Talaiaren 20. alea duzu esku artean, gogoetarako gunea; argitalpen bat ez ezik, hausnarketa eta eztabaidarako espazio ere izan nahi duena.
Ale honetan sindikalismoaren eta aldaketa politikoaren arteko harremana aztertuko da, askapen mugimendua fase politiko berrirako berregituratzen ari den unean. Hau da, askapen prozesuaren fase berrian sindikalismoak bete beharreko funtzioez gogoetatuko da. Horretarako, hiru bloke nagusitan bildu dira sindikalismotik mahai gainean ditugun erronkak.
Hasteko, euskal prozesu politikoaren garapena aztertu da, lurraldez-lurralde. Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian azken hamarkadaren balorazioa egin eta aurretik ditugun erronka eta eginbeharrak planteatu ditugu, Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramaleen eskutik.
Bigarrenik, nazioarteko hiru askapen mugimenduren eredu politiko-organizatiboak aztertu ditugu, Euskal Herrian irekitzen ari garen fase politiko berriaren nondik norakoez gogoetatzen lagunduko digutelakoan: Hegoafrika, Uruguai eta Zipre. Asmoa, hiru prozesu politiko horietan sindikalismoak jokatzen duen funtzioa aztertzea izan da, guretzat baliagarriak izan daitezkeen ikaspenak atera asmoz, ondo egindakoez ikasi eta korapilo nagusiak identifikatzeko saiakera eginda. Horretarako hiru kasuak aztertzen dituen erreportaje eta infografia bat osatu ditugu.
Azkenik, estatugintzak, estatu egiturek, instituzioek... askapen eta eraldaketa prozesuetan jokatzen duten paperaz hausnarketa gaurkotu dugu, parte hartze eta interpelazio instituzionalean arreta berezia jarrita. Ildo horretan Jule Goikoetxearen elkarrizketa jaso dugu, estatuaren irakurketa feminista egiteko. Bestalde, Alvaro Garcia Lineraren El concepto de Estado en Marx liburuaren erreseina egin dugu, estatuak eraldaketa prozesuetan jokatzen duen paperaz eztabaidatzeko. Eta, bukatzeko, LABen parte-hartze eta interpelazio instituzionalaren ildoaz ere jardun gara.
Gai guzti horiek kokatu eta LABen posizioaz hitz egiteko editoriala idatzi eta LABen koordinatzaile orokorra den Igor Arroyo elkarrizketatu dugu.





