Idurre Lucas Ezkioga

“Herritarrentzako onuragarria den turismoak, lehenik eta behin, herritarren parte hartzea behar du”

talaia06 idurre lucasIdurre Lucas Ezkioga (Hernani, 1984) natura-turismoa eta turismo iraunkorra lantzen duen Bizibiziki aholkularitzako kidea da. Ikerketa turistikoan eta turismo iraunkorrean aditua eta antropologoa da
 

 

Azaldu labur-labur zer den eta zer egiten duzuen Bizibizikin.
Bizibiziki natura-turismoa eta iraunkortasunean espezializatutako lan talde txikia da. Iraunkortasunaren ikuspegi  zehatzarekin eta tokiko garapenean eragiteko lan egiten dugu. Diziplina ezberdinetako lantaldea gara eta horrek gure ikuspegi eta proiektuetan eragin zuzena du.
Egiten dugunari dagokionez, aholkularitza, eskaintza turistikoaren diseinua eta proiektu ezberdinen kudeaketan parte hartzen dugu.

 

Azken urteetan uda hurbildu ahala turismo ereduaren inguruko eztabaida berrirekitzen da. Gero eta gehiago entzuten dugu arazoa ez dela turismoa bera, gailentzen den eredua baizik. Norabide horretan, turismo sostengarria kontzeptua gure egunerokoan sartu da eta askok marketing estrategia bezala erabiltzen dutela esan genezake. Zer izango litzateke turismo sostengarria, ze elementu barnebildu beharko lituzke eredu batek sostengarria izateko?

“Turismo iraunkorrak, iraunkortasun ekologiko, sozial eta ekonomikoari erantzuteko ardura du”

Gizartearen beharrei erantzuteko garatzen den turismo eredua litzateke, gure ustez, eta lekuan lekuko egoera zehatzera egokitu behar dena. Definizio orokor gisa, turismo iraunkorrak,  iraunkortasun ekologiko, sozial eta ekonomikoari erantzuteko ardura du, baina ezin dugu ahaztu turismoaren industria garatu gabe zegoen herrialdeetarako sortu zela hasieran eta beraz,  gure gizarte ereduan txertatzeko ezinbestekoa dela dimentsio sozial, kultural eta ekologikoak aintzat hartzea. Hau honela, gure ustetan ezin dugu turismo iraunkor bakarraz eta bera osatzen duten elementu finkoez hitz egin.

Aipatu bezala, eta definizio orokor gisa, turismo iraunkorrak elementu hauek barnebiltzen ditu:

  • Turismo iraunkorrak inguru ekologikoarekin bat egin behar du, oinarrizko prozesu ekologikoetan lagundu eta aniztasun biologikoa eta inguruaren kontserbazioan eraginez. Maiz inguru naturalak bisita motibazio nagusia direla gogoan izan behar dugu.
  • Gizarte anfitrioien berezkotasun soziokulturala errespetatu, bere erakargarritasun kulturak eta arkitektonikoak babestu eta interkulturalitatearen tolerantzian eragin behar du.
  • Epe luzerako bideragarritasun ekonomikoa bermatu behar du, aberastasunaren banaketa orekatua bultzatu, lan aukera iraunkorra edo epe luzekoak eskaini eta pobrezia gutxituz zerbitzu sozialen hobekuntzan eragin.

Bizibizikik dimentsio instituzionala edo gobernantza eredua ere  gehituko luke, ezinbestekoa baita paradigma berri bat mahai gaineratzea turismo iraunkorraren klabeetan lan egiteko.

 

Turismoaren inguruko eztabaidak ixteko gehien erabiltzen den argudioetako bat enplegua eta aberastasuna sortzen duela da, baina oro har, sortzen duen enplegua tamalgarria da, eta aberastasuna oso gutxiren artean banatzen da. Ze bitarteko jar daitezke turismoak herritarrontzat onuragarria izateko? Posible al da hori?

“Herritarrak turismoaren industrian subjektu aktiboak gara eta, beraz, parte hartzea bultzatzea ezinbestekoa da”

Herritarrentzako onuragarria den turismoak, lehenik eta behin, herritarren parte hartzea behar du. Herritarrak turismoaren industrian subjektu aktiboak gara eta, beraz, parte hartzea bultzatzea ezinbestekoa da. Bestetik, eta aurretik aipatu bezala, herri bakoitzari egokitutako turismo eredua bultzatu beharko litzateke eta ez eredu bakarra, inguru naturala, soziala, kulturala, ekonomikoa edota instituzionala ezberdinak diren heinean.

Bestalde, planifikazio turistikoa klabe iraunkorretan bultzatzea ezinbestekoa izango da eta eredu kolaboratzaileetan oinarritutako esperientziak mahai gaineratzea. Baita tokiko enpresa txikien behar eta interesi begira lanean aritzea ere.

Bai, posible da, baina turismoa herritarren zerbitzura eta interesetara jartzeak gure irakurketak herritarren beharrizanetan oinarritzea eskatzen du, eta ez soilik bisitarien kopuruan edota indikatzaile ekonomikoetan. Ikuspuntu honetatik, gobernantza ereduak ere ezinbesteko papera izango luke.

 

talaia06 bizibiziki

 

Herritarren zein tokiko administrazioen parte hartzea oinarri izan duten proiektu desberdinak gidatu dituzue. Zergatik jotzen dute zuengana batez ere? (masifikazioa, auzokideak molestatzea…?) Ze parte hartze eduki beharko lukete herritarrek eurei eragingo dien turismoaren diseinuan? Jar dezakezue adibideren bat?

Proiektu ezberdinak garatu ditugu, baina gehienak turismo estrategia berriak martxan jartzeko izaten dira. Hala ere, azkenaldian inguru masifikatuetan bisitari eta bertakoen arteko kudeaketa edota inguru naturalaren azterketak ere burutu ditugu. Instituzioek eta jendarteak turismoaren inguruko kontzientzia eta ezagutza handiagoa dutenaren seinale garbia da eta turismoak sortu ditzakeen kalteak ere irudikatu daitezkeela orain.

Diseinuari dagokionean, eta arestian aipatu bezala, ezin dugu herritarren parte hartzerik gabeko estrategia iraunkorrik irudikatu. Aurrera eramandako proiektu edo prozesuetan, erantzuna oso ezberdina izan da esperientzia bakoitzean. Bisitarien inguruan arazoak sortzen diren herrietan, hala ere,  parte hartzea altuagoa izaten da, normalean.

 

Hizkuntza eta kultura gutxitu bat da gurea. Ze onura edo kalte ekar diezazkioke turismo eredu honek? Nola saihestu kultura edo folklorea merkantzia bihurtzea, turismoa erakartzeko ekimen desberdinetan egin den bezala?

“Kultura gutxituen testuinguruan, turismo iraunkorra izan daiteke turismo aukera posible bakarra”

Kultura gutxituen testuinguruan, turismo iraunkorra izan daiteke turismo aukera posible bakarra, baina honek ere bere mugak eta kezkak mahai gaineratzen ditu. Euskara eta euskal kultura, kultura biziak dira eta horrek erakargarritasun berezi bat sortzen du egun. Ezinbestekoa da, beraz, kultur espresio ez materialen eta turismoaren arteko harremanak tentuz lantzea. Kontuan izan behar dugu  elkarte kultural eta sozialak direla ondare ez materialaren kudeatzaile nagusiak, eta beraz, kudeaketa eta kooperazio harremanen ikuspuntutik lantzea ezinbestekoa izango da.

Euskarari dagokionean, argi dago turismoak beste hizkuntzen presentzia areagotzen duela gure herrian eta asko antzematen da herri txiki euskaldunetan ere. Zenbait herritan euskara turismoaren erdigunean kokatzeko lanean ari dira eta iniziatiba ezberdinak sortu dira zentzu honetan.

 

Ingumenari egindako kaltea da turismo eredu honen beste korapiloetako bat. Nola eman diozue buelta edo ze hausnarketa eman dituzue proiektu desberdinetan?

“Inguru naturala eta aisialdiaren inguruko kudeaketaren inguruan kezka handia dago egun eta turismoak hemen duen papera zehaztea ezinbestekoa da”

Buelta eman baino, gure lanaren erdigunean kokatzen dugu eta horrek errealitate horri erantzuteko aukera eskaintzen digu. Erdigunean kokatzeak bestalde, turista kopuruari erreparatzea baino, gure ondarearen egoera eta ezagutzan oinarritutako irakurketa egitea dakar eta oraindik oso urruti kokatzen gara errealitate horretatik. Karga gaitasunaren kalkulua azken helburua ez bada ere, inguru naturalen kontrolerako oinarri bezala izan dezakegu.

Bestalde inguru naturala eta aisialdiaren inguruko kudeaketaren inguruan kezka handia dago egun eta turismoak hemen duen papera zehaztea ezinbestekoa da. Natur ingurune babestuak (eta ez babestuak ere) ulertzeko moduak aldatu egin dira eta garapen iraunkorrerako elementu sozial eta kulturalak ere beharrezkoak dira. Testuinguru honetan, turismo iraunkorra aukera bezala aurkezten da, baina ingurunearen babesarekin uztartzea ezinbestekoa da. Ikuspuntu honetatik, kudeaketa eredu berriak mahai gaineratzea garrantzitsua da.

 

Zuen ustez, gure berezitasun eta baliabideak aintzat hartuta, zeintzuk dira Euskal Herrian turismo sostengarria bultzatzeko gakoak? Turismo sostengarria posible al da?

Lehenengo gakoa lurraldea bera prisma iraunkorrez lantzea da eta iniziatiba pribatu edo publiko iraunkorraz harago, jomuga turistikoaren iraunkortasuna lantzea. Honek, jomuga turistikoa herritarren beharrei erantzuteko zuzendua dagoela esan nahiko du, eredu inklusibo eta irisgarria bultzatuz.

Bigarrenik, aurretik aipatutako dimentsio eta klabeak txertatzea ezinbestekoa izango da, Euskal Herria jomuga turistiko bakarraz irudikatzearekin batera. 

Idurre Lucas Ezkioga
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri