Talaiaren 19. alea duzu esku artean, gogoetarako gunea; argitalpen bat ez ezik, hausnarketa eta eztabaidarako espazio ere izan nahi duena. Talaia, LABeko Ekintza Sozialeko egiturak eta Ipar Hegoa Fundazioak formazio sindikal, politiko eta sozialerako egiten duten eskaintzaren parte da.
Ale honetan espetxea hartu dugu eztabaidagai, une politiko berezian. Momentu berezia da, batetik, urte luzeetan sufritutako dispertsio politika bukatu ondoren euskal preso politikoak Hego Euskal Herriko espetxeetan daudelako. Bestetik, espetxeen eskuduntzak EAEra transferitu berri direlako. Eta, azkenik, ezker independentismoa gobernu ardurak hartzeko prestatzen ari delako. Horrenbestez, testuinguru politiko berrian, LABek espetxeen gaiari nondik heldu gogoetatzen laguntzeko ekarpen bat izan nahi du Talaia honek.
Horretarako, beti bezala, gaiaren inguruko begirada ezberdinak gurera ekartzen saiatu gara, eztabaida pizten eta osatzen lagundu nahian. Hasteko eta behin, begirada feminista eta antipunitibistatik, espetxe abolizionismoaz hitz egiteko Estibaliz De Miguel soziologoa elkarrizketatu dugu. Horrez gain, Cesar Manzanos ikertzaileak idatzitako artikuluak, EAEk espetxe-eskumenak eskuratu zituenetik Jaurlaritzak garatutako politikei kritika zorrotza egiten die. Gabi Mouescak, euskal preso politiko ohia eta OIPeko lehendakari ohia, aldiz, Frantziako espetxe sistema aztertu eta espetxeen aboliziorako bidean jorratu beharreko pausoak azaldu dizkigu.
Euskal Herriko begirada nazioarteko beste askapen-mugimendu batzuen esperientziekin elikatzeko, Ana Juanche, Uruguaiko Frente Amplioren gobernu berriko kidea, elkarrizketatu dugu. Horrela, Uruguain azken hamarkadetan garatutako espetxe-politika ezberdinetatik irakaspenak gurera ekartzen saiatu gara.
Bukatzeko, gomendioen atalean, Iratxe Delgado LABeko Ekintza Sozialeko kideak Angela Davisen Abolizioa. Politika, praktikak, promesak liburuaren erreseina egin du, Davisek espetxearen inguruan dituen ideia nagusiak laburbilduz.