Talaia 15: pobretze orokortua

Talaia aldizkariaren 15. zenbakia inprentatik jaso dugu aste honetan. LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko egiturak eta Ipar Hegoa Fundazioak elkarlanean egiten dugun aldizkariaren zenbaki honetan pobretze orokortuaz eta pobretze estrategiez aritu gara.

 

Hasteko eta behin, Javier Gil ikerlari eta aktibistarekin etxebizitzaren inguruan mintzatu gara, gaur egun pobretze elementu nagusienetakoa baita. Nerea Kortajarena EHbilduko legebiltzarkideak aldiz, pobreziaren aurkako politika publikoez idatzi du. Gainera, Luci Cavallero soziologa feministak feminismotik eta latinoamerikatik krisi sozioekonomikoaz egiten duen irakurketa igorri digu. Bestalde, Mariana Urcuyo eta Txefi Roco LABeko kideek sindikatuak azken urteetan sektore pobretuak sindikalizatzearen alde egin duen ibilbidea azaldu dute. Igor Arroyo LABeko Koordinatzaile orokorrak, aldiz, sindikatuak egungo koiunturaz egiten duen irakurketa eta ditugun erronka nagusiak azpimarratu ditu.


Horrez gain, ekintza sozialaren ikuspegitik pobretze estrategien aurka borroka ideologikoaren baitan eman beharreko batailaz hausnar­tzeko tartea ere hartu dugu. Jarraian, LABen programa sozioekonomikoaren oinarria den banaketa hirukoitzean sakondu dugu, aberastasunaren banaketan jarriz fokua. Eta, amaitzeko, gomendioen atalean Mikel Álvarez 'Betelu'k LOS OLVIDADOS (2022) Marginalidad urbana y fenomeno quinqui en españa (1959-1982) liburua erreseinatu du, pobrezia, hirigintza eta kinki deritzon gazteen azpikultura lantzen dituena.

Talaia 15: pobretze orokortua
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri