zein egoeratan aurkitzen dira migranteak lan munduan?

Argazki hori lan munduan egitean, jatorrien arabera desberdintasun handiak ematen direla ikusiko dugu.
Orokorki aztertuz, populazio atzerritarraren langabezia tasa EAEn dugun batez-bestekoa baino altuagoa da. Azken datuek zioten (koronabirusa baino lehen), hemen langabezia tasa %10-11 ingurukoa zela, eta atzerritar jatorrikoena %25- 30ean kokatzen zela.
Jatorrietara joanez gero, latinoamerikarrak dira laneratze tasa altuena dutenak. Eta latinoamerikarrak dira arrazoi oso nabarmen bategatik; gure lan merkatuak etorkinentzako dituen “espazio” laboral horietan kokatzen direlako: zerbitzuen sektorea, etxeetako garbiketak, zaintza lanak etab. Lan horiek, gehienbat, emakume latinoamerikarrek egiten dituzte. Hori bai, egoera oso prekario batean aurkitzen dira. Oso sektore prekarizatuetan lan egiten dute, asko kontraturik gabe, soldata oso baxuekin… beraz, bai, lan egiten dute, baina egoera oso prekario batean. Baina lan egiten dute, hori ez dugu ahaztu behar. Zergatik? Afrikar jatorriko jendea aztertuz gero ikusiko dugulako langabezia tasa %30-50 inguruan kokatzen dela. Kasu honetan marokoar jatorrikoek zerbait gehiago lan egiten dute, baina Sahara azpiko jatorrikoak, langabezia tasa oso altuetan aurkitzen dira, %50-%55ean. Sektore hauek laneratzeko arazo oso handiak dituzte. Gure lan merkatuan daukagun erronka nagusienetakoa da hau, integrazio prozesuetan lana izatea garrantzitsua delako oso. Eta afrikar jatorriko jende gehienak urte asko daramatza langabezian.
Dena den, badago esperantzagarria izan den elementu bat. Azken urteetan afrikar jatorriko populazioaren zati batek lana aurkitu du, industrian gainera. Industria auxiliarrean, fabrika txikietan gehienbat. Horrek adieraz dezake gure lan merkatuan “espazio” berri batzuk ireki direla pertsona hauen (eta normalean gizonak dira) laneratzerako. Eta, gainera, normalean etorkinak laneratzeko arazo asko zituen sektore batean. Hau, kualitatiboki bada ere, oso interesgarria da.

 

Eta aniztasunaren kudeaketa horretan, zein harreman dago, euskal kulturaren, euskal hizkuntzaren… eta migranteen artean?

Hori gure berezitasuna da. Gu  estaturik gabeko nazio txiki bat gara. Gure kulturaren masa kritikoa oso txikia da. Ez gara asko, eta gure hizkuntza, hizkuntza minoritarioa da.

Horrek integrazio politikak planteatzerako orduan berezitasunak dakartza. Azken finean, guk gure kultura, gure hizkuntza, gure identitatea… mantendu behar ditugulako. Horregatik, oso garrantzitsua da euskal hizkuntza integrazio prozesuen erroetako bat bilakatzea.

Zerbait oso gaizki ariko ginateke egiten jatorri atzerritarreko gurasoak dituzten euskal gazte horiek (…) euskara ez balukete ulertuko

Gai honetan uste dut asko daukagula ikasteko -desberdintasun guztiekin- beste hamarkada batzuetan izandako migrazio prozesuekin. Zerbait oso gaizki ariko ginateke egiten jatorri atzerritarreko gurasoak dituzten euskal gazte horiek, euskara ez balute hitz egingo, euskara ez balukete ulertuko. Eta oso txarra litzateke, zeren eta, berriro hiru hamarkada atzeragoko egoerara bueltatuko ginateke.

Era berean uste dut, aniztasun etno-kulturala euskal gizartearen beste ezaugarri bat dela. Hau da, jada ez gara gizarte  homogeneo bat – inoiz ez gara izan, baina orain askoz gutxiago.-  Uste dut euskal izate hori, euskal identitate hori (identifikatzea oso gatazkatsua dena), askoz anitzagoa izan beharko dela, inklusiboagoa. Euskal gizartea bera askoz anitzagoa delako.

 

Eta hizkuntzari begiratuz gero zein da egoera? Aurrerapausoak ematen ari dira?

Baietz uste dut, aurrerapausoak ematen ari direla. Eskoletan etorkin gehienak D ereduan daude matrikulatuak. Beraz, gutxienez, euskararen oinarrizko ezagutza bat izango dute, duela hamarkada batzuk ez bezala.
Hala ere, uste dut euskarari buelta batzuk eman behar dizkiogula. Argi dago integraziorako bitarteko bat izan behar duela, baina aldi berean uste dut etorkinei ezin diegula eskatu “bertakook” egin ez duguna. Guk badaukagu gizartearen zati oso altu bat, bertakoa dena, hemen jaioa dena, edo ia bizi osoa hemen eman duena, eta inoiz ez duena euskara ikasi. Orain duela 5-10 urte etorritako bati exijituko diogu guk egin ez duguna?
Dena den, euskara integraziorako bide bat dela argi dago. Hori oso nabarmena da, jatorri atzerritarreko pertsona batek euskara ikasten duenean milaka ate irekitzen baitzaizkio.  Herri hain txikia gara non, ikusten dugunean kanpoko pertsona batek esfortzua egin duela gure hizkuntza ezagutzeko, gure pertsona horrekiko pertzepzioa erabat aldatzen dugula. Ez dakit hor hipokresia puntu bat ez ote dagoen. Askok esaten dute: nik 40 urtetan egin ez dudana honek 5 urtetan egin du. Interesgarria.

Arkaitz Fullaondo
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri