Talaia 13 Etxebizitza, bizitza duinerako giltza

Talaiaren 13. aldizkaria publikatu berri dugu; argitalpen bat ez ezik, hausnarketa eta eztabaidarako espazio ere izan nahi duena. Talaia, LAB-eko Ekintza Sozialeko egiturak eta Ipar Hegoa Fundazioak formazio sindikal, politiko eta sozialerako egiten duten eskaintzaren parte da.

Ale honetan etxebizitzaren gaiaren inguruan jardungo gara, langileen bizi baldintzetan izugarrizko eragina izaten ari den problematikaz, hain zuzen ere. Hasteko, Alemanian bizi den Jonan Lekuek iaz Berlinen egin zen erreferenduma aztertu, eta aurrera begira aurreikusten diren erronkak laburbildu dizkigu. Nazioarteko esperientziekin jarraituta, Italiako ASIA-USB sindikatuko kide den Angelo Fascettik etxebizitzaren problematika ekintza sindikalean barnebiltzeko egin duten prozesua kontatu digu. Eta Leonor Canadasek Global Climate Jobs-en baitan etxebizitzen errehabilitazioari begira duten kanpainaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Horrez gain, etxebizitzaren problematika Euskal Herrian langileok nola bizi dugun aztertu dugu, Irune, sektore feminizatu bateko emakume* langileari, Xabi, gizarte langilea den gazte donostiarrari, Angel, Santurtzin alokairuan bizi den pentsiodunari eta, Soledad, duela 3 urte Perutik Bilbora etorritako emakume* migratuari ahotsa emanez. Gainera, gure hirietara iristen ari den gentrifikazio fenomenoaz hitz egin digute Maddi Arrieta eta Eihar Egañak, Lisa Vollmeren Estrategias contra la gentrificación liburuari erreseina eginda. Eta, horiei, azken hilabeteetan eztabaidagai diren etxebizitza legeen inguruko analisi bat gehitu diegu.

Bukatzeko, sindikatuan gai honen inguruan garatzen ari diren dinamiken inguruko hausnarketak ere jaso ditugu. Alde batetik, Argitxu Dufau Ipar Euskal Herrian martxan den etxebizitza eskubidearen aldeko dinamikaren egungo egoeraz mintzatu zaigu, eta, bestetik, Iratxe Delgadok Ekintza Sozialetik etxebizitzaren gaiaz duten gogoeta luzatu digu.

Talaia 13 Etxebizitza, bizitza duinerako giltza
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri