Cinzia Della Porta | USB International

Italiako USB sindikatuaren ekimenak

talaia10 Cinzia della porta Cinzia Della Porta Italiako USB (Unione Sindicale di Base) sindikatuko kidea da
 

 

Sortu zenez geroztik, kapitalismoaren garapenak migrazio-fluxu izugarri handiak eragin ditu hala herrialdeen barruan nola nazioartean.

Kapitalismoak beti bultzatu izan ditu migrazio-fluxuak, ezinbestekoak baitzaizkio metaketa-prozesua gauzatzeko behar duen eskulana ziurtatzeko. Horrekin batera, era guztietako legeak onartu dira migrazio-fluxuak kontrolatu eta mugatzeko, etorkinak bizitzen jartzen diren herrialdeetan sortzen diren kontraesan sozialak hobeto kudeatzeko asmoz. Era berean, kanpaina ideologiko arrazista eta xenofoboak bultzatu dira, langile-klasearen eta esplotatu guztien batasuna eragozteko.

Gaur egun, inperioen arteko lehia betean murgilduta gauden honetan, gerra ekonomikorako eta gerrarako joera bizkortzen ari da, eta migrazioa dugu nazioarteko lehia horren ondorioetako bat. Europako inperialismoaren kasu zehatzean, barne-lehia gogorra bizi dugu gainera, eta lehia horrek agerian uzten du Europaz kanpoko migrazioen eta Europar Batasuna osatzen duten herrialdeen arteko barne-migrazioen arteko erlazioa.

Herrialde bakoitzeko langileak/ondasunak, produkzio-sistemak gehien behar dituen lekuetara bideratzen dira, herrialde bakoitzaren garapen teknologiko eta produktiboaren arabera asko aldatzen baita eskulanaren osaera. Prestakuntza handiko langileak Europa iparraldeko herrialdeetara joaten dira (Alemaniara eta Holandara, nagusiki), han gehiago inbertitzen baitute berrikuntzan eta ikerketan. Kualifikazio apalagoko langileak, berriz, teknologia gutxiagoko herrialdeetan aurkitzen ditugu, Italian eta Europa hegoaldean, adibidez.

Arrazakeriaren eta xenofobiaren ondorioz ez da langileen eskubide materialen inguruko gatazkarik  edo liskarrik piztu inoiz, ezta gurea bezalako herrialdeetan ere, non migrazioaren larrialdia deiturikoa eztabaida politikoaren erdi-erdian baitago eta zenbait fenomeno arrazista egon baitaude, are sektore proletario handitan ere. Etorkinak bertako langileak ez bezalako ondasun soiltzat hartzen dituzte, errazago da haiei xantaia egitea edo haiek esplotatzea, bertako langileek utzitako sektoreetako ekoizpenari eusteko erabiltzen dituzte, edo, bestela, hazkunde ekonomikoaren urteetan hegoaldeko langileekin egiten zuten moduan, soldatak apaltzeko, eta horren bidez, eskulanaren kostuak eta eskubide sindikalak murrizteko.

Kanpaina xenofoboek ongizatearen eta eskubide sozial eta zibilen murrizketa hartzen dute jomugan, bai eta aldirietako auzoen egoera geroz eta kaskarragoa ere. Izan ere, EBren austeritate-politiken ondorioz gure metropolietako esparru handiek jasandako gainbehera, etxebizitza-eskubidearen eta udal-mailako nahiz maila nazionaleko gizarte-zerbitzuen egoera larriak, besteak beste, intolerantziazko politikak elikatu besterik ez dituzte egiten eta gure erreferentziazko bloke sozialeko sektore zabalek talde eta alderdi arrazistekin bat egiten bukatzen dute, azkenean.
Europar Batasunak tratatuez, legeez, arauez eta beste herrialde batzuekiko hitzarmenez osatutako egitura arautzaile sendoa eraiki du migrazio-fluxuen etorrera arrazionalizatzeko asmoz. Kontrol-sistema konplexu horren arabera erabakitzen dira etorkinak EBko estatuetan integratzeko eta bertan gelditu ahal izateko baldintzak.

Etorkinek beren larruazalean bizitzen dute muga (hala instituzionala, nola herrialdeen artekoa), non eta Schengen Itunak ondasunen eta kapitalen joan-etorriaren liberalizazio erabatekoa ezarri duen esparruan. Muga hori, gainera, militarizatuz joan da urterik urte eraikitako oztopo fisikoekin, eta etorkin ekonomiko deiturikoentzat legalki gainditu ezina bihurtu da. Azken hamarkadetan zehar, blokeo gogorra ezarri zaie etorkinei polizia-sistema zorrotz baten bidez, eta gure mugen barruan nahi ez ditugun migrazio-fluxuen kudeaketa militarraz arduratzeko lan zikina inguruko herrialdeen esku utzi da (EBren eta Turkiaren hitzarmena, 2016ko martxoan). Horrela, lanbidearen eta nazionalitatearen arabera erabakitzen da nor sar daitekeen Europar Batasunean, eta horrek migrazioaren blokeoa bera zatikatzea dakar.

Gerrak, suntsiketa, ehunka urteko kolonialismoak txikitutako herrialdeak atzean utzi eta bizimodu hobe baten bila ihes egindako etorkinak Europar Batasuneko mugetara iristen direnean, «asilo eskatzaileen» edo «migratzaile ekonomikoen» artean banatzen dituzte, nahiz eta bereizketa hori Europako sistema produktiboaren beharrei erantzuten dien asmakuntza ideologiko hutsa besterik ez izan.

«Fluxuen dekretu» zentzugabeak, hots, herrialde bakoitzera joango diren etorkinen kopurua eta nazionalitatea eta zer ogibidetan arituko diren ezartzen duen eta inora joan ahal izateko etorkinek «deitzaile» bat behar dutela arautzen duen lege-testuak argi eta garbi erakusten digu kapitalaren premiei erantzutea dela migrazioa arautzearen atzean dagoen helburu bakarra.
Laburbilduz, «zatoz eta egin ezazu nik behar dudana, nik esaten dudanean».

Dublingo Itunak agintzen duenez, asilo-eskatzaileak iristen diren herrialdean gelditu behar dute eta, itun horri jarraikiz, Europara migrazio-fluxurik iristea galarazteko hesi-lana egotzi dio EBk Italiari.

 

USBren ekimena immigrazioaren aurrean

Aurrean dugun panorama ez da batere itxaropentsua. Azken urteotako politikak, labur-labur azaldu ditugun bezala, migratzaileen eta errefuxiatuen kontra doaz bete-betean.

Hedabideek eta gobernuek, beren matraka etengabearekin, migratzaileei eta errefuxiatuei leporatzen diete Italiako herritar pobreen egoera ekonomiko eta sozial larria. Eta ezkutatu egiten dute milaka eta milaka pertsonak zergatik erabakitzen duten beren jaioterritik beste herrialde batera ihes egitea eta zeri zor zaion Europako populazioaren sektore zabalen pobretzea.
Europako mugetara iritsi nahian dabiltzan milaka gizon-emakumek Afrikako zenbait eskualdetako gerren eta hango baliabideen espoliazioaren ondorioa dira, argi eta garbi. Mendebaldeko potentzien esku-hartze ekonomiko eta militar sistematikoa eta Afrikako gobernu ustelen konplizitatea dago horren guztiaren jatorrian. Era berean, EBren austeritate-politikek langabeen kopurua eta pobrezia areagotu eta bertako langileen eskubideak murriztu besterik ez dituzte egiten.

Gauzak horrela, gure sindikatua irmo ari da borrokan, Europako gobernuei eskatzeko bertan behera utz ditzatela etorkinen eta haien jaioterrien (Sahelen, Libian eta kolonialismoa sekula desagertu ez zen beste herrialdeen) aurka bultzatzen dituzten gerra-politikak. Mobilizazioak eta kanpainak antolatu ditugu Europar Batasunaren eta etorkinen jatorrizko edo igarotzako herrialdeen arteko aldebiko hitzarmenen aurka –ehunka milaka pertsona kanporatzea dakarte urtero– eta Europan bizileku-baimenik ez daukaten pertsona guztiak erregularizatzearen alde.
Ildo berean, desberdintasun sozialei buruzko informazio-kanpainak egiten ditugu, jendeari ulertarazteko desberdintasun horiek gizarteko sektore guztiek jasaten dituztela, beren jatorri geografikoa eta azalaren kolorea gorabehera. Gure borrokaren bidez agerian utzi nahi dugu denok jasaten dugula zerbitzuen eskasia eta aldirien utzikeria, eta bat eta bera direla irabazten dugun soldataren aldean garestiegiak diren alokairuak ordaintzeko zailtasunak eta bizi dugun esplotazio eta pobrezia.

Horregatik, masak hezteko funtzio pedagogikoa betetzen dugu, kapital handiek eta haren zerbitzariek antolatutako kanpaina ideologikoei aurre egiteko, herritarren artean banaketa sustatzea baita kanpaina horien helburu bakarra: gure egoeraren benetako arrazoiak identifikatzeko gai ez izatea bilatzen dute.

Conteren lehen gobernuak (Liga Norte alderdi arrazistarekin osatua) onartu eta Conteren bigarren gobernuak (arrazisten ordez EBren aldeko PD alderdiarekin batera osatua) azal-azaletik aldatu zuen Segurtasun Dekretua delakoak beti bezala jarraitzen du, bizileku-baimenei buruzko bermerik eman gabe. Horri gehitu behar zaio Bossi-Fini legeak indarrean jarraitzen duela, eta, beraz, nabarmen-nabarmena da etorkinen bizimodua oztopatzen jarraitzeko asmoa daukala Italiako gobernuak.

EBtik kanpoko langile asko eta asko ari dira lanean nekazaritzan eta logistikan, eta bi sektoreotan oso hedatuta dago esplotazioa. Urteak igaro ahala aldatuz joan da sektore horretan erabilitako eskulanaren jatorria, eta bertako langileak Magrebeko eta Ekialdeko Europako langileekin ordezkatuz joan dira pixkanaka. 2008az geroztik, Burkina Faso, Boli Kosta, Mali, Ghana, Gambia eta Senegaleko langilez bete dira Italia hegoaldeko Saluzzo, Foggia, Rosarno, Torretta Antonace, Borgo Mezzanone… herriak. Baina Italia erdialdean eta iparraldean ere milaka langile etorkin ari dira nekazaritzan, lan-baldintza gogor eta prekarioetan, soldata guztiz apalekin eta etxebizitza- eta osasun-baldintza lotsagarriekin. Italiar gehienek ez dute jarduera horietan aritu nahi gaur egun eta, beraz, atzerriko eskulanik gabe, nekazaritzako elikagaien sistema oparoa bertan behera geldituko litzateke ordu gutxiren buruan.

USB sindikatuan 10 urtetik gora daramatzagu langile etorkinak antolatzen eta borroka sindikala bultzatzen, oinarrizko bi gairen inguruan: etxebizitza eta arreta soziosanitario duina, batetik, eta lanpostuari dagokion soldata, bestetik, langileak mafiek eta gaizkileek armez kudeatutako erdi-esklabutzazko lan-baldintzetan aritzen baitira maiz. Gure sindikatuko zenbait kidek bizia galdu dute borroka horretan: Abd Elsalam Ahmed Eldanf 2016ko irailaren 14an hil zuten Piacenzan, logistika-eremuko pikete batean, eta Soumaila Sacko, 2018ko ekainaren 2an, Gioia Tauron.
Borroka hau funtsezkoa da langileekiko eta naturarekiko errespetuan eta haien duintasunean oinarritutako nekazaritzako hornikuntza-kate bat lortzeko.

Italiako nekazaritza-sektoreak 30.000 miloi euro baino gehiago fakturatzen ditu urtero, Europako nekazaritza-ekoizle handienetakoa baita. Mediterraneoko herrialdeen artean, berriz, hirugarrena da zitrikoen ekoizpenari dagokionez, eta munduko osoko hamabigarrena, 2,5 milioi tona ingururekin. Prozesatzeko tomateei dagokienez, munduko ekoizle nagusienetakoa dugu Italia, AEBekin eta Txinarekin batera: 3.200 milioi euro fakturatzen ditu urtero.

Nekazaritza-sektorean gabezia handiak izan dira beti bai jardun sindikalari, bai eskubide sozialei dagokienez. Eta egoera horrek gaur egunera arte iraun du, Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan hartzen diren erabaki politikoen ondorioz. Politika horrek banaketa-enpresa handiak lehenesten ditu, nekazari txikien eta nekazaritza alorreko langileen kaltetan.

Beren jatorri geografikoa edozein dela ere, lan-erritmo ezin biziagoan jardutera behartuta dauden milioika gizon-emakumeez ari gara. Esplotaziorik latzena jasaten dute, istripu-tasa handiak eta hildakoak ere izaten dira tarteka, baldintza horien ondorioz. Sektore horretan korporatibismo-mota desberdinak aurki ditzakegun, maiz «bitartekaritza agentziez» mozorrotuta.

Gure supermerkatuak betetzen dituzten nekazaritzako produktu gehienak eskala handiko banaketa-enpresek hartutako erabaki politiko-ekonomikoen mende daude. Haiek inposatzen dizkiete prezio ezin baxuagoak tokiko ekoizleei, eta ekoizle horiek beren langileei.

Nekazaritzako hornikuntza katean eta kate hori osatzen duten jarduera ugarietan –hazien merkatua, uzta, uzta-ondorena, prozesatzea, garraioa, merkaturatzea, banaketa eta salmenta– milaka langile «ikusezin» ari dira lanean, haietako asko etorkinak, esparru itxietan sartuta, xantaiaren biktimak, EBko herrialdeetako legeen (lehenago aipatu ditugun Bossi-Finiren eta geroago Minniti-Orlandoren legeen) eta EB osoko zuzentarauen ondorioz.

USBn egunero borrokatzen gara langile horiei duintasuna emateko eta eskubide sindikalak eta sozialak irabazteko.

Egoera hori aldatzeko ezinbestekoa da nekazaritzan diharduten gizon-emakumeak bertako nekazariekin indarrak biltzea, bai eta azken kontsumitzaileekin beraiekin ere.

Azken urteotako borrokek erakutsi digutenez, batasun sindikal hori lortzea ez da zeregin erraza. Erraldoi ekonomiko oso egituratu eta dibertsifikatu baten aurka borrokatzen ari gara. Erraldoi horrek jendea behartzeko tresnak dauzka (legezkoak eta legez kanpokoak) bere balio-katearen nodoetan eta, beraz, egunen batean erraldoi hori menderatzea lortuko badugu, ezinbestekoa izango da langileen eta kontsumitzaileen beharrak interpretatzeko eta asetzeko gai den antolakuntza sindikal eta sozial sendoa eraikitzea.

    • Maila nazionaleko eta EB-mailako lege arrazista eta segregazionistak indargabetzea
    • Lan-kontratuaren eta bizileku-baimenaren arteko lotura ezabatzea
    • Soldata berdina lan berdinarengatik, langilearen jatorri geografikoa gorabehera
    • Eskubide sozial eta etxebizitza-eskubide berberak denontzat
    • Langileak eta natura errespetatzen dituen nekazaritzako elikagaien ekoizpen-katea garatzea eta azken produktuaren erabilera egokira bideratzea kontsumoa

Helburu horiek eta beste batzuk oinarritzat hartuta, USB nekazaritzako langileen mugimendu berri bat bultzatzen ari da, lehenbiziko aldiz 1950eko hamarkadaz geroztik.

Cinzia Della Porta | USB International
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri