Liburu erreseina | El concepto de Estado en Marx
Sindikalismoa eta estatua

El concepto de Estado en Marx. Lo común por monopolios.
Álvaro García Linera
Bolivian mugimendu sozialetatik abiatutako borroka politikoak gobernua eskuratzera jauzia eman zuen 2005ean. Orduz geroztik, mugimendu politiko eta sozial eraldatzailetik Estatuko gobernua eskuratu eta berau eraldaketa prozesuaren zerbitzura jartzeko ahalegina egin dute hamarkada luze batean zehar. Prozesu horrek utzi dituen irakaspenak teorizatzeko ahalegina egin du Alvaro Garcia Linera presidente orde ohiak liburu berrian.
Horretarako, tradizio marxistak gai honen inguruan izan duen garapen teorikoa errepasatzetik abiatzen da liburua, ondoren zuzenean Marxengan oinarritzen den bere irakurketa propioa plazaratzeko. Marxek Estatuaz zuen irakurketa aldarrikatzea ere bilatzen baitu Linerak.
Hala ere, gogoeta horiek gure errealitate eta baldintzetatik pentsatzeko saiakera da honako testu hau, liburuan oinarritutako erreseina fidel bat egitea baino gehiago. Azken batean, Estatuaz egiten dugun irakurketak sindikalismoaren eginbeharretan ere eragin zuzena du, eta horren inguruan pentsatzeko aukera paregabea eskaintzen digu presidente ordeak planteatzen duen eztabaidak. Konkretuki, gobernu, instituzio eta estatu egiturak gure askapen eta eraldaketa prozesuaren zerbitzura nola jar daitezkeen gogoetatzea da asmoa, eta bide horretan sindikalismoak bete ditzakeen egitekoez pentsatzea. Saia gaitezen beraz.
Estatua tradizio marxistan
Marxismo klasikoak Estatuaren ulerkera instrumentala izan du historikoki, oso murriztailea. Klase dominatzailearen diktadura ezartzeko tresna gisa ulertu izan du, besterik gabe. Sarri esan izan da Marxen garaiari loturiko irakurketa zela hori, zeinetan Estatuaren egitekoak dimentsio errepresibora murrizten ziren. Kontrara, Garcia Linerak liburu honetan argia ematen du Marxek jadanik Estatuaren irakurketa konplexuagoa egiten zuela erakusteko. Dena den, tradizio marxistan kontuan izan beharko liratekeen garapen batzuk laburbiltzen ditu testuak, Estatuaren irakurketa instrumentalista gainditzera bidean lagungarri izan daitezkeenak.
Lenin izan zen marxismoak (bereziki Engelsek) Estatuaz gogoetatutakoa lehen aldiz sistematizatu zuena. Bere obra ezagunenean, Estatua eta Iraultzan, argi utzi zuen iraultza gauzatzeko proletalgoak estatu boterea lortu beharra zuela. Testu hori Urriko iraultza gauzatu baino hilabete batzuk lehenago izan zen idatzia, prozesu iraultzaile betean, eta irekitzear zen koiuntura politiko konkretuan jarduteko gako politiko-teorikoak ematea zuen helburu. Hau da, Estatuaren teoria oso bat osatzeko baino, bataila politikoan erabiltzeko testua idatzi zuen. Laburbilduz, proletalgoak estatu boterea konkistatu beharra zuela zioen, Estatuaren irakurketa zehatz batean oinarrituz; Estatua, klase kapitalisten mesedetan eta langileriaren aurka jarduteko sorturiko tresna gisa definitu zuen Leninek. Ondorioz, langileriak estatu boterea eskuratu beharra zuen, baina makineria hori desegiteko, hausteko... helburuarekin. Ondoren, proletalgoak bere estatu aparatu propioak sortu beharra zuen, bere interesen defentsan jardungo zutenak (proletalgoaren diktadura gisa ezagun egin den formularen bidez), eta denborarekin iraungitzen joango zirenak (sozialismotik komunismorako bidean).
Leninen ikuspegi hori oinarri harturik hedatu zen marxismoan aurrez aipatutako Estatua ulertzeko era instrumentala. Kontuan izan behar da, ordea, Leninen teorizazio hori koiuntura konkretu batean egin zela, non indar iraultzaileak estatuaren konkistarako prestatzen ari ziren, iraultzarako aukera irekia zegoenean. Iraultza egin eta gero, Leninek berak, autokritikoki, estatu aparatuen inguruan esandakoak berrikusi behar izan zituen, egoera politikoak hala behartuta (esaterako, etsaiarenak ziren aparatuak desegin beharrean, bere egin zituen Sobietar Estatuak, armada kasu).
Leninek Estatuaz egindako irakurketa hori zabaldu eta garatu zuen Gramscik ondoren, ordura arte ohikoa zen irakurketa murriztailea gaindituz. Bere testuetan ekialdeko eta mendebaldeko herrialde motak ezberdindu zituen. Ekialdean (1917ko Errusian adibidez), Estatuak pisu handia zuen, eta gizarte zibila ia ez zen existitzen. Mendebaldeko estatuetan, ordea, gizarte zibilak eta estatuak garapen maila altuagoa zuten, errealitateari konplexutasuna gehitzen ziotenak. Ondorioz, herrialde garatuetan bloke dominatzailearen hegemonia askoz ere errotuagoa zegoen, beraien boterea erreproduzitzen zuten aparatu ezberdinak artikulatzeko gaitasuna baitzuten. Argiago esanda, kapitalismo garatuan klase dominatzaileek kontsentsua eraikitzeko gaitasuna zuten, ordena hegemoniko bat antolatzekoa. Beraz, estrategia iraultzailea estatu mota ezberdinetara moldatu behar zela defendatu zuen Gramscik. Lengoaia militarra metafora gisa baliatuz estrategia iraultzailean sakoneko aldaketa bat planteatu zuen komunista sardiniarrak: ekialdeko Errusia bezalako herrialdeetan maniobra gerrak posible ziren (estatu aparatuen konkistarako golpe azkarrak), baina ez mendebaldean, non posizio gerrak garatzea beharrezkoa zen (hegemonia eskuratzeko egin beharreko lan geldoa).
Estatu kapitalista garatuak interpretatzerako orduan Nicos Poulantzasek hainbat pista ematen ditu. Bere esanetan, Estatua indar harremanen kondentsazio bat da. Hau da, Estatua harreman sozial bat da, klase borrokaren produktu. Ondorioz, Estatua ez da burgesiaren eskuetan dagoen instrumentu soil bat, eta ezta ere ikuspegi liberaletik saltzen den instituzio neutralen multzoa. Estatua gatazka da, eta hartzen duen norantza indar harremanen emaitza da. Azken finean, klase borrokan garatzen diren indar harremanen kristalizazioa dira instituzio estatalak. Horren adibide argiak dira Bigarren Mundu Gerra eta gero sortu ziren Ongizate Estatuak, mundu mailan ematen ari zen klase gatazkaren ondorio izan zirenak.
Hala ere, Estatu Kapitalistek era egokian funtzionatzeko autonomia erlatiboa behar dutela dio Poulantzasek. Estatuaren autonomia erlatiboa beharrezkoa da kapitalismoaren garapenak burgesiari sortzen dizkion bi arazo nagusiei erantzuteko. Lehena, klase kapitalistak ez direla homogeneoak, zatituta daudela eta frakzio bakoitzak bere interes propioak dituela. Estatuak klase dominatzaile guztiek era koherentean jardun dezaten bloke bakarrean artikulatzen ditu. Estatua, beraz, botere bloke bat da, ez klase bakar baten eskuetan dagoen instrumentu soil bat. Labur esanda, Estatuak klase dominatzaileak artikulatu eta antolatzen ditu, frakzio bakoitzaren interes partikularrak gainditzeko (unean uneko klase interes partikularrak sakrifikatuz, behar izatekotan). Horretarako du autonomia erlatiboaren beharra. Burgesiak duen bigarren arazoa, langile klasearen kontsentsua eskuratzeko duen zailtasuna da. Arazo horri erantzuteko, estatu aparatuak klase dominatuak desartikulatzen eta beraien antolaketa oztopatzen jarduten dira. Hori lortzeko, gizartearen interes orokorra defendatzen duela proiektatzen du Estatuak, interes unibertsalen ordezkari gisa azalduz. Era horretan, langileriaren batasuna haustea lortzen du. Dena dela, aintzat hartu behar da Estatuaren autonomia hori erlatiboa dela. Krisi garaietan lausotu egiten da, eta klase dominatzaileen interesak era nabarmenagoan ordezkatu ohi ditu (eta horrenbestez klase dominatuen babesa galdu ohi du).
Laburbilduz, klase sozial guztiek zein klase borrokak Estatua zeharkatzen dute. Horrenbestez, instituzioek klase kutsu argia daukate, baina moldatuak izan daitezke. Gainera, klase borroka eta honen ondorioak ez dira soilik lana eta kapitalaren arteko talkan garatzen, hortik harago doaz. Are gehiago, Marx oinarrian duen tradizioarentzat, klase borrokaren espresio gorena langileriak botere politikoa eskuratzearen alde eta estatu aparatuak eraldatzeko egiten duen borroketan gertatzen da.
Estatu egiturak askapen prozesuan
Estatuaren teoria marxistaren errepaso horrek ondorio batzuk uzten ditu. Hasteko, estrategia iraultzaile oro estatu boterea eskuratzetik pasatu behar bada, langileriak Estatuaren baitan bertan ematen den klase borrokan parte hartu beharko duela, ahal den heinean Estatu horren baitan posizioak konkistatuz, eta bere aldeko indar harremanak instituzioetan kristalizatzen saiatuz (eskubide laboral eta sozialen forman, esaterako). Ezin da Estatua kanpotik konkistatuko den elementu gisa pentsatzen jarraitu, ezin baitaiteke ahaztu Estatuaren barnean klase borroka gertatzen dela.
Bigarrenik, Estatuaren irakurketa konplexuagoa egiteak sindikalismoaren ulerkeran ere aldaketak dakartza. Nagusiki, marxismo murriztaileak Estatuaz egiten duen irakurketa kamutsak sindikalismoaren ulerkera motz berdina eraman ohi baitu lotua. Estatua klase baten diktadura ezartzeko tresna soil gisa ulertzen zuten berek, sindikalismoa langile klasearen interes ekonomikoak (kasu txarrenetan korporatiboak) defendatzeko antolaketa modua baino ez dela defendatzen zuten. Hau da, sindikalismoak langile klasea antolatzeko eta lan baldintzei loturiko interes berehalakoak defendatzeko balioko luke, baina ez langile klasea bere osotasunean askatzekoa. Kontrara, estatua harreman sozialen kondentsazio bezala ulertuz gero, sindikalismoak aldaketa politikoan izan dezakeen eragina ere biderkatzen da, irismen estrategikoa izan dezake bere egitekoak. Azken batean, klase gatazka estatuaren barnean ere ematen bada, bertan jarduteko estrategia bat pentsatu behar luke sindikalismoak (borrokaren bidez sorturiko indar harremanak estatu egitura eta instituzioetan kristalizatzen saiatuz edota estatuaren barneko langileak antolatu eta zuzenduz aldaketa politikoaren zerbitzura). Gure hizkuntzara ekarrita, langile mugimendu eta sindikatuen parte-hartze eta interpelazio insitituzionalarekin posible da bestelako indar harreman batzuk sortu eta instituzioen norabidean eragitea.
Azkenik, kontuan izan behar dugu gure eraldaketa eta askapen prozesua Euskal Herriko marko nazionaletik egiteak gaia are eta gehiago nahasten duela. Azken batean, ez gara Estatu-nazio independente bat, eta egitura estatal subalternoak izan arren bi estaturen menpe egoten jarraitzen dugu. Gainera, espainiar zein frantziar estatuetako indar harremanak aldakorrak dira, eta gure eragite gaitasuna mugatua da. Horrek esan nahi du gure egituretan eraldaketak bultzatu arren bi Estatuen mugak pairatzen jarraituko dugula.

El concepto de Estado en Marx.
Lo común por monopolios.(2025)
Argitaletxea: Akal
Hizkuntza: Gaztelera
Orrialde kopurua: 2224



