Argitxu Dufau
«Badaude aukerak eta borondatea gai soziolaboralei loturiko akordio aukerak arakatzeko. Interpelazio lan horretan segitu behar dugu»

Argitxu Dufau LABen Ipar Euskal Herriko bozeramailea da
Azken 10 urtetan Ipar Euskal Herrian prozesu politikoak izan duen garapena izugarria izan da. Aurretik Euskal Herria ez zegoen aitortuta ez plano politiko eta instituzionalean, baina ezta dinamika sindikalean ere. Hori kontuan izanda, zein balantze egiten da Euskal Hirigune Elkargoaren lehen hamarkada honena?
Elkargoaren sorrera ez da egun batetik bestera gertatu. Ez da, halaber, mugimendu politiko bakar baten aldarrikapena izan. Askotariko eragileak batzen dituen Batera plataformak indar metaketaren aldeko apustua egin, eta urte luzez bultzaturiko dinamika soziala erabakigarria izan zen Euskal Elkargoaren sorreran.
Hasierako helburua estatus berezia izango zuen Lurralde Kolektibitate bat sortzea zen. Lehen urratsean ez zen helburu hori lortu. Hala ere, 2017an Euskal Elkargoa sortu zen, eta lehen aldiz Ipar Euskal Herriak aitortza politiko eta instituzionala eskuratu zuen; hori oso garrantzitsua da lurraldearen eta lurraldetasunaren ikuspegitik. Euskal Elkargoak lehendakari bat du, eta EAEk edo Nafarroak duten autonomia maila apalagoa badu ere, Euskal Herria bere osotasunean irudikatzeko eta egituratzeko aukerak irekitzen ditu.
Hamar urtez, Elkargoak bere ibilbidea egin du politika arloan. Ipar Euskal Herria gehiago egituratzea ahalbidetu du, eta eskumen berriei esker aitzinamendu batzuk egon dira.
Hala ere, kontuan izan behar da kostalde eta barnekaldearen arteko desorekak jarraitzen duela, parekidetasuna ez da oraindik errespetatua, eta bozketa zuzenik ez dagoela. Era berean, Elkargoak ez du Ipar Euskal Herriaren aitortza sozialean nahi beste aurreratzea permititu. Hasteko, Eskumen soziala departamenduaren eskutan egon da (kontuan izan behar da hauek direla departamenduaren aurrekontuaren arlo nagusiak: laguntza sozialak haurrentzat, helduentzat, langabetuentzat...). Horrez gain, Lan harremanerako espazio propiorik ez da egituratu: lantokia eta departamendua dira negoziazio kolektiborako hurbileneko eremuak.
Maila sindikalean, LABek egindako ekarpena aintzat hartzekoa da, instituzionalazioaren eta burujabetzaren alde langileekin pedagogia eginez, baita dinamika sozialean aktiboki parte hartuz ere.
Nola garatu dira kale dinamika edo dinamika sozialaren eta instituzioen arteko harremanak? Edo, beste era batean esanda, dialektika emankorrik bada eremu horien artean?
Elkargoaren sorrerak, martxan jarri eta haren garapena nolakoa izan zitekeen ikusi arte, urte batzuetan dinamika sozialaren apaltzea ekarri zuen. Hala ere, esan behar da Ipar Euskal Herriko jendartearen zati handi batean beti presente egon dela instituzionalizazioan eta Elkargoak izan beharko lituzkeen eskumenetan urrats handiagoak emateko nahia.
Azken hilabeteotan, LABeko zenbait kidek parte hartzen duten Batera plataformaren birfundazioa gauzatu da. Alde batetik, garaiko aldarrikapenak bete ez direlako, eta, bestetik, agerikoa delako Elkargoak dituen eskumenak ez direla aski gure herriarentzat anbiziozko politika bat garatzeko, ezta gure herriaren aitortza eta burujabetasuna ukaiteko ere. Eskumen gehiago ukaiteko —tartean eskumen sozialak—, beste instituzio baten beharra dago.
Aldiz, beste aitzinamendu instituzionalik ez da itxaron behar Ipar Euskal Herriko lan harremanerako esparrua izateko. Gaurdanik negoziazio kolektiborako instantziak sortu ahal genituzke langile publiko zein pribatuentzat. Horretarako, sindikatuen eta patronalaren borondate politikoa behar da eta horretan dugu sozializazio lana egin beharra. Horrek dinamika soziala karriketan eta lantokietan mantentzea eta elikatzea eskatzen du.
Hauteskunde lokalak eta gero panorama politikoan aldaketak azkartu dira. Ezkerreko abertzaletasunak aurrera pauso bat gehiago eman du hauteskundeetan. Hori gutxi ez eta orain Alain Iriart ezkerreko abertzaleak eskuratu du Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritza. Zeintzuk dira ireki den fase berri honen erronka nagusiak? Ikuspegi sindikaletik non jarri nahi da arreta?
Ezkerreko eta abertzaleen boz kopurua argiki hazi da martxoko herriko bozetan. Herriko etxe gehienak mantendu dira, beste batzuk irabazi eta Baionan akordio historiko bat lortu da ezkerreko abertzale eta frantsesen artean, seguraski, etorkizunari begira, elkarlanerako baldintzak sortu eta indar metaketa bultzatzeko aukera emango duena, makronismoaren eta eskuinaren aurrean.
Apirilaren 11n, hamar urteko Etchegarayren hegemonia amaitu da, Alain Iriart (EH Bai) Elkargoko lehendakari hautatu baitute. Garaipen bat da, baina oroitarazi behar da beste hautaketa sistema baten alde gaudela: bozketa zuzena ezartzea eta parekidetasuna bermatzea nahi dugu.
Horrenbestez, argi dago gure mugimendu eta proiektu soziopolitikoak zilegitasun guzia duela eta aldaketaren beharra adierazi dela.
Orain, arreta jarri behar da gure lurraldearen burujabetza sozialean. Bide horretan, tresnak sortu beharra dugu, baina orain arte borondate politikoa falta izan da. 2024an berritu dugun Hemen Erabaki proiektuan, behatoki ekonomiko hutsa dena tresna sozioekonomiko osoago batean bilakatzea aldarrikatzen dugu. Tresna hori Elkargoa sortu zenetik eskatzen ari gara, eta modu eraginkorrean abiarazteko aukera badago.
Ipar Euskal Herria espazio sozioekonomiko gisa aitortuko litzateke egitura hori ezartzean. Horrela, dagoeneko ditugun datuak zentralizatuko lituzkeen tresna horri esker, Ipar Euskal Herriaren diagnostiko sozioekonomiko zehatza izango genuke. Horrek gure beharrak asetzeko politika sozial egokiak zehazten lagunduko luke. Gainera, eztabaidarako gune bat izango litzateke, non jendarte zibilak eta lurraldeko eragile sozialek —sindikatuek, besteak beste— beren lekua izango luketen.
Bestalde, Elkargoak 1.400 langile ditu. Hor erronka nagusia da guztientzat lan- eta bizi-baldintza duinak bermatzea, zerbitzu publiko duinak ziurtatuz. Nahiz eta negoziazio kolektiborako instantzia Elkargoaren mailan egon, karrera indibidualak gaur egun Paueko Kudeaketa Zentrotik kudeatzen dira, eta hor ere aurrerapauso bat eman beharra dago.
Gai horien inguruan, herriko hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaiak interpelatu ditugu kanpainan zehar.
Euskal Herriaren eratze prozesu horretan sindikalismotik ere ekarpena egiten saiatu da LAB, besteak beste, Hemen Erabaki kanpainarekin. Ipar Euskal Herria esparru sozioeokonomiko bezala egituratzeko aurrera urratsak eman nahi dira, eskumen ekonomiko eta laboralak eskuratuz. Ze garapen izan du borroka honek? Eta zeintzuk dira aurrera begira egitekoak?
2024ko irailean, Hemen Erabaki – Décider Ici dokumentuaren bertsio eguneratua aurkeztu genuen. Hartu genuen engaiamenduari segituz, Ipar Euskal Herriko hainbat eragileri aurkeztu diegu.
Sindikatuei dagokienez, laurekin bildu gara: Solidaires, FSU, CFE-CGC eta CFDT. CGTk bilkura egiteari uko egin zion, eta gainerakoek ez digute erantzunik eman. Arlo politiko, ekonomiko eta sozialari dagokionez, hauekin bildu gara: EH Bai, Bizi, Euskal Moneta, Alda, Xuti Gazte, Garapen Kontseilua, Merkataritza eta Industria Ganbera (CCI), CAPBko presidente eta haren kabinetearekin, baita bi diputaturekin ere: Colette Capdevielle eta Peio Dufau, zeintzuek Iñaki Echanizekin harremana egin zuten. Azkenik, lau patronal erakunderekin bildu gara: laborantzako ELB sindikatua, Medef, U2P, Udes eta UMIH (CPMErekin biltzekotan gaude).
Orokorrean, “bira” honen balorazioa positiboa da; izan ere, 10 urteren buruan, lurraldetzearen eta negoziazio kolektiboaren ideiak bidea egin du. Aldarrikapen honen aitzindari izan gara eta ikusten dugu gero eta gehiago konbentzitzen duela, langileen bizitzak hobetzeko bide zehatza delako. Frantziako zentralismoaren eta indar-harremana eraikitzea zailtzen duten erreforma antisozialen aitzinean, beharrezkoa da gure lurraldeari erabakitzeko eta ekiteko ahalmena ematea. Jarrera jakobinoetan direnek oraindik ere eragin handia dute, baita langileen interesen aldeko neurriak oztopatzeko orduan.
Erronda horretatik ondorioztatu dezakegu badaudela aukerak eta badela borondatea gai soziolaboralei loturiko akordio aukerak arakatzeko. Interpelazio lan horretan segitu behar dugu, baita karrikatik presio egiten ere.
Dinamika sindikalean ere aldaketak bizi izan dira azken urteetan. 25 urte bete ziren iaz LAB Ipar Euskal Herrian ere antolatu zenetik. Oraindik orain pairatzen diren eraso batzuen gainetik, dinamika sindikal eta bateratua eratzen jarraitzen duzue.
LABek Ipar Euskal Herrian egin behar izan duen ibilbidea ez da batere xamurra izan. Hala ere, azken 25 urteek erakutsi dute badela beharra eta tokia sindikatu borrokalari eta abertzale batentzat. Langileen bizi-baldintzak duintzeko, burujabetza handiagoa eskuratu nahi dugu, eta azken urteetan Parisetik inposatu diren murrizketa eta erreformen aurrean kalean erakutsi dugu LABena sindikalismo borrokalaria dela, sindikalismo eraldatzailea dela gurea.
Honela, beste sindikatuak apurka-apurka gurekiko aplikatu izan duten bazterketa politika albo batera uztera behartuak izaten ari dira. LABen iniziatiba eta intersindikaletan ekarpena egiteko insistentziari esker, beste sindikatuen oinarrietan kontraesanak sortzea eta orain arteko jarrera itxiak mugitzea lortzen ari gara.
Ezin esan dezakegu egoera normalizatua denik, baina badira positiboki baloratu beharreko urratsak. Lehenik, azken urte hauetan Maiatzaren Lehena intersindikalean eraikitzen dugu, gure iniziatibaz. Baionan, azken urteotan —nahiz eta intersindikalaren osaera urtero aldatzen den— lortu dugu kolektiboki lantzea eta toki esanguratsua hartzea. Maulen, aurten bigarren aldiz FSU eta CGTrekin deitu dugu; Xiberuko egoera soziopolitikoa kontuan hartuta, ez da urrats txikia.
Bestalde, eztabaida luzeen ondoren —batzuetan tentsio handiekin— lortu dugu Ipar Euskal Herri mailako lan istripuen kontrako protokolo bat plazaratu eta, maleruski behar izan denean, aplikatzea. Hori ere, gure iniziatibaz gertatu da.
Horrenbestez, beste sindikatuen lerroak mugitzea lortzen ari gara, bai lantzen diren gaietan, bai borroka moldeetan, baita lurralde eremuaren ikuspegian ere.


