Ikusmiran 13. egoeraren azterketa 2023ko apirilean

2023ko apirilean egoeraren azterketa

EH-ko egoera sozioekonomikoa aztertu dugu Ikusmiran azterketaren 13. zenbakian.
Azterketa honetan, aurretik datorren egoerak bere horretan jarraitzen du, eta esan dezakegu:

  • Egungo arazo sozioekonomikoak ez direla ausazko egoera isolatuak.
  • Krisi bat bestearen atzetik kateatzen ari gara, krisia “gainditu” arren, egoera ez da lehengoratzen. Krisiaren ondoriozko baldintza berriak, ordenamendu soziopolitiko zein ekonomikoan instalatuak gelditzen dira.
  • Honek bi mailatako ondorioak dakartza: 1) herritar guztion bizi baldintzak kolokan jartzea eta 2) baldintza zaurgarriagoak dituzten kolektiboetan inpaktu negatiboa handiagoa izatea
  •  Gero eta herritar gehiago daude egoera zaurgarrian, inolako heldulekurik gabe eguneroko bizitzari aurre egiten.

 

Gainera, azterketatik lau ondorio nagusi hauek atera ditzakegu:

  1. Hego Euskal Herriko ehun ekonomikoaren ahultze-joera mantentzen da. Industriaren bilakaera negatiboa konstante bat da. Zerbitzuetan oinarrituriko ekonomia eredua da nagusi izateaz gain, eredu horretan sakondu eta egiturazkoa bilakatzeko hautua egina dagoela berresten digute aztergai izan ditugun adierazle zein joerek.
    • Manufaktura industria deslokalizatzearen ondorioz 2021-2022 artean galdu ziren 12.700 lanpostuak errekuperatzetik urrun gaude.
    • Afiliazioa gainbeheran dago industria sektorean (2009tik %11,30 jaitsi), zerbitzuetan goranzko joera iraunkorra den bitartean (%16,35 egin du gora afiliazioak).
    • Industriak Barne Produko Gordinean (BPG) duen pisua nabarmen igo bada ere (2019an BPG-aren %2,47ko hazkunde nominala izan zuen industriak, 2022an %15,75ko hazkundea izatera pasa da), energia enpresa handien irabaziek ekarri dute sektoreak BPGan duen igoera. Irabazi horiek ez dutela zerbitzu publikoetan inolako itzulerarik.
    • Zerbitzu sektoreak BPGn duen pisua handituz doa (2008.urtean BPGaren %54,89a izan bazen, 2022.urtean %60,19 izatera igaro da).

Zoritxarrez, ez dago horri aurre egiteko inolako politika publikorik Euskal Herrian. Instituzio nagusien aldetik (Estatuetako Gobernuek, administrazio autonomikoek, Aldundiek… ) ehun industrialaren desegitearen aurrean arduragabe jokatzen dute eta zerbitzu ekonomiaren aldeko apustu ekonomiko zein politikoa egiten dute.

 

2. Erabaki politikoek ez dute zuzentzen lan merkatuan dagoen arazo estrukturala

Neurri ekonomikoek ez dituzte zuzendu kontratazio edota lan merkatuko egiturazko arazoak. Zehazki, espainiar Estatuko lan erreformak ez du bermatzen kalitatezko enpleguaren sorrera. Enpresariek (eta patronalak) legearen zirrikitu agerizkoak baliatu dituzte langileon prekarizazioa indartzeko.

    • Kontratu mugagabeen kopuruak gora egin badu ere, aldizkako finkoen kontratazioa ia bikoiztu izana kezka iturria da. 2019an kontratu mugagabe guztietatik %2,54a aldizkako finkoak ziren bitartean, 2023ko 2.hilabetean %5,01 izatera iritsi dira). Ezegonkortasuna faktore nagusia den prekarietate forma berri honen ugaritzea gertatu da, aldizkako prekarioak.
    • Langabeziak, bestalde, gora egin du (emakume, gazte eta estatutik kanpo jaiotakoen tasa batezbestekotik gora daude).

 

3. Indarrean dauden politika fiskalek enpresen mozkinak babestea dute helburu

Indarrean dagoen politika fiskalak zerbitzu publikoen murrizketarako kultura berri bat ezarri nahi izatea indartu dezake. Aberastasuna Europar Batasunaren gainetik sortzen da, baina presio fiskalaren errealitateak (Suitza eta Irlandaren pare) eta praktikan sozietateen gaineko zergen inexistentziak dakarte ez dagoela sortzen den aberastasunaren birbanaketarako politikarik, enpresarien mozkinak babesten dira. Beraz, gutxi batzuek kapitala metatzen jarraitzen dute, kapital eta lan errenten arteko arrakala handituz. Egiturazko arazo baten aurrean gaude.

    • Hego Euskal Herriko BPG per capita, Europako beste herrialdeekin alderatuz gero, gure ingurune hurbilean baino aberastasun gehiago (espainiar estatua, kasu) sortzen ari da, gure eremu geopolitikoaren batezbestekoaren gainetik (Europar Batasuna).
    • 2021.urtean zerga eta gizarte kotizazioetatik diru gehiago bildu arren, BPGaren araberako tasak behera egin du (EAEn %32,7tik %30,6ra jaitsi da eta Nafarroan %30,9tik %28,8ra). Hego Euskal Herriko presio fiskalak (%30,2), behera egin du, Europako batezbestekoaren (%40,6) oso azpitik kokatuz
    • Zerga bidezko diru-sarrerak nondik eskuratzen diren aztertzen badugu, ordea, enpresen irabaziak babesten dituen zerga-politika ez dela progresiboa argi ikus daiteke:
      • Enpresen irabaziengatik Hego Euskal Herriko presio fiskala %1,2-koa da, EBko batezbestekoaren azpitik (%2,9)
      • PFEZaren bilakaera aztertzen badugu, Europarekiko aldea oso handia da (2021.ean Hego Euskal Herrikoa %7,3koa zen, EB27-koa %9,8koa)

4. Ekoizpen eta kontsumo ereduak eragin negatibo ugari eta eustezinak sortzen ditu

Aurreko Ikusmiran-etan egin bezala, Ingurumen adierazleei tartea eskaini diogu.

  • Instituzioek egiten dituzten Berotegi Efektuko Gasen (BEG) isurketen inbentarioen arabera, isurketa gehieneko sektoreak energia, industria eta garraioa dira. BEG isurketak azken 30 urteetan izaniko bilakaera aztertu dugu eta 3 sektore hauen isurketen kopuruan apenas aldaketarik izan den.
    • EAEn %0,81 eta Nafarroa Garaian %1,97 besterik ez dira murriztu.
      Airearen kalitatea, 3 sektore hauen presentzia handiagoa den zonaldeetan kaxkarragoa da.
  • Larrialdi klimatikoaren alarma guztiak piztuta, egoera kezkatzekoa da eta BEG isurketen murrizketa ahalbideratzeko politika publikoak garatzea lehentasunezkoa dela uste dugu.
Ikusmiran 13. egoeraren azterketa 2023ko apirilean
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri